argia.eus
INPRIMATU
Gizarte Politika
Prebentzio neurrien premia
  • Javier Marotok, iruzurra argudio eta etorkinak jomuga, iritzi publikora ekarri du Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta zalantzan jarri du haren funtzionamendua. Babes sozialerako tresna garrantzitsu honen ezaugarriak aztertu ditugu, baita gizarte politikaren beste hanka nagusiaren argi-ilunak ere: gizarte zerbitzuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko apirilaren 14a
Irudian, Algortako familia bat etxegabetu duten unea (2014ko ekainean). Hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea funtsezkoa da, pobrezia gutxiago sortzeko, adituen esanetan.
Irudian, Algortako familia bat etxegabetu duten unea (2014ko ekainean). Hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea funtsezkoa da, pobrezia gutxiago sortzeko, adituen esanetan.Aritz Loiola / Argazki Press

Politika sozialen kalitatea, estaldura eta zerbitzuen azkartasuna orokorrean ona da EAEn, antzerakoa Ipar Euskal Herrian eta okerragoa Nafarroan, baina Espainiakoa baino nabarmen hobea hala ere. Garapen maila antzekoa duten herrialde europarrekin konparatuta, ordea, hobegarria da gure egoera. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) da babes sozialerako Eusko Jaurlaritzak duen tresna nagusia: beharra dutenentzako prestazio ekonomikoa. DBE eskubide subjektiboa den heinean, errenta bermatzera bideratzen den dirua eskaeraren –beharra dutenen– araberakoa da, ez da diru-partida mugatu bat. Jende bat pobreziatik ateratzeko eta beste jende baten pobrezia arintzeko erreminta eraginkorra izaten ari dela diote datuek eta bereziki pobreziaren mugan daudenei laguntzeko balio du, Felix Arrieta Gizarte Laneko irakasleak gogoratu duenez: “Adibidez, pentsio oso baxuak dituztenei (alargunak normalean) pentsioa osatzen laguntzen die, eta denbora luzez langabezian dirautenak ere babesten ditu”. Azken finean, adabaki funtzioak egiten ditu DBEk, beste politikek uzten dituzten hutsuneak estaltzeko: etxebizitza alorrean dauden politika hutsalak, langabeziagatik dauden prestazio eskasak, lan egin ezin duten etorkinak arautzeko arazoak… Hori dio Joseba Zalakain gizarte zientzietako adituak. Are gehiago, nolabait Gizarte Segurantzaren hutsunea betetzen du, Felix Arrietaren arabera: “Gizarte Segurantza propioa izateko aukera jasotzen du Gernikako Estatutuak eta horrek ahalbidetuko liguke pentsio sistema eta langabezia kudeatzea edota lan esparrua beste modu batera antolatzea, konbentzituta nago Gizarte Segurantza ekonomikoki gure gain hartzeko prestatuta gaudela, baina Espainiako Gobernuak beti ukatu digu aukera hori, kutxa bakarra eta espainiarren arteko elkartasun printzipioa argudiatuta. Bitartean, DBEk neurri batean funtzio hori betetzen du langabezia prestazioak edo pentsioak orekatuz”.

Frantziako Estatuan, Ipar Euskal Herrian barne, antzekoa da gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko sistema: Revenu de Solidarité Active (Elkartasun Aktiborako Errenta) delakoa DBEren gisakoa da kontzeptuan, inbertsio mailan eta estalduran. Nafarroan aldiz, krisiaren lehenengo urteetan oinarrizko errenta sistemak estaldura maila egokia zuen arren, oinarrizko errenta hori 2012an Gizarte Integraziorako Errenta (GIE) bilakatu izanak atzerakada handia ekarri zuela salatu du Miguel Laparra soziologoak: epeetan mugak ezarri ziren eta baldintzak zorroztu zituzten (erroldari lotuta, adibidez); ondorioz, behar duten guztiek ez dute errenta jasotzen. Eta jasotzen dutenek, gainera, EAEn baino kopuru dezente txikiagoa jasotzen dute.

Etxebizitzaren Prestazio Osagarria eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak ere badituzte EAEn –Nafarroan larrialdietarako laguntzak baino ez dituzte, estaldura eta kopuru askoz txikiagoan–. Etxebizitzaren Prestazio Osagarriak aterpea bermatzea du helburu eta osagarria da DBErekin; Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak Jaurlaritzak ordaindu eta udalek kudeatzen dituzte, baina ez da eskubide subjektiboa eta hortaz diru kopuru jakin bat bideratzen da gizarte-larrialdietara, eskaera handiagoa izan daitekeen arren.

