Korrikaldiak, bultzakadak eta eromen kolektiboa nagusitu dira El Corte Inglés Blanco y Europeo merkatalgunean. Iritsi da eguna: hauteskundeen gertutasunarekin bat eginez, hemen dira merkealdiak diskurtso ultraeskuindar eta xenofoboetan. Aste honetatik aurrera, erdi prezioan eskura daitezke pobre izateaz gain azal iluna duen jendearen kontra egiteko programa politikoak. Gainera, kargu publikoren bat daukatenek doan jasoko dute Dei efektuaz hitz egiteko eskuliburua, ezinbesteko materiala edozein politika sozial bertan behera uzteko etorkinen aitzakian. Apalak atzaparka husten ari zela hitz egin dugu Maite LePeña gipuzkoarrarekin: “Sekulako pagotxa! Sekulakoa! Lau trapu zahar besterik ez zitzaizkigun geratzen etxean eta ipurdi bistan geratzen hasiak ginen. Orain ederki luzituko dugu Frantziatik datorren moda berri honekin”.