Nekazariek eta gizarte eragileek hordago txikira

  • Duela bi hamarkada elikadura burujabetzaren aldeko apustua egin zuen Via Campesinak,  munduko mugimendu sozial handienak. Euskal Herrian EHNE-Bizkaia eta ELB nekazari sindikatuek Etxalde mugimendua sortu dute. Multinazionalek, enpresa handiek eta gobernuek karta markatuekin dihardutela eta jokoz kanpo uzten dituela ikusita gero eta eragile gehiago ari da diskurtso eta praktika berri horien alde jotzen. Euskal Herriko ordezkaritza bat Brasilen izan da berriki, bide horretan emandako zenbait pauso ezagutzen.


2015eko ekainaren 14an
Feministen komunitate beteranoa, Quilombon. Emakumeak aitzindari izan ziren elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuan, baita multinazionalen aurkako ekintzetan ere. Hala ere gogor borrokatu behar dute mugimenduaren barruan pareki
Feministen komunitate beteranoa, Quilombon. Emakumeak aitzindari izan ziren elikadura burujabetza eta nekazaritza ekologikoaren aldeko apustuan, baita multinazionalen aurkako ekintzetan ere. Hala ere gogor borrokatu behar dute mugimenduaren barruan parekidetasuna lortzeko. Begoña Zalbidea

2017an Euskal Herrian egingo da Via Campesinaren Munduko Konferentzia. Lau urtean behin egiten da biltzar hori, eta Euskal Herrikoa zazpigarrena izango da Mons (Belgika, 1993), Tlaxacalan (Mexiko, 1996), Bangalore (India, 2000), Sao Paulo (Brasil, 2004), Maputo (Mozanbike, 2008) eta Jakartakoaren (Indonesia, 2013) ondotik. Afrika, Amerika, Europa eta Asiako 73 herrialde eta 164 erakundetan antolaturiko 200 milioi nekazari, artzain, abeltzain eta arrantzale txiki nahiz ertain biltzen ditu Via Campesinak, eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea, Giza Eskubideen Kontseilua eta maila bereko nazioarteko erakundeen eztabaidetan erreferente izatea lortu du. Konferentzia antolatzea sekulako erantzukizuna izango da, bada, euskal ordezkarientzat, baina baita aurrera egiteko bultzada garrantzitsua ere.

Defendatzen dena eredu aldaketa bat da. Ongarri eta pestizida toxikoetan, transgenikoetan eta monolaborantzan oinarritzen den produkzio intentsiboak multinazional eta enpresa handiei bakarrik egiten die mesede, haiek bakarrik baitaukate ongarri, pestizida eta transgeniko horiek merkaturatzeko gaitasuna edota elikagaiak batetik bestera horrela mugitzeko behar den logistika.

Via Campesinaren arabera, eredu horrekin munduko elikadura premiak asetzeko behar den ekoizpenaren %150 produzitzera iritsi den arren, 900 milioi pertsona goseak daude oraindik, gehienak nekazariak. Eredu horren eskutik Euskal Herriko lehen sektorea jasaten ari den deslokalizazio prozesua ilustratzen duten datuak ere ematen ditu Etxaldek: Euskal Herrian kontsumitzen diren barazkien %4 baino ez da bertan ekoitzia. Europan ahoratzen ditugun elikagaiek batez beste 4.000 kilometro egiten dituzte gure mahaira iritsi aurretik. Eta joan-etorri horrek eragiten duen gastua gure poltsikoetan nabaritu ez dadin, ekoizleena hutsik gelditzen da. Hemengoei gaizki ordaintzen zaie, eta urrunekoei okerrago.

Elikadura burujabetzarekin, gertu ekoitzirikoaren kontsumoari eman nahi zaio lehentasuna, eta bitartekariei beharrean ekoizleei eta kontsumitzaileei eman nahi zaie elikagaien kalitateaz eta prezioaz erabakitzeko eskubidea. Bestalde, nekazaritza ekologikoa hartu nahi da ekoizpen eredutzat; horrela, tokian tokiko egiteko moduak babesteaz gain, toxikoek eta transgenikoek ingurumenean eta kontsumitzaileen osasunean eragiten dituzten kalteak saihesten dira.

Txikira apustu egitea nekazari txiki eta ertainen alde egitea litzateke, handien neurrira eginda dagoen logika neoliberala haustea, elikagaien ekoizpena negozio bat baino askoz gehiago dela defendatzea, elikatzeko eskubidearekin, osasunaren eta ingurumenaren babesarekin daukan harremana aldarrikatzea... Ez dauka zerikusirik, ordea, autokontsumoaz harago sos gutxi batzuk baino ematen ez dituen nekazaritzara atzera buelta egitearekin, bestelako antolaketa, bitarteko eta helburuak planteatzearekin baizik. Via Campesinaren arabera, Brasilen nekazari txikiek lurren %20 baino ez dutelarik, eta sektoreari ematen zaizkion kredituen %16rekin, laborantzak sortzen dituen elikagaien eta enpleguen %70 sortzen dute. Monsanto, Syngenta, Nestlé, Bunge, Bayer, DuPont edo Cargillentzat negozio hobea da esportaziora zuzenduriko agroindustria handia, baina bistakoa da herrialdeari nekazaritza ekologikoan oinarrituriko negozio txikiak dezente irabazi gehiago ematen dizkiola.

Brasil: elikadura burujabetzaren aldeko mugimendu erraldoia

Via Campesinak txikitik gutxi dauka. Eta egin duen apustuak are gutxiago. Hain zuzen ere borroka globalizatzea izan da haren arrakastaren giltza. Hala, Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin jarri ditu lanean beti, txanpon beraren bi aldeak direlakoan, eta beti bilatu izan ditu aliantzak bestelako gizarte eragileekin.

Eredu horri jarraiki antolatu zuten Etxaldek, EHNE-Bizkaiak eta Bizilurrek, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Europar Batasunaren finantziazioaz, joan den apirilean Brasilera joandako euskal ordezkaritza. Hiru mugimendu horiez gain, ELA, LAB, Bilgune Feminista, Ernai, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Udalbiltza, Gipuzkoako Foru Aldundia, EHU eta eskualde eta udalen garapen agentzietako teknikariek osatu zuten ordezkaritza, eta hamar egunez Brasil hegoaldeko hiru estatutan elikadura burujabetzaren alorrean garatu diren hainbat esperientzia ezagutu zituzten.

Mugimendu erraldoia aurkitu dutela esan dute handik bueltan; brasildarren aldetik euskal bisitaren antolakuntza lanean ibilitako lau mugimenduen garapen mailak harrituta utzi dituela. MSTk, esaterako, latifundioak okupatzen dituzten lurrik gabeko nekazarien mugimenduak, 530.000 familia mugitzen ditu eta 160 kooperatiba jarri ditu martxan, baita 1.200 okupazio komunitatetara iristen den eskola eta formazio sarea ere. MABek, zentral hidroelektriko eta urtegien eraikuntzak lurrik gabe utzi dituen nekazarien mugimenduak, milaka kide eta ehunka komunitate biltzen ditu, eta energia ekoizteko hainbat proiektu alternatibo jarri ditu martxan. MPAko nekazari txikien nahiz MMCko nekazari feministen mugimenduek, zerbait berriagoak eta apalagoak dimentsioz, sekulako grina eta ekimenerako gaitasuna dute.

Mugimenduetako ordezkariak, sindikatuetakoak, ordezkari instituzionalak, asentamendu eta kanpamenduetako jendea, ingeniari eta teknikariak, unibertsitateko irakasle eta ikasleak, hazi kreolak berreskuratzeko kooperatibak, arroz eta barazki organikoak ekoiztera bideraturikoak, Azoka ekologikoa, feministek eraikiriko formazio zentroa, Sao Paoloko Udaletxea... “Ez sinestekoa da kontaktu egokiekin eta gomendatzen direnak baino lo eta deskantsu ordu gutxiago eginda zenbateraino eman dezaketen hamar egunek Brasilen”, dio Saioa Iraolak, Brasilen egon den Bilgune Feministako kideak.

Ikusi eta ikasi

Ez da izan mugimenduaren dimentsioa deigarriena suertatu zaiena. Instituzioekin lorturiko konplizitateak, esaterako, Euskal Herrian gaurdaino horrelakorik ez delako eman, agian, jakin-min handiagoa piztu du. PAA programak gobernuak kudeatzen dituen erakundeen jangelei zuzenean saltzeko ateak ireki dizkie nekazari eta abeltzainei (Elikadura Bankuak, ospitaleak, zaharren egoitzak, kartzelak eta abar). PNAE programak ezartzen du sare publikoko eskoletako jangelek %30, gutxienez, inguruko ekoizleei erosi behar dietela.

“Euskal Herrian legediak, eta horren atzean dagoen erabaki politikoak, ez du horrelako programa orokorrak ezartzea ahalbidetzen. Baina udalen esku dauden kontuetan bai egin daitezke gauzak, eta ari dira egiten”, adierazi du David Lopategik, Bilboko zinegotziak. Brasilgo mugimenduetako kideak kritiko agertu dira Lula eta Dilma Rousseffen Partido dos Trabalhadores-en gobernuekin, eta azpimarratu dute haien apustu nagusia agroindustriaren aldekoa dela. Hala ere, aipatutako programak oso garrantzitsuak izan direla aitortzen dute.

Elikadura burujabetza lantokiko jangelatik hasita

Koaderno guztietan apuntatuta gelditu den beste kontu bat landa eta hiriaren arteko aliantza izan da: bai metalaren sektoreko bai Petrobras hidrokarburo-enpresa erraldoiko  sindikatu nagusiek lantegietako jangeletan gertuko ekoizleen produkzio ekologikoa sartzeko akordioa jaso dute euren hitzarmen kolektiboetan. “Garbi dago elikadura osasuntsu baterako eskubidea, edo ingurumenarekiko kezka, ez dela nekazariei bakarrik dagokien kontu bat” dio Maitane Cabeza Bizilurreko kideak.

“Sindikatuan asko landu dugu elikadura burujabetza, trantsizio ekologikoa eta abar, baina kezka genuen ez genuelako asmatzen hori gure ekintza sindikalean txertatzen”, azaldu digu Unai Oñederra ELAko formazio arduradunak. Orain garbiago dauka: “Aztertu behar da zein enpresatan dauden jangelak, enpresa horietan nolako indar erlazioa dagoen... Badago bidea sindikatuek elikadura buru,jabetzaren alde pauso konkretu eta eraikitzaileak emateko”. “Bultzatu nahi dugun ekonomia sozialagoarekin eta gizarte eraldaketarekin guztiz bat datorren planteamendua da elikadura burujabetza”, gaineratzen du Edurne Larrañaga LABeko zuzendaritzako kideak.

Euskal Herriratzeko modukotzat jotzen duten beste alderdi bat Brasilen borroka honek hartutako kontzientzia eta izaera kolektiboa da. “Oso garbi daukate zertan ari diren, elikadura burujabetzaren alde ematen duten pauso bakoitza klase borrokaren barruan ematen dela; oso garbi daukate elkar hartuta baino ezingo dutela egin bide hori”, diosku Endika Perez Ernaiko kideak. “Euskal Herrian gehiago dira borroka indibidual edo lokalak. Baten borroka alternatiboa, bestearen bizimodu hippya, seme-alaben elikaduraz arduratuta dauden gurasoak... Ez dakigu hori guztia estrategia orokor batean kokatzen”, iritzi dio David Lopategik. “Hain zuzen hori bideratu nahian sortu da Etxalde”, zehaztu du Alazne Intxauspe Etxaldeko zuzendaritzako kideak.

Guztiak bat datoz brasildarren sendotasun ideologiko horren oinarrian formazio ahalegin handia dagoela. “MSTkoek esan ziguten lurrak okupatzen zituzten nekazariek, behin euren egoera legeztatuta, mugimendutik aldentzeko joera zutela. Hemen berdin gertatzen da, behin norberaren enpresako arazoa gaindituta, langileak erabat aldentzen dira borroka orokorragoetatik. Brasilen formazioarekin eman diote buelta joera horri”, dio Unai Oñederrak.

Formazio ideologikoari dagokionez Florestan Fernandes eskola da Brasilgo Via Campesinaren harribitxia, eta nekazaritza ekologikorako heziketa teknikoaren alorrean, berriz, Frontera do Sul-eko herri unibertsitatea. “Pedagogia eredu propioa garatu dute, irakaskuntza tradizionalagoari komunitatean gauzatu beharreko jardunaldia tartekatzen diona... Nekazariak eraldaketa sozialerako subjektu bilakatzea lortu dute. Ikusgarria da”, gaineratu du Saioa Iraolak.

Altzoan hazi mordoa dakarrela bueltatu da, bada, euskal ordezkaritza Brasildik. Ikusi eta ikasitakoa bakoitzak bere alorrean jorratzeko asmoarekin, baina batez ere elkarlanerako prest, hori izan baita ekarri duten lezio nagusia: laborari askok batera erein beharreko haziak direla elikadura burujabetzarenak.

Multinazional vs tokiko, bi eredu aurrez aurre

Azken hilabeteotan AEB eta Europar Batasuna (EB) merkataritza liberalizatzeko TTIP akordioa ari dira fintzen. Negoziazioak sekretuak izan dira, eurodiputatuei debekatu egin zaie dokumentazioa argitaratzea, baina aldi berean multinazionalek mahaiburuan egon ahal izan dute. Hala, asteotan EBk hemeretzi labore transgeniko komertzializatzea baimendu du, eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen hainbat pestizida debekatzeari uko egin dio; indarrean dagoen ereduak are indartsuago bilakatzeko pausoak eman ahal izan ditu, osasun arloan edo tokian tokiko produkzioaren babesari dagokionez EBk AEBen aurrean ezar zitzakeen “trabak” desagerraraziz. Horren aurrean, Via Campesinak apirilaren 17ko Nekazarien Borrokaren Eguna baliatu zuen TTIPek ekar dezakeena salatzeko, baita Euskal Herrian ere.

Brasilen lehen sektorean aritzen diren multinazionalen presentzia fisikoki hauteman daiteke milaka kilometro koadro betetzen dituzten transgenikoen monolaborantzetan, multinazionalek gobernuan kokatu dituzten kideetan, edo mugimendu sozialekin komunikabideetan nahiz kalean izaten dituzten liskarretan. Geurean ez daukagu horrelakorik. Txanponaren beste aldea da tokatu zaiguna: kontsumitzen duenaren %5 bakarrik ekoizten duen Iparralde Globalaren blokean kokatu dute Euskal Herria; deslokalizazioa,  sektorea desagerraraztea da multinazionalek erabakitako patua.

Sarea ehuntzen

Erantzuna hasia da, ordea, presentzia irabazten. Egunkariko zutabean, hauteskunde kanpainako ekitaldian, barazki otarre eta haragi paketeen joan-etorrian, eskolako guraso bileran, hitzaldiaren kartelean, kontsumo sareetan... Gero eta sarriago irakurri edo entzuten dira elikadura burujabetza, nekazaritza ekologikoa edo nekazaritza jasangarria –ekologikorako trantsiziotzat hartzen dena– kontzeptuak.

Zerain Dezagun Fundazioa, Lurzaindia, Ekolapikoa, Esnetik kooperatiba, EH Hazien Sarea, Uribe Kostako Agroasanblada, Bertatik Bertara proiektua, Nekasare, Urduñako ekoizpen zerbitzua, Larrabetzuko udal jangelak, BasHerria, Errigora proiektua, Bide Berriak dokumentala, Laneko kooperatiba, Arratiako Agroasanblada, Aramaioko elikadura eta energia burujabetza proiektuak, Idoki, Sopelako elikadura jasangarriko proiektua, Bedarbide Elkartea, Erriberako Sare Agroekologikoa, Basaburu... Ale txiki askok osaturiko sarea ari da ehuntzen.

Plano orokorrago batean Euskal Herriko Elikadura Burujabetzaren Aldeko Eragileen Aliantza eratu da, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ere jasotzen du elikadura burujabetza, UEU eta EHU hasiak dira ikastaroak ematen, eta Etxalde bera ere ari da bidea egiten.

Gizarte moderno batek lehen sektorea atzean utzi beharko ote zuelako errezeloa zabaldu zen duela hamarkada batzuk geurean; lehen sektorea atzean uzten duen gizarte batek menpekotasun handiegiak jasan beharko ote dituelako errezeloa ari da zabaltzen orain.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


Eguneraketa berriak daude