Galduta dagoen hegoaldeko bertsolaritza

  • Gaur egun nafar jotak musika eta letra aurretik egina duten kantuak ditugu. Txapelketa, jaialdi eta emanaldietan jota berdinak entzun daitezke maiz, eta saritzen den bakarra interpretatzaileen ahotsa eta kantatzeko modua dira. Ez da, ordea, beti horrela izan. Garai batean jotak bat-batean botatzen ziren, erronda eta tabernetan bereziki, eta hitzak ez ziren inolaz ere gaur egungoak bezain zuzenak. Jose Mari Esparza jota bildumagilearen hitzetan: “Navarristek jotaren bertsio ofizial bat inposatu dute, eta hegoak ebaki dizkiote. Orain ez dugu ez txori ez deus”.

Jose Mari Esparza urriaren 22an, Bertsoaroaren baitan Iruñean emaniko hitzaldian. Ordubete inguruan eta euskara hutsez Nafarroako hegoaldeko bertsolaritzaren bilakaera, historia eta gainbehera azaldu zituen.
Jose Mari Esparza urriaren 22an, Bertsoaroaren baitan Iruñean emaniko hitzaldian. Ordubete inguruan eta euskara hutsez Nafarroako hegoaldeko bertsolaritzaren bilakaera, historia eta gainbehera azaldu zituen.Josu Santesteban

Motibazio politiko, sozial, erlijioso edo moralek ezarritako orori kontra egin dieten koplak “jota heretiko” izenarekin biribiltzen ditu Jose Mari Esparzak. Bertsoaroa zikloaren baitan eman zuen hitzaldian azaldu zuenez, bere interesaren helburu nagusia inspirazio herrikoiak eman duen beste begirada hori erakustea da, hainbat garaitan herriak sortu duen adierazpen bizi eta dinamikoa, alegia. Antzinako joten bat-batekotasuna eta, modu batean, desegokitasuna defendatzera dator editorea, kopla heretikoen bilduma aparta gainean duela: 1988an idatzi zuen Jotas heréticas de Navarra liburua. 2013an hirugarren edizioa argitaratu zuen Altaffaylla Kultur Taldeak, zuzenduta eta 300 kopla berri gehituta.

Berak dioenez, jota jaialdien inguruan jaso diren lehen berriek mota askotako letrak erakusten dituzte, garaiko errondetako naturaltasun eta bat-batekotasuna agertokian islatzen zenaren seinale. Honek ordea, ez zuen asko iraun, eta jota kantariak azkar kendu zion lekua jotariari. Gerrate zibiletik aurrera estatus politikoa ferekatzen zuen edozer debekatu zen, eta beraz, jota ortodoxoak nagusitu ziren, herritarrek haien inguruko gertakariei buruz ezer paratu ezin zutelarik, eta horrela bat-bateko jotak desagertuz joan ziren.

Jatorri jotaria

Kantua eguneroko ohitura duen familia batetik datorrela azaldu zuen Esparzak: amaren aldetik, gainera, jotarenganako afizio handia zegoela. Senide asko izan zituen jotari, baina bereziki aitona izan zen, Cirilo Zabalegi, etxeko eta eguneroko koplen munduan sartu zuena. Aitonaren irakaspenetatik abiatuta hasi zen koplak biltzeko eta jota heretikoen historia aztertu eta ezagutzeko Esparzaren afizioa. Aitonak kantatzen zuen bezala: 

Nunca es el mejor jotero
el que canta con más fuerza
jotero es aquél que sabe
echar jotas a una berza.

Nafarroako historia koplen bidez

Navarro Villosladak idatzi zuen nabaria zela Nafarroan edozein gertakariren aurrean koplak edo abestiak inprobisatzeko zegoen ohitura. Jose Mari Iribarren jotaren inguruko XX. mende erdialdeko ikertzaile nabarmenetariko bat izan zen (Azkueren moduan egoerak, ideologiak eta garaiak bultzatuta zekiena baino askoz ere gutxiago idatzi zuena). Iribarrenek esan zuen frantsesadatik aurrera Nafarroako historia guztia koplekin kontatu daitekeela, eta Esparzak berresten du. Hainbat gertakari eta garaitako koplak erakutsi zituen idazleak hitzaldian, hona batzuk:

Clamaban los liberales
que la reina no paría
y ha parido más muñoces
que liberales había

Carlista tengo que ser
aunque me corten el moño
por menos de cinco reales
hay pelucas en Logroño

Vivan las cuatro provincias
que siempre han estado unidas
y nunca se apartarán
aunque Gamazo lo diga
  
La libertad ya ha venido
desde el 14 de abril
ya se grita por las calles
¡Fuera la Guardia Civil!

Aunque hasta el séptimo cielo
San Pedro le suba a Franco
no ha de llegar a la altura
que llegó Carrero Blanco

Muy bien los requetés
muy bien por los falangistas
España grande ha de ser
cuando mueran los marxistas 

Gertakari konkretuez gain, pertsonaia, egoera eta gai ugari izan dira jota heretikoentzat inspirazio iturri, hala nola elizgizonak, Guardia Zibila, epaileak, jornalariak, pobreak, aberatsak, mozkorrak… edo abertzaletasuna, euskaldunak, erotismoa eta sexua: 
 
Con los curas y los frailes
las monjas y los beatos
o hay que llevarles al aire
o hay que tener pocos tratos
Ya vienen los jornaleros
de trabajar del Canal
han trabajau todo el mes
y no les quieren pagar

Seis días está un camello
trabajando y sin beber
tu marido se está un año
pero haciéndolo al revés 
 
Vizcaya produce hierro
Guipúzcoa sabe hacer armas
y nervios de acero y bronce
sabe fabricar Navarra
Quisiera ser zapatico
para ponerme en tu pie
y que así pudiera verte
lo que no me dejas ver
¡Ay madre que me lo han roto!
¡Hija, no digas el qué!
el cantarico en la fuente
madre, ¿qué se pensaba usted? 

Jotak euskaraz

Jotak euskaraz ere kantatu izan dira Nafarroan. Esparzak dioenaren arabera, “bi hizkuntzak musukatzera iritsi ziren”, adibidez, XVIII. mendean Tafallan gaztelaniaz kantatzen ziren kopla batzuk Artaxoan (orduan euskalduna oraindik) euskaraz ematen zirelarik. Artaxoan jakina da koadrila bat epaitua izan zela 1765ean emakume alargun bati euskarazko jota bat kantatzeagatik. Honetaz gain, Nafarroako iparraldean jotaren neurri eta errima bereko kopla asko sortu izan dira, baita Gipuzkoa eta Bizkaitik heldutakoak ere, bereziki Karlistaden garaian.

XX. mendean jotak euskaraz grabatu zituzten lehenak Larragako Joteroak izan ziren. 1985ean Ataiar errondailarekin batera ateratako diskoa letren eduki ezkertiarrengatik garrantzitsua izan bazen ere, euskarazko jotak sartzea iraultza izan zen jotaren munduan:

Bota Erribera jota
Larragatik Gernikara
mila lore berri gara
espos goaz Iruñera

Iruñea haiz ederrago
amorezko pena baino
goi elurretaraino
hire jota diat botako

Raimundo Lanas ta Etxahun
Xiberu ta Nafarroa
biei kantatzen diegu
Larragako joteroak

Jota horietako batzuek euskal kantari batzuen errepertorioan daude oraindik. Nabaria da Ipar Euskal Herrian euskarazko jotak kantatzeko egon den tradizioa azken hamarkadetan, maleruski, ia Nafarroa Garaian baino handiagoa; Etxamendi eta Larralde, Amaren Alabak, Kalakan, Xiberotarrak edo Jean Mixel Bedaxagar ditugu horren adibide.

1995ean Tuteran ospatu zen Nafarroa Oinezeko kanta ofizialean eta Kojon Prieto y los Huajolotes taldeak jaiari eskainitako kantuan bi jota hauek entzun daitezke:

Abardenetako hots lehena
Muskaria zaharreko euskera
aspaldiko erroa loratuz dijoa
lur gaziak antzutu ez duena
herri honen gogoa: Erribera
Bere hizkuntza galdu ezkero
herria hankamotz dabil
Tuteran itxoiten dizut
makuluekin behar balitz

Jotaren bilakaera eta gainbehera

Jotak grabatu zituzten lehenak Tafallako Pajeak izan ziren. 1920ko hamarkadan hiru disko atera zituzten, eta diskoetako jotak erronda-jotak ziren, kantarien ahotsa baino, letra, inprobisazioa edo ironia nagusi zirela. Geroago Raimundo Lanas eta bere jarraitzaileek ateratako diskoetatik urrun daude Pajeen koplak, honenak askoz ere libre eta heterodoxoagoak ziren. Honek argi uzten du gaur egun ezagutzen dugun jotak ez dela oso aspaldikoa. 

Lanas ere bat-bateko jota emailea zen, baina honi ahots eta kantatzeko modu paregabea batu zitzaion. Gezurra dirudien arren, honen ahots apartak neurri batean jotaren gainbehera ekarri zuen: bere diskografiak jotari eredugarritzat ezarri zuen, eta bere oinordekoek ahotsari eman zioten garrantzia eta letren edukia alde batera utzi zuten. Hala bada, jotak desagertzen hasi ziren, eta jota kantariak nagusitu.

