Askoa Etxebarrieta

"Egunero borrokatzeko motibazioa eman dit flamenkoak"

  • Flamenko dantzaria da Askoa Etxebarrieta Lasheras “La Pulga”. Arkakuso da ezizenez,
    baina zinezko plazandrea agertokian dantzan esku-zartaka denean.

Miel Anjel Elustondo
2015eko martxoaren 15a
Zaldi Ero

Bialystok-era (Polonia) joatekoa zara, flamenkoa aitzakia.

Bai, internazionala da flamenkoa. Joaten zaren lekura joaten zarela ere, hantxe flamenkoa! Montrealen ikastaroa gidatuta nago, esate baterako, eta flamenkoa egiten zuen taldea ere aurkitu nuen, eta emanaldiak egin genituen. Mundu osoan zabalduta dago flamenkoa. Nire kasuan, flamenkoa ikasi nahi izan nuenean Granadara joan nintzen. Banekien Andaluziara joan behar nintzela, flamenkoa ondo ikastekotan. Bada, hara joan eta kanpoko jende mordoa ikusi nuen, flamenkoa ikasi nahian: amerikarrak, japoniarrak... Horrek erabat harritu ninduen, zeren eta hemen, Euskal Herrian, ez zegoen horrelako afiziorik. Aldiz, Granadara joan eta bazter guztietako jendea, flamenkoa ikastera joanda! “Tira, ez nauk ni flamenkoa ikastearren dena utzi duen zoro bakarra!”. Batzuk ziren gitarrista, beste batzuk dantzari… eta denak, ni baino urrutiagotik joandakoak hara.

Zu ez beste euskaldunik bazen flamenko ikasten Granadan?

Nerea bat bazen, Bilbokoa, eta besteren bat. Eta ni. Euskaldun gutxi Granadan flamenkoa ikasten. Eta Sevillan ere gutxi izan ginen… Baina badira. Mutilik, aldiz, ez dut ezagutu flamenkoa ikasten ari denik, ez Granadan, ez Sevillan, ez Madrilen. Hala ere, Euskal Herrian ere badira flamenkoa dantzatzen duten mutilak. Pare bat, Bilbon, nonbait.

Harrigarria ere bada. Andaluziarrak makina bat dira Euskal Herrian…

Beraien artean bai, zabaldu dute flamenkoa, baina besterik ez. Lehen, behintzat, Andaluziako etxeetan eta horrelakoetan baino ez zuten egiten. Ikastaroak, eskolak… beren bazkideei zuzentzen zizkieten, kanpora zabaldu gabe. Nire ustez, hobe zuketen gehiago zabaldu izan balute. 80ko hamarkadan, edo 90ekoan, Euskal Herriko egoera orain ez bezalakoa zen, flamenkoa ere ez zen orain bezain ezaguna, eta bestalde, Espainiari lotuegi agertzen zen, eta horrek, nahitaez, arbuioa eragiten zuen, neurri batean. Uste dut hemengo andaluziarrak garai hartan flamenkoa zabaltzen saiatu izan balira, ez zuketela harrera onik izango, eta alde batetik ulergarria zait: berrogei urtean txapela jaten ibili izan bazaizkizu, ezin bada normal onartu. Baina, bestalde, egia da flamenkoa artea dela, Afrikako edo Brasilgo musikak diren bezala, eta beraz, aurreiritzi horietatik urrundu behar da flamenkoa. Horretan, Francok kulpa handia izan zuen. Kalte handia egin zion flamenkoari. Hark flamenkoa eta Espainia lotu zituen, flamenkoa eta “ole!”, flamenkoa eta zezenak, eta gainerako guztia. Horrek batere onik ez zion egin flamenkoari. Are gutxiago Euskal Herrian.

Eta orain, irauten du aurreiritziak?

Nire ustez, orain garai ona da flamenkoarentzat Euskal Herrian. Gero eta saio gehiago programatzen dira, gero eta jende gehiagok du interesa, gero eta hobeto bereizten dira flamenkoa eta haren inguruko aurreiritziak… Ni Euskal Herrikoa naiz, euskalduna naiz, flamenkoa gustatzen zait, baina ez naiz espainola.