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta vs. Oinarrizko Errenta Unibertsala

Aipatu ditugun errentak ez dira nahastu behar oinarrizko errenta unibertsalarekin, alegia bakoitzak herritar izateagatik gutxieneko errenta bat izateko eskubidearekin. Fiskalitatea euren gain izanik, EAEk eta Nafarroak errenta unibertsalaz eztabaidatzeko tresnak badituztela azpimarratu du Arrietak, gaur egungo gutxieneko errenta ez baita unibertsala, errolda baldintzei edota enpleguari dago lotuta, “baina gutxieneko errenta lotu behar al zaio enplegu bat izateko gaitasunari? Errentaren unibertsaltasunarekin talka egiten du horrek; beste kontzeptu, kopuru eta ondorioak lituzke oinarrizko errenta unibertsalak”. Hain juxtu, 2012tik udal gizarte zerbitzuen ordez Lanbide enplegu zerbitzua da DBE kudeatzeaz arduratzen dena, errenta jaso ahal izatea ordaindutako enpleguari estuki lotuta dagoen seinale. Lanbidek DBE bere gain hartzeak eragin du batetik zerbitzuaren kolapsoa –lan eskergagatik– eta bestetik –egoki egiten ez den– kudeaketa ekonomikora mugatzea arreta: “Udaletako gizarte zerbitzuetan egiten zen jarraipena eta laguntza galdu da, Lanbiden ez dagoelako gizarte lanetako profila duen jende nahikorik, iristen diren kasuak ikuspegi eta integrazio sozialetik jorratuko dituztenak”, azaldu digu Arrietak.

Ez da errentari egiten zaion kritika bakarra. DBE jasota ere, jende asko ez dela pobreziatik ateratzen gogoratu du Zalakainek, beharrizan guztiak ez dituelako asetzen, edota beharra duten guztiek ez dutelako errenta jasotzen. DBE mantentzea beharrezkoa da, baina sorospen sistema batetik harago joango den eredua birpentsatzea funtsezkoa dela dio adituak. “Gehiago begiratu behar diegu pobrezia sortzen duten sistemei eta ez hainbeste sortu ondoren pobrezia leundu nahi duten neurriei. Hots, politika birbanatzaileetan bakarrik ez, politika aurre-banatzaileetan ere indarra jarri beharko genuke: hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea premiazkoa da, pobrezia gutxiago sortzeko. Prebentzioa da gakoa, neurri paliatibo asko izanagatik lan merkatu ahula edo baztertzailea baldin baduzu (desorekatua soldatetan, prekarioa, kalitate gutxiko lanetan oinarritua…) hankamotz zaudelako. Eta berdin jendea atzean uzten duen eta edozein familiako seme-alabei aukera berdinak bermatzen ez dizkien hezkuntza eredua badaukazu, edo eskolak ez badu eskaintzen egungo egoerara egokitzen den behar bezalako prestakuntza. Bestela, Espainiari edo Greziari gertatutakoa gertatuko zaizu, zure aukera bakarrak eraikuntza, turismoa eta balio txikiko sektoreak direla, eta hor kasik ezinbestekoa da pobrezia egotea”.

Arrietaren ustez, oreka aurkitzea da zailena: “Elikagai bankuek adibidez oso lan ona egiten dute, baina horrek ezin du izan eredua, asistentzian oinarritutako ereduaren gainetik egon behar dute erakundeek eta herritar gisa guk ere beste zerbaiten bila jo behar dugu, ezin dugu utzi erakundeen esku solidaritatearen garapen guztia”. Miguel Laparrak gehitu du Nafarroan egun duten eredua obsesionatuta dagoela herritarren kontrolarekin, dirua jasotzen dutenak baldintzak zorrotz betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz. “Kontua da, ekintzak horretara daudela zuzenduta eta ahalegin gutxi egiten dela prestazio ekonomikoaz gain gizarteratze prozesu bat eskaintzeko, pertsona horrek lana lortu ahal izateko, formazioa gaurkotzeko, bizi-baldintzak hobetzeko…”.

Eredua birpentsatu ezean, desorekak kronifikatzeko arriskua dagoela ohartarazi du Zalakainek: batzuentzat oso enplegu onak, eta oso kalitate txarrekoak bestetzuentzat, biztanleen %20-40 bizitza osoan prekarietate horretatik atera ezinik lagako dituztenak.

Gizarte zerbitzuak, beste hanka nagusia… eta desorekatua

Gizarte zerbitzuak dira politika sozialen beste zutabeetako bat. Zerbitzuok bereziki lau kolektiboren beharrei erantzuten diete: babesgabe dauden adin txikikoak (programa bereziak daude familia gatazkatsuentzat, baita droga edo bestelako menpekotasunak dituzten nerabeentzat ere, eta pisu eta egoitza espezializatuak, azken buruan); menpekotasuna duten adinekoak (zahar etxeak daude, eguneko zentroak, etxez etxeko zerbitzuak…); ezgaitasunen bat duten pertsonak (egoitza espezializatu ugari daude, Gureak gisako enplegu zentroak…); eta gizarte bazterketa sufritzen dutenak. “Azken hori ongi zehaztu gabeko zakua da oraindik, zer da gizarte bazterketa jasatea? Zaku zabala da, hein handi batean ezezaguna, eta horregatik ez dauka arazoari aurre egiteko beste hiru kolektiboen moduko sare definiturik –azaldu digu Arrietak–. Zaku hori da egungo erronka nagusiena, pobreziari aurre egin behar zaiola esaten denean horretaz ari garelako. Zentroak, aterpeak… badaude, baina sarri irabazi asmorik gabeko erakundeen esku (Caritas, Emaus, Gurutze Gorria…), administrazio publikoaren aurretik joan direlako, gizarte zerbitzuak izan direlako inoiz inori inporta izan ez zaion arloa”.

Arrietak bi arazo nagusi ikusten dizkie EAEko gizarte zerbitzuei: gestio desorekatua eta ereduaren eztabaida eza. Izan ere, foru aldundiek dute gizarte zerbitzuen eskumena, eta hortaz, gipuzkoar, bizkaitar eta arabarrek aukera ezberdinak dituzte gizarte zerbitzuetara sartzeko. Hirugarren adinekoei eskainitako zerbitzuei buruz egin duen tesian hala ondorioztatu du, kudeaketa eta tarifa eredu diferentea baitute hiru lurraldeek, eguneko zentroetan, zahar etxeetan nahiz menpekotasun laguntzetan. “Osakidetzak sistema bakarretik erantzuten dien moduan osasun beharrei, gizarte zerbitzuen sistema bakarra izan beharko genuke, erakunde bakarraren esku. Aurkakoek diote gertutasuna galduko genukeela, baina auzoko anbulatorioa urrun sentitzen al du herritarrak? Gizarte zerbitzuei duten garrantzia eman eta herri gisa estrategia bateratua –herritar guztiei aukera berdinak eskainiko dizkiena– behar dugu”. Etorkizunak zer dakarren ikusi beharko da, Gizarte Zerbitzuetako Saila onartu baitu berriki Eusko Jaurlaritzak, hiru lurraldeetako sistema eta zerbitzuak homogeneizatzeko bidean.

Eredua berriz, inertziak markatzen duela dio Arrietak, alderdiek ez dutelako hausnarketarik egin. “Aldundiek ez dute eredurik gizarte zerbitzuen arloan, dagoenari jarraipena ematen zaio. Zein babes sistema nahi dugun eztabaidatu beharko genuke. Adibidez, hirugarren adinekoei nola emango diegu arreta onena? Bermatu behar dugu guztiek plaza izatea zahar etxeetan? Ala dementzia edo gaixotasunen bat izan arren etxean jarraitu ahal izateko baliabideak jartzea da lehentasuna?”. Estrategia integralik ez dagoela kritikatu du, udalak direla azkenean gauza hauetan guztietan pentsatzen duten erakundeak, eta udalak direla, hain juxtu, aurrekontu txikienak eta baliabide gutxien dituztenak.

Patata beroa udalen gain

Arretari lotutako zerbitzu asko dituzte udalek –bazterketa egoeran daudenen lehen mailako arreta, esaterako– eta baliabide gutxi, besteak beste Joseba Zalakainen hitzetan udalen fiskalitatea oso baxua delako; alegia, zerga gehiago kobratu ditzaketela. Kontua da, Felix Arrietak dioenez, udalek ez dituztela argi euren eskumenak, EAEn ez baitago udal legerik, eta horrek dakarrela finantzaketa argirik ez izatea eta udalek sarri dena euren gain hartzea (kultura, garraioa, gizarte zerbitzuak…).

Politika sozialetan hainbat herrik egiten duen ahaleginaren adibide da Donostia: gizarte bazterketa kasuei aurre egitera zuzendutako diru-laguntza laukoiztu egin du lau urtetan, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen eskaera guztiei aurre egiteko Jaurlaritzaren diru-partida osatu du (kopuru osoaren %41 udalak jartzen du) edota gizarteratzeko laguntzen bidez donostiarren behar oso anitzei erantzuten die: elikagaiak, ostatua, formazioa, laguntza juridikoa, zorpetzea, haurtzaindegia, instalazio elektrikoa, arropa, botikak, garbitzeko materiala… “Sarri, alkatearen eta udal gobernuaren borondatearen araberakoa da herriko politika soziala, eta ezin du horrela izan, arlo estrategikoa behar du izan, eta ardura kolektiboa”, azpimarratu du Felix Arrietak.

 

Prestazio sozialak, iruzurra eta etorkinak
PPko kideak (Javier Maroto tartean) Ayudas+Justas ekimena babesten.

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta ahotan sarri hartu du Javier Maroto Gasteizko alkateak azken boladan: prestazio sozialetan egiten den iruzurra saihestea omen du helburu eta DBE jaso ahal izateko baldintzak gogortu nahi ditu horretarako. Baina zer dio alkateak eta zer diote datuek? “Etorkinak gizarte laguntzetatik bizitzera datoz”, esan du Marotok, baina 2013an baino kanpotar gutxiago zenbatu zituzten 2014an EAEn eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, krisiak eraginda erkidegotik alde egiten dutenen %85 kanpotarrak dira (eraikuntza, ostalaritza, nekazaritza… gehiago dagoen lurraldeetara mugitzen dira, lan bila). “Gizarte laguntzetan egiten den iruzurra eskandalagarria da”, dio Marotok, baina Lanbideren ikerketen arabera, DBE laguntzetan egon den irregulartasuna %1ekoa da eta batik bat akats administratiboen errua da; benetako iruzurra gizarte laguntzen %0,3 baino ez da (3,8 milioi euro inguru). Konparaziorako, iruzur fiskalak 2.000 milioi euroko zuloa uzten du urtero EAEn (13.500 milioikoa ikuspegi ezkorrenen arabera). “Aljeriar eta magrebtar gehienak gizarte laguntzetatik bizi dira Gasteizen”, Marotoren esanetan, baina Lanbideren datuek argi uzten dute DBE kobratzen dutenen gehiengo handia “bertakoa” dela (%60,7 euskal herritarrak edo Espainiako Estatukoak dira, magrebtarrak berriz %9,3). Eta bi ohar: batetik, etorkinek (ere) DBE behar izatea ulergarria da, krisiak askoz gogorrago kolpatu dituen profiletako bat direlako eta maiz ez dutelako familia sarerik, kontrakoa –laguntzarik ez jasotzea– susmagarria eta kezkatzekoa litzateke; bestetik, azterketa guztien arabera etorkinek jasotzen dutena baino ekarpen handiagoa egiten diote Gizarte Segurantzari.

Zilegi da DBEn egon daitekeen iruzurra kontrolatzeko baldintzetan aldaketak proposatzea, baina laguntzak eskuratzeko sarbidea zailtzeak –eta hori da Marotok eskatu duena– ez du zerikusirik iruzurrari aurre egitearekin, are gutxiago prestazioa kolektibo jakin bati ukatu nahi zaionean. Hauteskunde bezperetan, propaganda politiko demagogikoaren kiratsa dario aferari, eta halako mezuak etengabe zabaltzea arriskutsua da, ez soilik tentsioa, zatiketa eta etorkinen estigmatizazioa areagotzen eta elkarbizitza kaltetzen dutelako, baita babes eta ongizate sistema bera kolokan jartzea ekar lezakeelako ere.

Ayudas+Justas?

Testuinguru hori guztia aintzat hartu ezean, zeinek ez luke sinatuko Ayudas+Justas (Laguntza bidezkoagoak) lelotzat daraman ekimen bat? Marotok eta PPk babestu eta sustatu duten ekimen herritarrak 30.000 sinadura bildu nahi ditu, DBE kobratzeko baldintzen araudia zorroztu dadin. Giro mikaztu horretan, alkatearen politika baztertzailea salatu dute Gasteizko 78 eragilek, Gora Gasteiz plataforma jaio da kultur, arraza, sexu joera… aniztasunaren alde, eta hiriburuko elizbarrutiko 68 apaiz agertu dira Ayudas+Justas ekimenaren aurka, diskurtso tranpatiarekin diskriminazioa bultzatzen duelakoan.

137.000 herritar behar larrian

2012tik 2014ra, pobreziak %50 egin du gora EAEn; biztanleen %16,8 bazterketa egoeran dago (360.580 pertsona inguru) eta %4,9 pobrezia larria jasateko arriskuan (105.000 lagun), zifra historikoa EAEn. Nafarroan, %4-5ari eragiten dio pobrezia larriak (32.000 biztanle) eta “bazterketa soziala pairatzen dutenen egoera kronifikatzeko arrisku handia dago Nafarroan, inoiz ez bezalakoa”, Miguel Laparra soziologoaren hitzetan.