argia.eus
INPRIMATU
Adierazpen instituzionalari ekimen sozialeko euskaltegien erantzuna
ARGIA @argia 2015eko abenduaren 09a
(Aiaraldea komunikazioa)

usko Jaurlaritzak eta beste zazpi erakundek abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskaldun berriak ospakizunen ardatz hartu nahi izan zituzten, besteak beste hizkuntza askatasun efektiborako aitzindari direlako.

Adierazpen instituzionalaren arabera, “hizkuntza askatasun efektiborako eta demokrazia linguistiko iraunkorrerako bidean aitzindari izan dira euskaldun berriak. Euskarak irabazitako hiztun bakoitzak euskaraz aritzeko aukerak zabaltzen dizkie bere inguruko gainerako hiztunei. Gure bizikidetzaren oinarri nagusietarikoa da hizkuntza eskubideak bermatzea eta errespetatzea, inor ez behartzea hizkuntzaz aldatzera”.

Ekimen sozialeko euskaltegiek adierazpenari erantzun diote esanez, euskaldun berriak bezala irakasleek ere egunen batean gorazarrea eta zerbait gehiago beharko dutela: “Ez da nahikoa herriko plazari ‘euskaltegietako euskara irakaslea’ izena jartzearekin. Behingoagatik lana duintasunez egiteko baliabideak eskaini behar dira; bai, horrela egingo da egoki gorazarrea. Dagoeneko ez gara konformatzen estrategikoak garela entzutearekin. Ezin dugu horrela jarraitu”.

Medikuntzako ikasleak ere, haserre

Bestalde, EHUko Leioako Medikuntza eta Odontologia fakultateko ikasleek ere gogor kritikatu dute dekanotzak euskararekiko duen jarrera, Euskararen Egunaren harira: “Ezin uler daiteke lau hamarkadetan dekanotzatik euskararen alde egin den ekimen ia bakarra lipdub-a eta narrazio lehiaketa izatea. Horregatik, osasungintzako karrerak euskaraz ikastea posible izan dadin urteko 365 egunetan lan egiten dihardugunoi adarjotzea iruditzen zaigu dekanotzaren jarrera. Berez, ekimena bide onetik doa, baina lan hutsala izango da jarraipenik ez badauka. Hortaz, ez dugu inolaz ere onartuko dekanotzak hura baliatzea bere burua zuritzeko eta euskararen aldeko irudi faltsu bat ikusarazteko”.