Jotaren bilakaeraren beste arrazoiak ugari dira: Boskoteak eta errondak desagertu ziren (salbuespenak salbuespen, beti ere) eta espazio publikoetan musika grabatua jartzen hasi ziren. Gerran, eta frankismoan gero, zentsura ikaragarria izan zen, eta errepublikaren aldeko kopla asko desagertu ziren. Ondoren etorri ziren lehiaketa eta jaialdiek ez zuten lagundu, saritzen zen gauza bakarra ahotsa baitzen. Baina jotaren gainbeherak errudun bat baldin badu, Esparzak argi du hori orain arteko Nafarroa ofiziala eta navarrismo atzerakoia izan dela. Tafallarraren ustez, “navarrismoak jota bahitu du”. Jaime del Burgo bezalako pertsonaiei esker, jota Nafarroako identifikazio hegemoniko bihurtu nahi izan dute, lurralde honen folklorearen (espainiarra, noski) ezaugarri nagusitzat erakutsiz beti. “Jotaren bertsio ofizial bat inposatu dute, eta hegoak ebaki dizkiote. Orain ez dugu ez txori ez deus.”

Jotak nola berreskuratu?

Hala galdetu zioten Jose Mari Esparzari hitzaldiaren bukaeran. Berak, ordea, ez zuen erantzun zehatzik eman, baina argi utzi zuen aipaturiko navarrismo horrek ez duela eginen. Debatea irekia utzi zuen, baina hauxe adieraziz: “Jota berreskuratu nahi badugu heterodoxoak izan beharko dugu, nahitanahiez.” Bertsoaren adibidea ondoan dugu, baita bertsolariek ere jotaren eredua eta melodia anitz. Bideak asko izan daitezke. 

Neurri eta doinuak

Jota bertsoak edo koplak kantatzeko Nafarroako berezko era da. Bere modu orokorrenean, zortzi silabako lau bertso-lerrok osatzen dute, bigarren eta laugarren lerroek errimatzen dutelarik, eta beraz, errima egiteko modu erraza lortuz. Melodia ezberdinetan kantatzen dira, eta badira beste motatako melodia batzuetara (hiru edo bost bertso-lerrorekin edo zortzi baino silaba gutxiago edo gehiagoko lerroekin) egokitzen diren koplak ere. Hainbat lerro errepikapen egiten dira melodiaren arabera; gauzak honela, ohikoa da 1-2-1-3-4, 1-2-1-3-4-4-2, 1-1-2-3-4-4-1 edo 2-1-2-3-4-4-1 bezalako errima ordenekin jotak kantatzea. Batzuetan, bertso edo kantuekin gertatzen den bezala, ordena berezi batek esanahia alda diezaieke lerroei, emaitza zorrotzak lortuz.

Melodia askoren jatorria ezezaguna bada ere, egun kantatzen diren gehienak ez dira bereziki zaharrak, ez baitituzte 100 urte baino gehiago. Koplaren aurretik 3/4ko abiadura azkarreko melodia ezagun edo tradizional bat jotzen da, ondoren erritmoa moteldu eta koplari sarrera emateko. Ohikoena jotak gitarra edo akordeoiarekin laguntzea da, baina soka-taldeak (bandurria eta lauteekin) eta haize taldeak (klarinete, tronpeta edo tuba bezalako tresnekin) garaiaren arabera maiz erabili izan dira. 

Nafar urretxindorraren txapela

Raimundo Lanas Muru (1908-1939) Murillo el Fruton jaiotako jotaria zen. Jotak sortu eta biziki ongi kantatu zituen bere bizitza laburrean. Hortik datorkio Nafar Urretxindorra ezizena. Berari buruz iritsi zaigun irudia navarrico alaiarena da, Erriberakoa, espainiarra, gaztelaniazko jota kantaria eta Errepublika garaian erreketeen txapel gorria janzten zuena. Jose Mari Esparzak baieztatzen du hemen ere manipulazioa galanta izan dela. Lanas errepublikazalea zen, bere herriko familia xume guztiak bezala. Errepublikaren aldeko jotak bota izan zituen, baita frankisten kontrakoak ere. Euskaraz kantatu zuen: ez zen euskalduna, baina ezagutzen zuen euskarazko abestiren bat. Esparzak bere alargunari jasotako testigantzaren arabera, Lanasek 1935ean Mexikon Goizeko Izarra kantua osorik abestu zuen. Datu hau ez da inoiz aipatu bere biografietan. Gure urretxindorrak jaso duen manipulaziorik handienak ordea bere txapelarekin du zerikusia, txapelaren kolorearekin, alegia. Txapel gorriarekin ageri da beti argazki eta koadroetan, baina bere txapela urdina zen. Hau ere jotariaren alargunak Esparzari kontatutakoa da, alegia, beti kantatu zuela txapel urdinarekin, baina Valeriano Ordoñezek Lanasi buruzko biografian nahita aldatu zuela. Errepublika garaian Nafarroan ez zen txapel gorririk janzten, eta are gutxiago Madrilen, Lanasek hainbestetan kantatu zuen hirian. 1935ean Darrok egin zion erretratuan argi ikusten da zapi gorria baina txapel urdina zeramala, errepublikazalea eta vasco-navarroa zela ezkutatzeko aldatu ziotena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jotak
Eguneraketa berriak daude