argia.eus
INPRIMATU
Plazan dantzan
Irati Elorrieta 2016ko azaroaren 03a
Antton Olariaga

Irudi batzuk dantzan jarri zaizkit buruan, komunitatearen ideiaz gogoeta egitera naramatenak. Zuekin konpartitu nahi ditut hemen irudi eta gogoeta horiek. Xumeak, egunerokotasunean kokatuak.

Plaza bat dago zentroan. Izena, ez dut esango; plaza asko dagoelako eta bakoitzak nahi duen izena jarri diezaiokeelako. Plaza honen bueltan, bankuak daude. Eguerdi aldera hurbiltzen dira lehenak. Kostata iristen dira haraino gehienak. Gurpil-aulkietan hiruzpalau. Aulki horiek bultzatzen, senarra, alaba, langile boliviarra. Batek alzheimerra du hamar urtean, beste batek gaixotasunaren lehen ziztadak. Bati hanka falta zaio, bestea makilaz lagunduta ibili da oraintsu arte. Batzuk isilik, baten bat gerrako istorioak kontatzen; honek ez du entzuten, tarteka begirada galtzen du hark. Zuek ere ezagutzen dituzue; beste plaza batean. Ondoen daudenek (zaintzaile zereginean dauden senideek batez ere) berbeta dinamizatzen dute, han egoteari onena ateratzen saiatzen dira. Ahal dutenean, horretarako indarra dutenean. Eta ez dutenean, beste norbaitek hartu behar du txanda. Gaur zuri, eta bihar neuri. Paseoan datozenak edo erosketak egitetik, ile-apaindegitik, plaza zeharkatu eta hurbilduko dira agurtzera, bromaren bat edo laztanen bat egitera. Propio dator norbait bisitan, bonboiekin. Egun batzuetan norbaiten bilobak edo birbilobak agertuko dira plazan, musuak banatuko dituzte, bostekoak eman bizikleta gainetik, negarraldi bat egin handik jaustean. Denok dakizue zer dakarren horrek plazara.  

Ezagutuko duzue plaza, bakoitzak bere berezitasunak dituen arren. Horrek, sahats bikote bat eta purpura koloreko aranondo multzo batez gain, zetazko akaziak ditu eta egun eguzkitsuetan plaza osoari itzala emateko altuera duen aretxa bat. Fruta-denda, harategia, arkupetako tabernetan garajeko kariñoa. Plazaren inguruan egiten du bizia auzoak. Auzo honetara bizitzera etorri ziren aitona-amonak eta komunitate baten kide egin ziren denborarekin, bertokotu. Harriduraz azaltzen zuten hori, jatorriz bertakoak ez zirelako. Ondoko bailaratik etorriak ziren, ez beste kontinente batetik!

Komunitatea bilatzea bizirauteko estrategia naturalena da. Honetaz ezer jakin gabe, instintu hutsez, atzerrira bizitzera etorri nintzenean, komuna batean sartu nintzen. Hogei heldu eta hamar bat haurrekin elkar bizitzera. Kasualitatea? Bai zera! Gaur, auzoko jendearekin hartu-emana bilatzen dut. Etxe berean bizi direnekin, beste guraso batzuekin, yogara doazen emakumeekin. Beste batzuk okindegian elkartzen dira, bazterreko tabernan, xake klubean, irakurle talde baten inguruan. Estrategia naturala izanagatik, ez baita berezkoa komunitatea. Egin egiten da, egunetik egunera eta, neurri handi batean, keinuen eta hitzaren bitartez.

Nire irudiak zuekin partekatuz, gonbidatu nahi zaituztet komunitate hitzarekin lotzen dituzuen zuon irudi pertsonalak gogora ekartzera. Komunitate horrek zer esan nahi duen eta zer ematen duen pentsatzera. Hain modu instintiboan egiten ditugun eguneroko gauza txiki horien kontzientzia hartuz. Komunitate hitzaren inguruko otoitz bat proposatzen dut. Eta oharkabean termino erlijioso bat infiltratu zaidanez, garai batean komunitateak egituratzeko horrenbesteko boterea zuen eliza hitza ere ekarriko dut. Plazatik hurbil, eliza sekular bat gehituko nioke irudiari. Hara, euria egiten duenerako.