argia.eus
INPRIMATU
Xabier Garmendia, "gai hauetan aditua"
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 0000ko ren 00a

Jose Ignacio Asensio diputatuak abenduaren 18an Batzar Nagusietan hitzokin aurkeztu zuen PIGRUGeko prognosia eguneratzen aritu den profesionala: “El experto en estos temas Xabier Garmendia”.

Mikel Peruarenak “Zeinek erre nahi ditu hondakinak?” liburuan azaldu zuen nor den Bizkaiko eta Gipuzkoako errauste plantak diseinatu dituena. Ikasketaz industria ingeniari, 1987tik Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Ezkerrako parlamentario, 1991-1995 urteetan Ingurumen sailburuorde aritu zen Ardanza lehendakariarekin. 1995ean ingurumena eta herritarren osasuna zaintzeko kargua utzirik, hondakinen kudeaketari eta errausketari lotutako negozioetan murgildu zen.

Enpresa publiko eta pribatuetan zituen edo dituen kargu ugarien zerrendatik ale batzuk hautatzen hasita, DPA Desarrollo y Protección Ambiental sortu zuen, ingurumen aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko; 1996an Eusko Jaurlaritzak DPAri pneumatiko zaharrak kudeatzeko esperientzia pilotua baimendu zion. Handik laster sortu zuen Garmendiak Neuciclaje enpresa, autoen pneumatiko zaharrak berreskuratzeko… erregaitzat erabiliz zementu fabriketan. Neuciclajeren administrazio kontseiluan daude Cementos Lemona eta Cementos Rezola.

2002an ISR Instituto para la Sostenibilidad de los Recursos antolatu zuen Garmendiak, Espainiako Estatuan errausketaren aldeko lobby lanak egiten dituena. “ISRk gidatu du –azaldu zuen duela bost urte Peruarenak– Nafarroako hondakinen kudeaketa plana, eta Garmendiak berak antolatu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako planak, San Marko eta Txingudi mankomunitateen zenbait kudeaketa plan ere bai”. ISRk aurretik Club Español de Residuos izena eduki zuen, orain Fundación Economía Circular, ekonomia zirkularraren kontzeptua errausketaren lobbyak Zero Zabor mugimenduari osturik.

2009an Patxi Lopez (PSE) lehendakariarekin egin zuen berriro jauzi politikara Garmendiak, Industria sailburuorde izateko. ETAk su-eten definitiboa iragarri zuen egunean AEBetan zegoen lehendakariarekin, fracking bidezko gasaren negozioko konpainiekin harremanak estutzen. Ate errotetan itzuli berri bat eginez, 2015eko udazkenean Gipuzkoako Foru Aldunditik berriro deitu diote Xabier Garmendiari, Gipuzkoako errauste planta azkenean abian jar dezan.