"Beti egon da herritar zientzia, baina iraultza handia dago sakelakoei eta interneti esker"

  • Aitana Oltraren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Are gehiago, herritarrek politika publikoetan eragin dezaketela uste du Oltrak. Urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.

“Espezie inbaditzaileen kudeaketa eta osasun publikoa” hitzaldian Mosquito Alert proiektuaren esperientzia ekarri zigun Bilbora Aitana Oltrak. (Arg.: Aritz Loiola)
“Espezie inbaditzaileen kudeaketa eta osasun publikoa” hitzaldian Mosquito Alert proiektuaren esperientzia ekarri zigun Bilbora Aitana Oltrak. (Arg.: Aritz Loiola)

Zer da herritar zientzia?

Herritarrek era aktiboan esku hartzen duten zientzia. Herritarrak sentsore edo datu biltzaile moduan aritu daitezke. Sentsore moduan esku hartze pasiboagoa da, adibidez, hirian zarata neurtzeko helburu hutsa duen aplikazio baten kasuan, baina gure kasuan eltxo batzuen bila zoaz eta aurretiazko jakintza behar duzu, eltxoa ezagutzeko gaitasuna, eta ondoren bila abiatuko zara.

Smartphoneei esker egin daiteke herritar zientzia egun.

Beti egon izan da herritar zientzia, baina iraultza handia dago sakelakoei eta interneti esker. Kamera, audioa, kokapena, azelerometroa… Oso baliagarriak dira. Badira beste herritar zientziako proiektu batzuk “zuk zeuk egin” filosofiarekin. Kit bat muntatu eta meteorologia estazioa ezar dezakezu etxean.

Eta zuek tigre eltxoaren kasurako egokitu duzue herritar zientzia. Zer da tigre eltxoa?

2004an Espainiara heldutako espezie inbaditzailea da Aedes albopictus. Jatorriz Asiako eki-hegoaldekoa da, baina lurralde berrietara zabaltzeko gaitasun handia du eta Mediterraneoko kostalde osoa hartua du dagoeneko. Hemengo eltxoak ez bezala, egunez ibiltzen da ziztadak ematen, ziztada ugari eta mingarriak ematen ditu eta hiriguneak atsegin ditu. Bizi kalitatea urratzen du eta gaixotasun batzuen hedapenerako bektorea izan daiteke, denge edo chikungunya sukarra kasu. 

Gaixotasun horiek ezin dira zabaldu eltxoa ez badago?

Ez. Eltxoen bidez zabaltzen direnak arbobirusak dira: eltxoa ez badago, gaixotasuna ez da hedatuko. Biak behar dira, gaixotasuna eta bektorea, horregatik da garrantzitsua eltxoak kontrolatzea.

Mugatu dezakegu eltxoaren zabalkundea?

Bai, beraren hedapenerako erraztasunak murriztuz. Ur geldia dagoen guneetan erruten dute; zoritxarrez, oso ontzi txikietan ere ugaldu daitezke, eta horrelakoak ugari dira lorategi, parke eta patioetan. Zorionez, herritarrek eta administrazioak jakitun egonez gero, horrelako guneak eta putzuak kendu ditzakete.

Eta Mosquito Alert aplikazioak datu horiek bidaltzea ahalbidetzen du?

Bi gauza bilatzen ditugu: errute guneak eta helduak, eta kokapenaz gain argazkia bidal daiteke. Argazkirik ez duten datuak estatistika moduan tratatzen ditugu, eta argazkia dutenek balio handiagoa dute. Sinesgarritasuna da herritar zientziak duen arazoetako bat, ez jendeak gezurra esango duelako, datuak oker egon daitezkeelako baino. Estatistikaren bidez emango diegu datu horiei fidagarritasuna, batez bestekoa kalkulatuz.

Eltxoaren zabalkundeaz datuak emateaz gain, herritarrek ezin dute beste ezer egin?

Bai, herritar zientzia kudeaketan integratu. Ingurugiroaren kudeaketan eskumenik ez duten ikerketa guneek bultzatu dute proiektu hau, baina hasieratik gure asmoa izan da eragin dezaketen administrazioei helaraztea datuok. Udalak, autonomia erkidegoak, administrazioentzat lan egiten duten enpresak… Eskumenak banatuta daude eta ez da erraza kontua. Bizpahiru udal handirekin lortu dugu koordinazioa. Bartzelonako Udalean, kasu, osasun publikoaren agentziak datuen egiaztatze taldean parte hartzen du.

Izurriteen datuak hedatzeak, datuak zabaltzeak... Administrazioen mesfidantza sor dezake.

Beldurra ulergarria da, dena ustez kontrolpean zutela Pandoraren kutxa zabaldu genuen neurri batean, datuak mapa publikoetan zeuden arren. Saiatu gara mezu positiboa sortzen, ez gaude administrazioa izorratzeko, batera borrokatzeko baino. Udal batzuek ukatu egin zuten hasieran eltxoaren presentzia, batez ere turismo handiko guneetan, baina jendeak argiro ikusten duen hori ukatzeak are gehiago kaltetzen zuen euren irudia. Proiektuaren webgunean, datuak jendearen esku jartzeaz gain, babes neurriak ere eskaintzen ditugu.

Haurrekin ikasgeletan arrakastaz egin duzue herritar zientzia esperientzia eltxoarekin. Nola?

Saiatu gara metodo zientifikoa lan tresna bezala garatzen eskolan, aplikazioak lagunduta, baina ikasleei galderak eginda. Adibidez: badira nire herrian tigre eltxoak hazten diren toki asko? Galderari erantzuteko lan metodoa garatu eta datu bilketa egin behar izan dute. Guk tresnak eman dizkiegu, aplikazioa eta datuen bilketa behar bezala egiteko jakintza. Profesionalek bezala egiten ikasten badute, bihar-etzi oso baliagarria izango zaie pentsamolde hori menperatzea.

Hemen liztor asiarra dugu, baita landare inbaditzaile batzuk ere. Antzeko proiektuak daude horien inguruan?

Euskal Herrian EEIKO dago, enpresa pribatu batek sustatua, batez ere panpa-lezkarekin eta beste landare batzuekin ari dena lanean; liztor asiarraren inguruan VespAPP dago Balearretan, baina egokitu liteke honako; Natusfera sortu du CREAF zentroak... Zerrenda amaiezina da.

Jendetzaren jakituria

“XX. mende hasieran, abere azoka batean behi baten pisua asmatzeko erronka bota zuen saltzaile batek. Behiaren pisua inork asmatu ez bazuen ere, antropologo bat konturatu zen egindako apustu guztien batez bestekoa asko hurbiltzen zela behiaren egiazko pisura. Hortik atera zen jendetzaren jakituriaren teoria, herritar zientzian maiz aplikatzen dena. Esaterako Moonzoo proiektuan, NASAk denen esku jarri zituen ilargiaren argazki batzuk eta herritarrei eskatu zien kraterrak identifikatzeko. Jende askok eginez gero, emaitza errealitatera hurbilduko da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biologia
Intsektuen apokalipsia antropozenoan

Galdera da ea edozein zibilizaziok gupidarik gabeko gerra egin dezakeen bizitzaren aurka, bere burua suntsitu gabe eta zibilizatua deitzeko eskubidea galdu gabe”. 1

Sei hamarkada igaro dira Rachel Carsonek bere Silent Spring (Udaberri isila) liburu bikaina idatzi... [+]


Cristina Claver.
"Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da"

Cristina Claver-ek (Bilbo, 1996) Biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Italiara joan zen Erasmus egitera, eta gero, itsas baliabide biologikoen masterra egin zuen. Nazioarteko masterra zen eta Frantzian, Italian, Irlandan, Suedian eta Seychelleetan egon zen ikasten... [+]


Jon Luzuriaga
"Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua"

Jon Luzuriaga Gonzalez (Oñati, 1989) Biokimikan lizentziatu zen (2012) eta ikerketa Biomedikoan egin zuen masterra gero (2013); biak UPV/EHUn. 2018. urtean Biomedikuntzan doktoratu zen eta doktoratu osteko ikertzaile bezala egon ondoren, irakasle bezala dihardu UPV/EHUko... [+]


Alicia Gascon
"Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu"

Alicia Gascon Gubieda (1993, Muxika) Biokimikan graduatu zen 2015ean. Gero, Erresumara Batura jo zuen biologia zelularrean espezializatzeko 2015-2021 urteetan, eta orain, UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan.


Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare

Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala sortu ziren hura erregulatzeko arauak. Atzetik etorri ziren gero, ordea, arau-hausteak, herritarren... [+]


Eguneraketa berriak daude