Lan (erre)produktiboa

Feminismoetatik sarri aldarrikatzen dugu, lan erreproduktiboa balioan jarri behar dela, gutxienez eta sikiera, produktiboa adina. Jendartean esan ohi da, lan produktiboa dela bizirauteko behar dugun hori, hau da, diru truk egiten dena, estatusa emango diguna, beraz esfera publikoan jazotzen dena, errekonozimendua zor zaiona, eta maskulinoa dena, osoki. Eta ez ordea, erreproduktiboa, hau da, zaintza lana, erditzearena, janaria prestatzearena, beharrak antolatzearena... femeninoa eta isildua.

Eta ulertzen badut ere banaketa kontzeptual hori, gero eta konbentzimendu handiagoa dut kiratsa dariola. Ulertu baita, krisi honen magalean, lan produktibo horiek guztiak amaituta ere, erreproduktibo ziren horiekin biziraun dugula misterioski. Ez ote da finean, erreproduktiboa zena, benetan produktiboa? Hain zuzen, bizitza bera produzitu eta mantentzen duena? Eta erreproduktiboa, sistema heterokapitalista honek biziraun dezan erreprodukzio mekanikoenaren bidez egiten dena? Soldatapeko esklabotzan mantendu gaituena, nork dakigu noren mesedetan?

Ez al da garaia, behin Valerie Solanasek esan bezala, generoen tasunak irauli gisan, lanei ere bere izenez deitzekoa?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude