Martinika, 1679. Esklabo-ontzi bat hondoratu zen uhartearen parean, eta esklabo afrikar batek –haren izenik ez da gorde– 60 ordu eman omen zituen igerian lehorrera iritsi arte. 300 urtetik gora beharko zituzten zuriek marka hura ofizialki berdintzeko.
1831n, Tice Davids izeneko Kentuckyko esklaboak Ohio ibaira bota zuen bere burua, ihesi egin nahian. Jabea ontzi baten ibili zen hari segika ibaian behera, esklaboa begien bistatik galdu eta hiltzat jo zuen arte. Baina igerilariak Ripleyra (Ohio) onik iristea lortu zuen.
1884an europar jatorriko kolono batek afrikar bat marraztu zuen igerian. Marrazkian ikus daitekeenez, afrikarra australiar crawl estiloan ari da. Kontua da australiar crawla ia hogei urte geroago “asmatuko” zutela Cavill anai-arreba australiarrek; berez, amerikar indigenek, hala nola yamanek, onek eta tehuelcheek, erabiltzen zuten besokada Salomon uharteetan erabili ohi zuten ostikoarekin egokituta osatu zuten estilo bizkor eta eraginkorra, hasieran Mendebaldean igeri egiteko modu barbaro eta ez-europartzat jo zutena.
Pasadizo horiek guztiak eta beste batzuk bildu zituen Lee Pitts Jr. igeriketa irakasleak 2007an, Black Splash: The History of African-American Swimmers (Zipriztin beltza: igerilari afrikar-amerikarren historia) izenburuko artikuluan. Eta bilduma horretatik zera ondoriozta daiteke: afrikarrak oro har igerilari bikainak zirela, eta beltz-tratulari eta esklabo-jabeek dirua galtzen zutela trebetasun hori dela eta.
Hala, salgai bizidunek uretan ihes egin ez zezaten metodo eraginkorrak jarri zituzten martxan. Esklaboek urari beldurra izan ziezaioten, besteak beste, esklabo managaitzak uretan murgiltzen zituzten ia ito arte, eta uretan bizi ziren kreatura beldurgarriei buruzko istorioak zabaldu zituzten. AEBetan, Sezesio Gerra bukatuta (1861-1865), esklabotza abolitu zuten, baina ordainetan Jim Crow legeak edo segregazio legeak abiarazi zituzten. Eta indarrean egon ziren 1890eko hamarkadatik 1965 arte. Kostaldeko gune turistiko nagusietan sarbidea ukatu zitzaien beltzei eta aurrerago, igerilekuak hedatu zirenean, Whites only (Zuriak baino ez) kartela ipini zieten instalazio horiei ere.
Beltzen eta uraren dibortzio induzitu horri oinarri zientifikoa ematen ahalegindu zenik ere izan zen. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan egindako zenbait ikerketak zioten atleta beltzek oro har zuriek baino gantz gutxiago dutela eta, gantzak flotagarritasuna ematen duenez, beltzak ez direla igeriketarako egokiak.
Zorionez, hipotesi horiek berehala gezurtatu zituzten. Zoritxarrez, ordurako urarekiko beldurra barneratuta eta errotuta zegoen beltzengan; igerian txarrak direla sinetsita zeuden. 2016ko Rioko joko olinpikoetan, Simone Manuelek bi urrezko domina eta beste bi zilarrezko irabazi zituen; banakako proba olinpiko bat irabazi zuen lehen igerilari beltza izan zen. Baina, AEBetako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroen sarearen arabera, herrialde horretan urtero itotzen diren bederatzi pertsonatik hiru baino ez dira zuriak, populazioaren %64 inguru izan arren.