Erriberako ezkerreko mugimendua izan zen faxisten errepresioaren helbururik behinena. Gizarte eredu berri baten alde borrokan ari ziren herritarrak zientoka desagerrarazi zituzten, naziek ostera erabiliko zituzten antzeko metodoez baliatuta. CNTko kideak, UGTkoak eta jornalariak izan ziren triskantza horren biktima nagusiak.
Fernando Mikelarenak dio gertaera horien gainean argitu gabeko kapitulu asko dagoela. Horien artean, errepresioaren diseinuarena: “Arraroa da oso inor ez ohartzea frankisten errepresioa muntatu zuena Karlisten Junta Orokorreko kide bat izan zela: Marcelino Ulibarri, Bilbo erori eta hiri bat nola menpean hartu protokolizatu zuena. 1938an komunismo eta masoneriaren kontrako arduraduna izendatu zuten Ulibarri. Hiri bat azpiratu bezain agudo, egiten zuten lehenengo gauza sindikatu eta alderdi politikoetako egoitzetara jotzea zen, dokumentazioa konfiskatu eta zigortu beharreko elementuen zerrendak egiteko. Gizon horrek protokolo horiek diseinatu zituen, eta lehenbizi Nafarroan entseatu zituen”.
Idazle beratarrak ez du bere tesia frogatu dezakeen errepresio-metodo edo gida-libururik aurkitu, baina sinetsita dago hemen ikusitako teknika asko nazien Alemanian ere erabili zituztela: “Erriberako leku askotan ezkertiarrei besokoak eramatera behartu zieten. Herri asko kontzentrazio-esparruak bihurtu ziren. Herritik kanpora nekazaritza lanak egitera atera ahal izateko udaletxean baimen bat eskatu behar zuten. Gainera, egunez eta gauez etxeko ate eta leiho guztiak zabalik mantendu behar zituzten, kanpotik erraz ikusteko moduan. Datu hauek ongi aski erakusten dute errepresioa modu zientifikoan landu zutela”.
Mikelarenak bildu dituen datuen arabera, Ulibarri Zaragozan bizi zen eta Karlisten Junta Orokorrarekin bat egin asmoz etorri zen Iruñera. Francoren lagun mina omen zen Zaragozako Akademia Militarrean elkarrekin egon zirenetik, eta Molarena ere. Bada, Nafarroan atzeguardiako errepresioa egiteko berak enplegaturiko metodologia, Gipuzkoa eta Bizkaira ez ezik, frankisten menpe erori ziren beste zonaldeetara ere esportatua izanen zen.