Zu espainola ez, zu La Pulga zaitugu…

.Flamenko dantzaria, 1976an Gasteizen jaioa, txikitan –10 urte nituela– balet ikasten hasi nintzena. Lehenengo, akademiaren batean ibili nintzen eta gero dantza kontserbatorioan ikasi nuen, laugarren ikasmaila arte. Ondoren, 15 urte, eta utzi egin nuen, adoleszentzian: beste gauza batzuk ere egin nahi nituen, lagunekin irten eta beste. Zortzi urte batere balet egin gabe egon nintzen. Dantza garaikidea ere egin nuen geroago, baina ez ninduen harrapatu. Azkenean, 1998an, flamenkoa ezagutu nuen Zaramazulon [2009ko otsailaren 24an itxi zuen lokala Guardia Zibilak]. Gustatu egin zitzaidan txalo korrua, bata dantzan hastea, bestea kantuan… Hango energiak harrapatu ninduen. Ondoren, ikastaroren bat egin nuen Rosa Lahozekin Gasteizen bertan, eta, udan, 2001ean, Granadara joan nintzen ikastaro trinkoa egitera. Hantxe konturatu nintzen benetan flamenkoa ikasi nahi banuen Andaluziara joan behar nintzela. Beraz, hona itzuli, egiten nuen lantxo bat utzi, mutil-laguntxoa ere utzi… Dena utzi eta joan nintzen.

Granadara lehenengo, Sevillara gero...

Bai. Ikastaro trinkoa egitera joan eta Granada ezagutu nuen, bertako giroa, lagunak egin nituen, irakasleak ezagutu… “La Presi”, esate baterako, bizian izan dudan irakasle onenetakoa, baina puskaz gainera! Hila da… Makina hutsa zen! Zenbait urte egin nituen han eta, gero, Granada txikia egin zitzaidala konturatu nintzen: lauzpabost irakasle besterik ez dago han. Orduan, Sevillara joan nintzen, hango eskola diferentea baita: gorputza, besoak… lantzen dituzte Sevillan, eta nik horixe nahi nuen. Launa urte egin nituen Granadan eta Sevillan. Bitartean, Euskal Herrira ere etortzen nintzen, dirua gastatzen zitzaidanean: hiru bat hilabetean taberna batean eta bestean lana beltz egin, dirutxoa aurreztu eta Andaluziara berriro!

Ikastera…

Gehiago ikastera. Behin ere ez duzu ikasten amaitzen, baina oinarri sendo bat izan, behintzat. Gero gerokoak! Oinarria baldin baduzu, hasi zaitezke dantzan musikariekin batera, badakizu zein den dantzaren egitura… Orain ere, esaterako, eta kuartel nagusia Gasteizen baldin badut ere, Madrilera joaten naiz bi hilabeterik behin, aste bateko ikastaro trinkoa egitera, gehiago ikasteko asmotan. Ikastaro horiek ikaragarri motibatzen naute. Madrilen flamenko giro handia dago, Gasteizen ez bezala. Hemen, ikastaroetara etortzen zaidan jendeak hobbya du flamenkoa, ez dute dantzari profesionala izateko asmorik. Madrileko ikastaroetan biltzen garenok, berriz, horixe nahi dugu, dantzatu, emanaldiak egin, ikuskizunak muntatu: giroa oso da ezberdina. Jendeak serio eta beltz egiten du lan, nahiz eskolan, nahiz eskolaz kanpo.

Zer zioten gurasoek zure flamenko zaletasunaz?

Flipatu egiten zuten! Ama, harri eta zur. Aitak: “Zuk euskal dantzak ez, baina flamenkoa bai!”. “Horixe gustatzen zait eta!”. Hala ere, hori hasieran izan zen. Orain ahal duten guztietan etortzen dira ni ikustera, gustatu ere egiten zaie flamenkoa, eta konturatu dira flamenkoa ez dela beraiek pentsatzen zuten gauza. Ama, adibidez, behin Sevillara etorri zitzaidan izekorekin batera. Sevillara joan nintzenean, etxe okupatu batera jo nuen: Casas Viejas zuen izena. Hara jo eta flamenko tailerra emango nuela esan nien. Horrela, okupa giro hartan zebilen jendea ezagutu nuen, eta gizarte mugimenduetan lanean ari zena. Han, flamenkoak protesta hitzak ere bazituela ikasi nuen, alternatiboa ere bazela flamenkoa. Ostegunetan, esaterako, El Pumarejo izeneko plazara joaten ginen, bertako gizarte etxera, biltzen ginen zahar eta gazte, denok borrokalari xamarrak, eta hori gure amari ikaragarri gustatu zitzaion. Orduan konturatu zen ama flamenkoa ez zela berak uste zuena, flamenkoa izan litekeela protesta. Izan zaitezke flamenko dantzaria eta Etxebarrieta, eta euskalduna, edo ez euskalduna. Izan ere, borrokalari asko ezagutu ditut nik flamenkoaren inguruan, kapitalismoaren kontra, sistemaren kontra daudenak. Badira flamenko batzuk sistemaren alde daudenak, eta beste batzuk kontra. Euskal Herrian eta euskaldunen artean bezala.

Balet klasikoa egiten hasi zinen…

Eta asko gustatzen zait oraindik ere. Baina oilanda gazte nintzen, eta utzi egin nuen balet klasikoa. Eta utzi eta bi urtera, balet ikaskide izandakoak ikustera joan nintzen, eta hura negar makakorroa nik! Arinkeriagatik utzi nuen baleta, eta institutuko ikasketen zamagatik: goizean institutura, bazkaldu, eta ziztuan balet egitera, egunero hiru ordu. Dena dela, balet klasiko dantzaria izateko aukera izan banu, hori ere izango nintzatekeen!

Bada alderik, hala ere, balet klasikoaren eta flamenkoaren artean.

Bai, bai. Hogeita hamabosten bat urte dituzunean ezin duzu balet klasikoa dantzatu. Alegia, ez dago adin horretan hartuko zaituen konpainiarik. Aldiz, flamenkoa dantzatzeko mugarik ez duzu. Bestalde, balet klasikoa oso arautua dago, legeak oso estuak dira: ezin duzu besorik lekutik kanpo ibili, adibidez, akats larria delako. Flamenkoan, berriz, bada jarrera bat, badira zenbait lege, baina bailaor-etan bakoitzak bere energia du, eta horrek asko janzten du flamenkoa. Balet klasikoa ikusi, eta emanaldi guztiak antzeko xamarrak irudituko zaizkizu, lehenengo dantzariak gorabehera, gisa berean ariko baitira. Flamenkoan ez da horrelakorik. Norberaren energiak askoz ere garrantzi handiagoa du. Hargatik dago hainbeste bailaor, eta ez dago bata bestearen berdinik.

Berdinik ez, eredurik bai.

Eredurik, idoloak… Carmen Amaya bat, esaterako. Hura emakume puska, hura bailaor-a. Gainera, zapateatzen hasi zen lehenbiziko emakumea izan zen. Ordu arte gizonezkoek baino ez zuten zapateatzen. Emakumeek beso mugimenduak eta gisakoak egiten zituzten, gizonezkoak zapateatzen eta esku-zartaka aritzen ziren bitartean, jarrita. Carmen Amaya zapateatzen hasi zen lehenengo emakumea izan zen, eta, bestalde, gizonezko askok baino hobeto egiten zuen. Makina hutsa zen! Harrezkero ez da sortu haren hankak dituen inor. Dantza egiteko prakak jantzi zituen lehenengo emakumea ere izan zen. Camarón kantuan izan dena, horixe izan zen Carmen Amaya dantzan.

La Presi, makina hutsa. Carmen Amaya, makina hutsa. Eta Askoa Etxebarrieta, La Pulga?

Ez dakit, bada… Niri asko gustatzen zaizkit hankak. Horixe dut nire alde: asko entseatzen ditut hankak, badut abiadura, nahiz eta zer landu handia dudan oraindik. Bestalde, besoak mugitzea-eta gutxiago gustatzen zait, eta hortik ere badut zer ikasi franko. Izan ere, ni soniquete-ak harrapatu ninduen, erritmoak, oinen erritmoa konpasean… gauza horiek gustatu zitzaizkidan, eta badakit dantza egiten dudanean igartzen zaidala.

Eta nola iritsi zara zure flamenko emanaldietan txalaparta eta gitarra espainola ere sartzera?

Ez gara lehenak izan txalaparta eta flamenkoa fusionatzen. Guk baino lehen Chua Albak ireki zuen bidea. Granadakoa da, baina dantza akademia izan zuen Bilbon. Gu harago joaten saiatu gara. Ikerketa egin dugu eta Chua Albak baino protagonismo handiagoa eman diogu txalapartari, gai guztietan sartu dugu, benetako protagonista egiteraino. Eta, gaur egun, ez dut ikusten guk egiten dugun moduko ikuskizunik. Hori bai, asto lan beldurgarria izan da, asteburu trinkoak buruan ilea baino gehiago joan zaizkigu lanean, hau eta hura pentsatzen, saiatzen, hitzak asmatzen…

Hitzak ere zuek idatziak dira.

Horretan ari gara. Eta batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz nahi ditugu. Tira, hasteko, badugu tango bat euskarazko hitzak dituena. Geuk egina. Horretan saiatzen gara beti, gauzak geuk lantzen. Hurrengo asteburuan ere lanaldi trinkoa egingo dugu. Asto lana da, esan dizut, baina ikaragarri gustatzen zaigu denoi.

Zer eman dizu flamenkoak?

Gauza asko. Lanbidea, egunero borrokatzeko motibazioa, helburu bat… Neure bizitza! Egunero entseatzen dut. Indar handia eman dit, ilusio ikaragarria. Bizitzan super inportantea da motibazioa izatea, honetarako edo hartarako. Flamenkorik egingo ez banu, tabernaren batean ariko nintzateke lanean seguruenera, asebeteko ez nindukeen lanean.

Hunkitu egin zara…

Bai… Oso ondo sentitzen naiz flamenkoa dantzatzen, eskolak ematen. Zorte handia dut, asko gustatzen zaidalako egiten ari naizena. Gustuko lanean ibiltzea, bestelako lan batean jardun beharrik ez izatea, asebetetzen nauen eginkizunean… zorte handia da.

Nortasun agiria

Askoa Etxebarrieta Lasheras (Gasteiz, 1976) flamenko dantzaria. Arabako Apodaka herriko ermitatik jaso du izena. Balet klasikoa landu zuen neska koxkorretan eta, geroago, gaztetan ekin zion flamenkoari. Ekin, eta jarrai. Ez dio harrezkero utzi. Duela aldi bat, ikerketan abiatu zen zenbait lagunekin batera –ez alferrik, La Pulga eta lagunak osatu dute taldea–, eta txalaparta, perkusioa, gitarra eta ahotsa batu ditu Berriketan izeneko flamenko ikuskizunean. Gasteizen du egoitza, baina munduan barrena ibili ohi da dantzari. Askoa euskalduna, flamenkoa buruan, eta ibili munduan.

Berriketan

“Nire flamenko ikasle baten bidez ezagutu nituen txalapartariak. Haiek flamenkoari loturik zerbait egin nahi zuten. Nik, txalaparta nahi nuen nire emanaldietan. Elkar ezagutu, hitz egin, eta Berriketan proiektua lantzeari ekin genion, txalaparta, perkusio-jolea eta hirurok. Handik laster, gitarra ere behar genuela konturatu ginen, gainerakoan perkusio larregi zegoelako. Ondoren, abeslaria ere sartu genuen. Horrela egin dugu, astiro-astiro”.

Entseguak

“Alfergura ematen dit entseatzen hasteak, baina entseatu eta gustura baino gusturago sentitzen naiz. Bukatu eta ‘hau poza! Egin dut’. Ateratzen ez zaizkizun gauzak landu eta ateratzen zaizkizula ikustean, poza. Borroka bat da, egunerokoa, zeure burua hobetzeko, gainditzeko zera bat. Eta hura lortzen duzunean, poza, eta beste helburu batzuen bila abiatzea”.

Azken hitza
Asko Vs. La Pulga

“Askoa Etxebarrieta neska normal bat da, bere borrokak dituena, une onak eta txarrak… Guztiok bezala. La Pulga, berriz, bailaor-a da, agertokian halako harrokeria bat ateratzen duena, ‘hemen nago ni!’ esaten duena, ‘gustatzen zaionari, ondo; gustatzen ez zaionari, bost!’. Askoak ez du horrelako grinarik eguneroko bizimoduan”.

Amaierarik ez

“Orain berriro boladan dago dindirri mantala, folklorikoek janzten duten janzki hori. Hasieran, ez zitzaidan gustatzen. Oin mugimendua gustatzen zitzaidan. Orain, berriz, dindirri mantala jantzi eta dantza egiteko gogoz nago. Esan nahi dut, bidea egiten duzula, eboluzionatu, gauza berrien bila jo… inoiz bukatzen ez dena”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Dantza

Dantza kanaletik interesatuko zaizu...
2019-01-17 | ARGIA
'Kirol legez/Fair Play' ikuskizuna sortu du Kukai dantza taldeak, Realarekin elkarlanean

Otsailaren 9an eta 10ean estreinatuko du Kukai dantza taldeak Realarekin elkarlanean sortutako ikuskizuna, kultura eta futbola uztartuko dituen Korner jaialdiaren baitan.


2019-01-14 | dantzan.eus
Erriberaren identitatea oinarri izango duen Laya dantza taldea osatu dute Tuteran

Erriberako hainbat herritako dantzari gazteak elkartu eta Laya dantza taldea sortu dute Tuteran. Abenduaren 24an atera ziren kalera talde moduan lehenengo aldiz, baina ez dira zerotik hasi. Badira ia 25 urte Laya elkartea sortu zela, Erriberako dantzarien eta erraldoien konpartsen inguruan lanean hasi zirela. Dantza taldeen sorrera sustatu zuten eta haien artean kooperatiba erako antolaketa hauspotu zuten. Erriberako hainbat herritako dantzariekin dantza talde komunak sortzen zituzten.


Marisa Barrena. Batailak galdu bai, borrokan etsi ez
"Irakasleok motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa?"

Lan politikoaren errepresentazioaz ari ginela, hauxe esan zidan Petra Bauer zinema zuzendariak: Kaleko irudi sutsuekin lotu ohi dela iraultza, gizon-saldoekin, baina, benetan, atzeko lan guztian dagoela gakoa, eguneroko lan ikusezinetan. Sukaldeko lana esan ohi diote. Halakoxe militantea dugu Marisa Barrena. Orain, adibidez, euskal emakumeei buruzko sarrerak idazten ari da Wikipedian, eta Bidelagun onenaren saria eman berri dio Mintzanet atariak.


Soka ez da eten, baina agintari gorenak sokatik kanpo kokatu dira

Euskal kulturaren eta nazioaren sokak bizirik dirauela berretsi du Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena loratu duen Oñatiko ekitaldiak, baina aldi berean, euskal agintari gorenak beren burua soka horretatik kanpo kokatzen dutela irudikatzeko balio izan du. Larunbatean Oñatin bildutako euskal kulturaren, jakintzaren eta politikaren ehunka ordezkarik penaz ikusi zuten nola irudikatu zen agintari gorenek gainontzeko herritarrekin markatu duten distantzia. Ez dira gainontzeko herritarren... [+]


2018-11-18 | Mikel Asurmendi
Juan Antonio Urbeltz
"Euskalduntasuna noraezean dago"

Iruñea, 1940. Folklorista. Euskal dantza eta musika tradizionalean aritua eta aditua. Donostian eman du ia bizitza osoa, aurten zendu den Marian Arregi emazte eta musikariarekin batera. Goizaldi taldean aritu zen 1958an eta Argia taldean ari da 2018an. Dantza ikertzaile porrokatua. Lan frankoren egile saritua. Gipuzkoako dantzak liburuaren egile Juan Ignacio de Iztuetaren figura “dantza”-n jarri du, Juan Ignacio de Iztueta y yo liburua (Txertoa, 2018) argitaratu ondoren... [+]


2018-10-25 | Jon Torner Zabala
Baztango mutildantzetan emakumea ez baztertzeko eskatu dute hainbat eragilek

"Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara, Jo ala Jo, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria eta Besta Batzordea eta Batzar Nagusiko zenbait kideren izenean, Baztango Mutildantzariak taldeari eskatu nahi diogu bazterketak egiteari uzteko, bai hemen, bai bertze edozein eremutan. Bazterketarik gabeko Baztan nahi dugulakoz".


2018-10-17 | dantzan.eus
Indarkeria ardatz hartuta, Bilboko antzerki eta dantza garaikide jaialdia hasiko da asteazken honetan

Bilboko Udalak antolatzen duen BAD jaialdia urriaren 17tik 28ra hiriko sei agertokitan ospatuko da dantza eta indarkeria lotuz. Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak, lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza eta Pablo Fidalgo artisten eskutik. Horrez gain, BADek lekua gorde du nazioartean ibilbidea duten ekoizpen lanetarako, Arkadi Zaides koreografoaren Archive edo Juan Domínguezen My Only Memory lanetarako, adibidez.


2018-10-04 | Erran .eus
Mutildantzetan emakumea baztertzearen kontra azaldu da Baztango Batzar nagusia

Udalaren osoko bilkurak, aldiz, salaketa hori errefusatu zuen joan den asteko batzarrean.


2018-09-17 | dantzan.eus
Dantza Hirian jaialdia irailaren 15etik 30era

Donostia, Hendaia, Irun, Errenteria, Pasaia, Baiona eta Hondarribiako plazak eta kaleak dantza garaikidearen agerleku bilakatuko dira irailaren 15etik 30era Dantza Hirian jaialdiari esker. Hamairugarrenez ospatuko da jaialdia, Dantza Garaikidearentzako plataforma da, Baiona-Donostia Eurohiriaren testuinguruan. Dantza garaikideak formatu txikiko obren bidez, eremu publikoa hartuko du.


2018-09-10 | dantzan.eus
Villabuena, Mendexa, Irun, Faltzes, Luzaide eta Pettarreko dantzariak izango dira Basaurin

Irailaren 14tik 16ra Euskal Herriko tokiko dantzen emanaldiak izango dira Basaurin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude