“Lehen arbolantxan dena zen euskaraz, hika hitz egiten genuen”


0000ko ren 00an

San Justo bideko Atxetas baserrian jaio zen Manolo Legina, orain dela 91 urte, Begoñako lurrak Bilboko udalerriaren parte bihurtu ziren garai beretsuan. Auzoan izan diren aldaketen lekuko izan da soinujole beteranoa. Euskararen transmisioa bizi-bizirik zegoeneko garaiak gogoan ditu. Umea zenean Arbolantxan euskara entzuten ote zen galdetu eta berehala erantzun du: “Euskara entzun? Lehen hemen dena zen euskaraz! Gainera, hika hitz egiten genuen, badakizu, hik egin dok eta horrela”. Penaz dio gaur egun ez duela gazteen artean hika entzuten.

Txikitan gaztelaniaz ez zekiela ere azaldu du Leginak, “uste dut katezismoa ikastera Begoñara joaten hasi nintzenean ikasi nuela erdaraz”. Bilboko jatorrizko euskaraz hitz egiten duen hiztun apurretako bat da gaur egun. Hizkuntzalari batzuk ibili izan dira auzoz auzo hizkera hori aztertu nahian. Iñaki Gamindek, esaterako, Buian, Larraskitun eta Arbolantxan aurkitu zituen hiztun batzuk. Auzotik auzora desberdintasun txiki batzuk dauden arren, ikerketek garbi utzi dute Nerbioi ibarreko euskararekin duela lotura handiena Bilbokoak, hau da, Arrigorriaga, Basauri, Zaratamo eta Ugaokoarekin.

Sei hilez baino ez zen eskolara joan eta, kontatu duenez, Santa Marinako abadeak irakatsi zion Leginari idazten eta irakurtzen. Musikarako zaletasuna ere orduan sortu zitzaion, inguruko ospakizunetan: “Nik entzuten nuen trikitia eta pentsatzen nuen, ‘zergatik ez dut nik berdin egingo?’”. Besteei entzunda ikasi zuen soinua jotzen, “belarri ona nuen, eta memoria ona ere bai”.

Lehenengo soinua 16 edo 17 urterekin erosi zuela gogoan du Leginak, “15 pezetan erosi nuen, hiru ogerleko”. Harrezkero, Euskal Herria goitik behera ezagutu du, jairik jai. Ipar Euskal Herrian maiz ibili dela dio eta, beste muturrean ere, Karrantzan, makina bat aldiz alaitu ditu bazterrak. Ondo gogoan du Madrilera, Televisión Españolara joan zirenekoa: “Txilibrin albokaria, Guillermin de Artxanda pandero-jotzailea, Boni txistularia eta ni, laurok joan ginen, Euskadiren ordezkari”.

Arbolantxatik mundura, trikitia lagun, pasadizo andana ditu Manolo Leginak gogoan. Adibidez, trikitia ostu zioteneko estualdia. Ezagun bati esker, egun batzuk geroago berreskuratu zuen, baina badaezpada, bere izena idatzita darama orain erabiltzen duen soinuan. Txakolindegi zaharretako mahatsondoen itzalean entzuteko istorioak dira horiek, Bilboko berezko euskara bitarteko dela, hiriko porlanezko oihana begien bistan, hain hurbil eta hain urrun.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude