argia.eus
INPRIMATU
Liburua
Alicetik Aliziara
2015eko azaroaren 12a

Liburu honek ez du aurkezpenik behar. Haur literaturan klasikorik bada, hauxe dugu, Lewis Carrollek Tamesis ibaian zehar paseo batean kontaturiko istorio hartatik abiatutako nobela ezaguna. Mende eta erdi justu pasa da paseo hartatik, 150 urte arratsalde hartan kontaturiko istorioa liburu bilakatu zela eta egilearen irudien ordez John Tennielen ilustrazio paregabeekin argitaratu zenetik; liburuko lehen paragrafoan bertan Aliziak dioena (“Zertarako balio du liburu batek irudi eta elkarrizketarik ez badauka?”) osatuz.

Aliziaren abentura hauek lehendik ere argitaratu izan dira euskaraz, hain zuzen Pamiela etxeak eta oraingo itzultzaile berak 1989an eginiko edizioa dugu honen aurretik. Orain, baina, 150. urteurrenaren harira, gure artean oso ohikoa ez den arren, itzulpena berregitea erabaki dute eta oraingo gazteei eta oraingo euskarari egokituriko itzulpena egin du Manu Lópezek, eta hori liburuaren izenburutik bertatik nabari dezakegu: aurreko Alice hura Alizia dugu orain. Baina izenetatik harago doan aldaketa da, errazago korritzen duen testua dugu, hizkera aldetik gertuagoa, jatorrizko egiturari ez hain lotua, eta horrek irakurketa laguntzen du, zalantzarik gabe. Bertsioa euskal bertsio bilakatuz, gure tradizioko elementuak hain ingelesa den tradizio honetan txertatuz, hala nola Untxi Zuriaren bertsoak: “Xarmagarria zara, eder eta gazte, / ene bihotzak ez du zu baizikan maite. / Zurekin ezkontzeaz dudarik ez nuke, / igerian ez dakit, ordea, ai ene!”. Edo Hator Hator ezagunaren bertsio bitxia: “Hator, hator; saguzar hona / zizare gozoak jatera! (…) Gure gaua ospatutzeko / hontz ta mozoloaren ondoan…”.

Aliziaren abenturak haur literaturako aurreneko obretako bat da, eta nonsensea, zentzugabekeria, du oinarri; jolasa, abentura eta disparatea. Entretenimendua, irakurlearen (jatorrizkoan entzulearen) gozamenerako egindako testua. “– Zer dakizu auzi honi buruz? –, galdetu zion Erregek Aliziari. / – Ezer ez-erantzun zuen Aliziak. / –Ezertxo ere ez? –berrekin zion Erregek. / Ezertxo ere ez– esan zuen Aliziak. / –Hori oso garrantzitsua da– esan zuen Erregek (…) / – Garrantzigabea esan nahi du berorren Maiestateak (…)”.

Eta irudiek ere gozamen horretan laguntzen dute; are gehiago Pamiela etxeak egin duen edizio zaindu honetan, jatorrizko grabatu eta ilustrazio haietako asko koloretan argitaratuz.

Arrazoi asko daude Aliziaren bertsio berri honetara hurbiltzeko, klasiko bat dela, erreferente bat, jolas polita… baina, benetako arrazoia liburuan bertan dago, oraindik ere irakurlea harrapatzen duelako, gozatzeko une paregabea eskainiko digula, alegia. 

Alizia herrialde miresgarrian

Lewis Carroll

Ilustrazioak: John Tenniel

Itzulpena: Manu López Gaseni

Pamiela, 2015

141 orrialde