Jon Koldobika Agirregomezkorta gaztea joan den igandean itzuli zen Algortako etxera asteburua Lekorneko EHZ festibalean izan ostean. Lagunek zer moduz pasa duen galdetu diotenean “ondo” esan du. Crystal Fighters baino, Belako hobeto aritu zirela esatera mugatu da. Elkarrizketa pertsonalagoa eskaini dio ordea kazeta honi: “Oso triste nago. Esperantza handiak jarri nituen EHZn eta ez dira bete”. Jaialdiko giroarekin ez du kexarik, musika ere apartekoa, oso ondo antolatua dena eta gainera bertako produktuak %100. “Baina nik uste nuen ‘Talo eta xingar’ beste gauza bat  zela. Taloa jan eta gero… ba hori, ‘a txingar’”. Bere tristezia ez duela sexu grina asegabeak probokatzen argi utzi nahi izan du, dena den: “Asko hitz egiten dugu bertako produktuekin elikatzeaz, baina oso gutxi bertakoen artean larrua jotzeaz. Eta sistema aldatzeko funtsezkoa da, joder”.