argia.eus
INPRIMATU
Diskoa
Berrasmatzeko askatasun osoa
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2016ko martxoaren 02a
Joseba Ponce.

Harrituta nauka disko honek, baina baita ere sortu duen zalapartak. Diskoa dotorea da oso, eta erabat ezohikoa, arriskatua. Joseba Poncek, beste behin, erakutsi digu jenio bat dela eta bere sorkuntza gaitasun ikaragarria azaleratzeko orduan ez dituela oraindik mugak ezagutu. Barrenak askatzeko idatzi ditu kantu hauek eta gauzatu duen bildumak hartzaile zehatz bat du: Joseba bera. Ez du inorekin ezkondu nahi izan; eta orain arte igeri egin izan duen parametroetan arrakasta ziurtatuta izan arren, fokurik ez dagoen ur sakonenetan –sakonera propioetan– arrain abisalen gisan buzeatu nahi izan du oxigeno eta bestelako bermerik gabe. Hala, ibilbidean izandako zaleek gertu ez dituzten psikodelia, pieza orkestralak eta beste ere ekarri ditu ur ertzera. Horregatik ziur nago Joseba bera dela zalapartak gehien harritu duena.

Aurretik ezagutzen ez dutenentzat bi arrasto: JP Joseba Ponce Hondarribiko burmuin geldi-gorra da, Dut eta Kuraia erraietako taldeen sortzaile eta konposatzaile nagusia, 90eko hamarkadako eta bigarren milurteko Euskal Herriko rockean zizelkatutakoak. Orain Josebak bakarkako lana osatu du lohian murgildu eta dena emanda. Bereak dira kantuak eta grabatu ditu instrumentu guzti-guztiak. Gainera, diskoa berak diseinatu eta argitaratu du.

Goazen barrenera... Teklatu langido batek, ia elizkoiak, egiten digu harrera eta erritmo pausatu baten kadentzian Alperrik da apaintzeak asko du 70eko hamarkadako kantu majestuoso eta ia orkestraletatik, nahiz eta tartean stoner espazialaren zantzuak aurkitu. Ez eguna irekiagoa eta anitzagoa da: badu 2016ko stonerretik, post-hardcorearen esentziatik eta baita rock gitarrero eta bizienetik. Beldurra maltzur hasten da, gordin, eta melodia beti presente duela new wave edo post-punk kutsu interesgarria hartzen du oreka bitxi batean gitarra Kuraieroak gailentzen diren arte. Hit-etako bat da. Kantu itsaskorra abesti poperoa izateko jaio zen, baina... zelatan dagoen baxu misteriotsuak eta distortsioak psikodeliara amiltzen dute, fenix hegaztiaren gisan rockak salbatu arte.

Diskoaren bigarren aldea, berriz, Hiruki beltza borobilak irekitzen du psikodelia eta Iparraldeko kantugileak ezkonduz, gerora hard-rockak eta progresiboak bere eremura eraman arren. Lobby hilobi erritmo biziagokoa da eta alaiagoa, kiribil itsaskorra. Profanazioa abesti osoa da, garapen handikoa: oso-oso barnekoa, hunkitzen duena eta 70eko esentzian zeharo bustia; eskerrak hammond-aren indarrak kemena ematen digun! Bukatzeko, Sekretua, misteriotsutik eta irmotasuna ezin ezkutatzetik asko duen Josebaren upelategiko kantu pop-rockeroa. Ederra lohia, ederra lana!

Diskoa: JP Lohian & Klonen Klana


Taldea: JP Lohian & Klonen Klana


Diskoetxea: Lohia Records