Bi uren artetik

Antton Olariaga

Iragarri dute Baionako Planning Familial elkartearen hestea. Elkarte horiek herri zokoetara heltzeko sortu ziren gerla ondoko giroan, emazteen eskubideen defendatzeko. Hastapenean ardatz bazituzten kontrazepzioa eta abortuaren legeztatzea eta informazioa, berantago zabaldu zuten ildoa, askapen eta berdintasunaren alde, diskriminazioen eta bortizkeria mota guztien salatzeko, beti herri mugimenduaren oinarriekin, popularrak, hurbilak, brikolaje girokoak, hezitzaile rol garrantzitsuarekin. Gainera transmisio helburua ere zuten, belaunaldi batetik bestera aldarrikapenen jarraitzea, hezkuntza bideratzea, lortuaren bermatzea. Urak bidea egin zuen. Sozialistak boterera heltzean, oro har, bere eginen zituzten gai eta aldarrikapen feministak, baita hortik landa gaia instituzionalizatu, legerien bidea zabalduz. Herrietan gaindi lanean segitu zuten mugimendu herrikoiek; gaur ere hor diraute emazte antolakunde zabal anitzek, aldarrikapenak ozen eta happeningaz jantzirik eramaten trebe. Iparraldean ez dira eskas emazte elkarteak, erranen didazue, alta gero eta gutxiago dira, oihartzun gero eta ahulagokoak.

Baionako Planninga hetsiko da eta beste lurraldeetakoak mehatxu berarekin dira. Zerratzearen arrazoien artean aitzina segitzeko militante eskasa aipatu da; nehor gutxi baizik ez da informatze permanentzien egiteko: ospitaleko zerbitzu gaindituetara jo beharko da, bestalde informaziorako bide anitz ba omen dugu gaurko egunean, alha alde orotan. Alha bai, bila doanarentzat eta informazio xuxena gainerakoarengandik bereizten dakienarentzat.

Pentsa dezakegu aitzinatua dela dena, erakunde erraldoien eta politikarien esku uzteko, behartsua bideratuz webgune zenbaitetara edo zerbitzu goizetik arrats galkatuetara. Alta, aitzinekoen lorpenak gauza finko, bermatu eta definitiboak direnik ez da egia. Goizero gertakari nahiz detaile berri batek ilustratzen du. Iaz, Emazteen Eskubideen Behatokia hesten zen; finantzamendu istorio. Atzo, bikote gazte bati so, mutikoaren jokamoldeak bezainbat, neskaren onespenak harritu ninduen: gaurko neskak gehiegi isiltzen dira. Auzoko farmaziako nagusia pleinitzen da gazteen desinformazioaz, biharamuneko pilulen salmenta beste antisorgailu edo preserbatiboena baino anitzez handiagoa du; hormona gaindosien ondorioez alarmista da. 2015ean (ofizialki) sei emazte hil ziren senarraren eskutik Euskal Herrian, 2014an Frantziak 134koa aitzinatzen zuen. Ez dakigu zenbatek zuen etxetik ihes egin, zenbatek jazarpena jasan lantokian, zenbatek beharrean ez asmatu norengana itzul laguntza edo aholku bila. Ultra taldeek ez dute okasio bakarra huts egiten eskubiderik arruntena eztabaidan jartzeko. Dena bat.

Uren kontra ez bagabiltza, bi uren artetik agian bai, etengabeko erronka berriei buru egin nahian, iraganeko auziak nahiz lorpenak baliatuak, zainduak eta transmitituak direla segur izan gabe. Badirudi Euskal Herrian beste lekutan bezala, feminismoak badituela mugimenduak, diskurtsoak, ahotsak, mobilizazioak, erakundeetara heltzeko asmoa, neurtzen ez dudana da ea nola eginen dugun erritmo honetan jarraituz, gurean behintzat, erroturik geratzeko gizartean, mugimendu popularra izaten segitzeko. Dena ukanik ere eskura, sare, liburu eta aldizkaritan, tresna horiek ez lezakete ordezka hurbileko sare eta iniziatiba, funtsezkoa herria bada eta auzokoari ez huts egitea. Bestela, laster, lortua suntsiturik gertatu eta beharko da gibelera egin konpontzeko. Besterik ez baikenuke eskas.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude