argia.eus
INPRIMATU
Bazterketa sozialera behartuta gazteria
Juan Mari Arregi 2015eko ekainaren 12a

Egoera ekonomiko eta politikoari ez bazaio lehenbailehen buelta ematen, gure gazteria bazterkeria sozialean bizitzera beharturik aurkituko da. Eta nolako jendartea sortu dezakegu, horren zati garrantzitsuena, etorkizuna eraikitzeko ardura duen gazteria, sozialki bazterturik baldin badago? Benetan, egoera larria eta kezkagarria da honakoa. Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) gogorarazi digu egoeraren larritasuna, mahai gainean datu estatistikoak jarrita.

Erakunde horren txosten baten arabera, Espainiako Estatuan 16 eta 29 urte artean dituzten gazteen erdiak –Hego Euskal Herriaz ari da– ez dauka gaitasunik ordenagailuak lanerako erabiltzeko. Espainia azken aurreko postuan dago –Italiaren aurretik baino ez– Korea txapeldun den arlo horretan. ELGE osatzen duten munduko 34 herrialde garatuenetan, 35 milioi gazte daude ez ikasi ez lan egiten dutenak. Horrek esan nahi du ez daudela prest herrialde horietako hezkuntza sistema, gizarte edo mundu laboralean parte hartzeko. Izan ere, nola ikasiko dute lan arlora aplikaturiko informatika, lanik ez badute? Eta okerrago dena, izateko itxaropenik ez badute?

Egungo sisteman barneratze sozialerako tresna nagusia lana da; garapen pertsonala lan-munduan sartzearekin lotu izan da. Hala, lanik ez edukitzeak heriotza zibilera daramatza gure gazteak. Bazterkeria sozialak ondorio ugari ditu: delinkuentzia, droga, suizidioak, eta bere gazteak zatikatu eta hiltzen dituen jendarte gaixo bat sortzea.

Gobernuen erantzukizuna funtsezkoa da –izan Madril, Gasteiz edo Iruñekoa–, baita eragile politiko, ekonomiko eta sozialena ere. Gazteen langabeziaren odolustea geratu beharra dago eta indar gehiago bideratu behar da enplegu duina sortzera. Bestalde, gure sare industriala kontuan edukiko duen hezkuntza sistema eta politika sozialak behar ditugu: lanbide heziketaren alde egin behar da bai ala bai.