argia.eus
INPRIMATU
Liburuak eta borrak
Oihana Etxebarrieta @betaurrekomorea 2016ko apirilaren 20a

Angela Davisi gaztelaniara itzuli dioten azken liburuaren bila joan naiz liburutegira: Abolizioaren demokrazia. Kartzelak, arrazakeria eta indarkeria. Bi ale besterik ez ditu EAEko liburutegien sareak, eta oraingoz bietako bat bera ere ez eskuragarri. Apaletatik buelta bat ematera joan naiz eta haur literaturako sailean amaitu dut. Liburu artean barrezka zeuden ume batzuk isiltzera etorri da gizon bat. Buelta eman dut, harritu bainau gaztelaniaz haur txiki horiei hain modu bortitzean zuzendu izana. Eta hara non, segurtasun enpresa pribatu bateko gizon batekin egin dut topo, borra eta eskuburdinak soinean dituela.

“Zer egiten duzu zuk horrelako leku batean?” galdetuko nioke gustura asko (ligatzeko inolako intentziorik gabe noski).

Liburutegi batean horrelako irudi batekin topo egin dudan lehen aldia izanik, haluzinatuta kalera atera naiz. Ezin izan dut paradoxa burutik kendu. Buru askeen sorleku eta bultzatzaile beharko lukeen espazioan, “segurtasuna, zuzentasuna eta isiltasuna” bultzatzen dituen sinboloa sartu dute. Kartzeletan bakarrik ez, gure egunerokotasunaren espazio intimoetaraino sartu zaigu segurtasun-kontrol gizartea. Abolizioaren demokraziaz urgentziaz hitz egiteko garaia da.