argia.eus
INPRIMATU
Bada sekula epeltzen ez den kafe bat
  • Kafea eta Galletak. Noiz: martxoaren 14a. Non: Astra, Gernika. Musikariak: Morau eta Beñardo.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko martxoaren 24a

Berrogeigarren eta, itxura guztien arabera, azken edizioa zuen Kafea eta Galletak egitasmoak hilaren 14an. Han agertu ziren Andoni Tolosa “Morau” eta Beñardo Goietxe, elkarrekin ondu duten Arrainentzako himnoak diskoa zuzenean aurkeztera, Townes Van Zandt-en Live at the Old Quarter komentatzearekin batera.

Inoiz ez da masentzat pentsatutako kontzertu mota izan Gernikakoa, baina 2008an martxan jarri zenetik erreferentzialtasuna lortu du, jotzera gonbidatu dituzten musikariengatik bezainbeste, egitasmoaren originaltasunarengatik. Hilero elkartu, zuzenean aritu behar duen musikariak hautatutako disko bat entzun kafea eta galletak dastatu bitartean –hortik izena– eta ondoren formatu txikiko boloa.

Denbora luzez antolatu gabe egon ondoren, aho zapore ona utzi zuen Gernikako Lekuek festibalaren barruan egindako hondarreko saioak: aspalditik zebiltzan Morau ekarri nahian Leire Lopez antolatzaileak hasieran aipatu zuenez, eta hernaniarraren pop dibertigarriak aurreikuspenak ondo bete zituen. Eguneroko kontuen ironiaz beterik dago Goietxe beratarrarekin batera osatu duen diskoa; eta musikari askok inbidiaz entzungo dituzten melodiaz.

Bereziki hunkigarria egin zitzaidan Hondarribia 2012 kanta, baita The Smiths bertsionatuz kontzertua itxi zuen Bada sekula itzaltzen ez den argi bat ere. Ez niri bakarrik: ikusle batzuek agertoki gainean dantzan esan zioten agur Kafea eta Galletaki.

Bideoa:

Ikusi Morau eta Beñardo Gernikako Astran Zabortegi intergalaktikoa zuzenean jotzen: