Zerk eragiten du erleen heriotza masiboa?

  • Liztor asiarraren gaineko albisteak maiz entzun ditugu azkenaldian, erleen heriotzak eragin eta naturako katea arriskuan jarri dutelako. Baina, albistegietako titularretatik harago, zer dago benetan erleen desagertzearen atzean? Zein egoera daukagu hemen?

Erlauntzara joan eta erleen erdiak baino gehiago falta dira. Egoera horrekin topo egin dute aurrez aurre erlezain askok azken urteetan mundu osoan. “Arazoa mundu mailakoa da, bai, baina ez da berdin gertatzen toki guztietan: gure inguruan ez daukagu problema larri hori”, azpimarratu du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak gaiari heldu baino lehen.

Izan ere, duela hogei urte inguru AEBetan erleen galera masiboak gertatu zirenean hasi zen kontua komunikabideetan oihartzuna izaten. Europan ere, 1985etik erle arrunten (Apis mellifera) erlauntzen %25 galdu da batez beste, Greenpeacen txosten baten arabera. Hainbat herrialdetan galerak askoz handiagoak izan dira, hala nola Erresuma Batuan, erlauntzen %54 desagertu direlarik.

Nekazaritza industrialarekin lotura estua  

Erleen desagertzearen atzean dauden arrazoiak bilatzeko hamaika ikerketa egin dituzte mundu osoan. Ikerlariok erantzun argietara iritsi ez badira ere, faktore anitzek erleengan eragin zuzena dutela ondorioztatu dute: gaixotasunak, goseak eta pozoitutako landareek, besteak beste.

Galartzak ere erleen galera faktore askoren ondoriozkoa dela azpimarratu nahi izan du, baina aldiz, azkenaldiko erleen desagertzeak nekazaritza ereduarekin lotura zuzena duela ere argi du: “Batetik, nekazaritza industrialak paisaian aldaketa ikaragarriak ekarri ditu, eta bestetik, erabiltzen diren produktuek ere eragin nabarmena dute erleengan”.  

Baina nola eragiten diete paisaian egondako aldaketek erleei? Lehen lorez betetako zelai txikiak eta basoak zeuden bezala, egun paisaia horiek monolaborantzako lur eremu handiek hartu dituzte kasu askotan. Aldaketa hori oso nabarmena izan da, adibidez, AEBetan, non 2006tik “maneiatutako erleen” %30-40 desagertu den “erlauntzen kolapso” (ingelesez CCD siglak, Colony Collapse Disorder) deituriko arazoaren ondorioz. “Aldaketa ikaragarria gertatu da han paisaian: nekazaritza industriala asko zabaldu da, batez ere artoa eta antzeko monokultiboak, eta horrek zer dakar atzetik? Pestiziden erabilera, intsektizidak...”.

Intsektizidak, erleentzako pozoi

Neonikotinoide familiako intsektizidak dira erleentzako kalterik handienak eragiten dituztenak. Horien artean, Greenpeacek ondorengo zazpi hauek izendatu ditu arriskutsuenen artean: imidacloprid, tiametoxam, clotianidina, fipronil, clorpirifos, cipermetrin eta deltametrin. Zuzenean debekatu beharko lirateke produktu horiek guztiak, erakunde ekologistaren ustez.  

Intsektizida horiek xurgatzean, normalean, erleak ez dira momentuan hiltzen, dosia ‘baxua’ izaten baita heriotza azkarra eragiteko. Ordea, epe luzeagoan, produktuok erleen portaeran aldaketak dakartzate haien nerbio-sistema zentrala kaltetuz: eragin fisiologikoak, mugikortasun eta orientazioan kalteak edota elikadura eta ikasteko ahalmenean arazoak, besteak beste.

Modu horretan, pozoitutako erleak desorientatu egiten dira eta ez dira gai erlauntzera bueltatzeko. Emaitza: erlauntza erdi hutsak, erle hilak. “Erleak momentuan hiltzen ez direnez, produktuak merkaturatzeko egiten dituzten probetan substantziok onargarriak direla ondorioztatzen dute. Ez dute neurtzen, aldiz, epe luzera zein eragin duten”, salatu du Galartzak.

2013tik Europar Batasunean hiru neonikotinoideren erabilpena partzialki debekatuta dago (tiametoxam, imidacloprid eta clotianidina) erleei eragindako kalteak frogatuak izan direlako. Produktu horiek ezin dira erleentzako erakargarriak diren laboreetan erabili.  

Erlezainek, neurriak hartzea onuragarria izanik ere, nahikoa ez dela uste dute, produktu batzuk merkatutik kendu baina beste batzuk sartzen baitituzte jarraian. “Bayer, Syngenta eta halako enpresek ekoizten dituzte plagizidak. Boterearen aurka ari gara, eta multinazional handi horien aurrean erlezainak ez gara inor”, dio Ainhoa Tolosa Gipuzkoako Erlezain Elkarteko idazkariak.  

Eta, orduan, zein da irtenbidea? Erantzuna, argi du Galartzak, jendartearen esku dago hein handi batean: “Gaurko bizitza ereduaren ondorio da erlen galera ere, kontsumo ohiturei lotuta dago. Janari merkeak nahi ditugu, nola ekoitzi diren axola gabe... Denok bertakoa jango bagenu, inguruko baserritarrek modu iraunkorrean egina, arazo hauek ez lirateke existituko”. Bai, betikora goaz berriro ere.

Eta baratzezain txikiok, zer?

Plagiziden erabilpenaz ari garenean, segituan etortzen zaigu nekazaritzako latifundiodun enpresa handi bat burura. Baina, zer dagokigu etxe atarian baratzea edo lorategia dugunoi? Proba txiki bat egin dugu: lorezaintzara zuzendutako supermerkatu ezagun batean intsektizida bila hasi, eta azkarren aurkitutako hamar produktuetatik lauk erleentzat “toxikotasun altuko” osagaiak dituztela ohartu gara (clorpirifos, dimetoato, abamectina).

Azkenaldiko erleen desagertzeak nekazaritza ereduarekin lotura zuzena duela argi du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak

Zer esan nahi du horrek? Bada, norbanakook ere badugula zer egina kontu honetan. AEBetako ikerlari talde batek zera gomendatu zuen: nork bere etxean edo lorategian erleentzako onuragarriak diren landareak jartzea, eta noski, herbizida, intsektizida, fungizida eta biozida horiek guztiak alde batera uztea. “Bio bizitza bada, eta zida hiltzen duena, bizitzaren hiltzaileak dira produktuok”, dio Galartzak.

Alde guztietatik kolpatuak

Lehenago esan bezala, hala ere, plagiziden erabilpenaz gain faktore ugari daude erleen desagerpenean eragina dutenak. Gurean, erleen gaixotasuna da arazorik handienetako bat: varroa generoko bizkarroia, duela 30 urte inguru Asiatik etorria, polinizatzaileek bizkarrean izaten duten akain modukoa da. Erleei hemolinfa –ornodunen odolaren parekidea– xurgatu eta ahuldu egiten ditu, eta tratamendu kimikorik ezean erleak hiltzeraino kaltetzen ditu.  

Akaroak, gainera, bestelako birus eta gaixotasunak transmititzen dizkio erleari, populazioa gutxitzeaz gain horren zati bat lanerako gauza ez dela utziz.

“Pentsatu behar dugu: erlauntzetik ateratzen den erle hori bizkarrean akaina duela doa, guretzat laranja moduko bat edukitzea izango litzatekeena. Birus batekin kutsatuta dago, eta hala ere lanera joan beharra du. Hori gutxi balitz, bere lantokia ez dago etxetik gertu, distantzia handia ibili beharra du iristeko, eta behin iritsita, han jaten duen produktua kutsatuta dago”. Egia esan, harritzekoa litzatekeena da baldintza horiek ematen diren tokietan erleak ez hiltzea.   

Eta zein toki libratzen dira baldintza horietatik? Nekazaritzarako balio ez duten inguruneak edo nekazaritza tradizionalagoa egiten dutenak, ingurune naturalak, hiriguneak... Harritzekoa badirudi ere, hiriguneetan kutsadura handia egonda ere, ez daude erleentzat kaltegarri diren hainbeste produktu eta pestizida. “Parisen, adibidez, modan jarri da erlauntzak etxeetako balkoietan edo hoteletan jartzea”, kontatu digu Galartzak.  

Zaindu jaten ematen dizun hori

Erlerik gabeko munduaz galdegin diogunean barrez erantzun digute erlezainek: “Ez da posible”. Ikerketa askok erakutsi dute erleak eta gainerako intsektu polinizatzaileak nahitaezkoak direla jaten ditugun elikagaien zati oso handi bat ekoizteko. Greenpeacek 2014an ateratako txosten baten arabera, Espainiako Estatuan giza kontsumorako laboreen %70 intsektuen polinizazioaren menpe daude. Ekonomiari lotutako datuak ere argitaratu zituzten txostenean: 2011n intsektu polinizatzaileen lanak 2.400 milioi euro baino gehiagoko onura ekonomikoa ekarri zuen.

Polinizatzaileen munduko galera guztiak zaku berean ezin dira sartu, atzean arrazoi desberdinak dituztelako. Arazoak ez du, beraz, erantzun bakarra. Bai, ordea, aldaketak egiten asteko nahikoa arrazoi, norbera beretik hasita: “Nik garbi dut aldaketa ez dela etorriko Bayerrek ez dakit zer egiten duelako, aldaketa gugandik etorri beharko da nahitaez”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Eguneraketa berriak daude