HSBCtik gobernura, kortsarioek eskuak edozertarako libre

  •  Ostatuetan orain “Fernando Alonso” esan eta edonork aipatuko dizu HSBC, edo Falciani. Trending topic. Mundua XXI.eko krisitzar itzel honetaraino bankugintza globalak ekarri duela salatu duten Attac bezalako taldeen garaipen txikia ote? Ez oraindik. Ez behintzat Stephen Greenekin  batera David Cameron auzitegira bidean ikusi artean. 


2015eko otsailaren 22an
Tengri News hedabidean aurki daitekeen 2013ko argazkia: Stephen Green Britainia Handiko Gobernuan Merkataritza ministroak –ezkerrean– bostekoa ematen dio Indonesiako Bayu Krinamurthiri. Bisita honekin Greenek bultzada eman nahi zion Munduko Merkataritza A
Tengri News hedabidean aurki daitekeen 2013ko argazkia: Stephen Green Britainia Handiko Gobernuan Merkataritza ministroak –ezkerrean– bostekoa ematen dio Indonesiako Bayu Krinamurthiri. Bisita honekin Greenek bultzada eman nahi zion Munduko Merkataritza Antolakundeak Dohan egin beharreko itun berriari, hain zuzen hitzarmen horren kontrako protestak mundu osoan zabaltzen ari zirenean. Cameronekin gobernuan egon aurretik Green HSBCko lehendakari egona zen, bankuak narkotrafikatzaileen dirua garbitu zuen urteetan. Bankari kortsarioa? Kortsarioa honela definitu du Wikipediak: “Gobernu baten baimena duen itsas-lapur edo pirata da. XVI. eta XIX. mendeen artean Europako herrialde askok ‘errepresalia gutunak’ (kortso agiriak) banatu zizkieten beren kapitainei, zeinetan herrialde etsaien merkatari ontziei eraso egiteko eta bertako zama lapurtzeko oniritzia ulertzen zen”.

Elizabeth Warren senatari  demokrata ezaguna ari zaio galdezka AEBetako legebiltzarrean Washingtongo gobernuaren ordezkari bati finantza aferez. “[2012ko] Abenduan HSBCk onartu du 881 milioi dolar beltz zuritu dizkiela Kolonbiako eta Mexikoko droga-kartelei (...). Ez da hanka sartze bat izan, gauza bera egin dute behin eta berriz urte luzeetan barrena.  Eta harrapatu egin dituzte. HSBCk isuna ordaindu du, baina bere arduradun bakar bat ez da auzitara eraman, inori ez zaio bankugintzan lan egitea galarazi, ez da planteatu ere egin erakunde horri lana debekatzea AEBetan. Horregatik galdetzen dizut zuri, diru zuriketan aditua zaren horri: zenbat milaka milioi dolar zuritu behar dizkiezu droga trafikoaren buruzagiei eta zenbat zigor ekonomiko pasa hankapetik, agintariek zuri negozioa ixtea erabaki dezaten?”.

2013ko martxoan egin zion galdera Elizabeth Warrenek AEBetako Gobernuaren defentsan azaldutako David Coheni. Grabazioa Youtuben dago ikusgai. Senatariak gero alderatu zituen droga saltzaile txikiei ezartzen zaizkien kondena gogorrak eta drogak mugitzen dituen milioiak zuritzen dituzten bankarien inpunitatea. Zergatik ote da?

Erantzuna bere aldetik emana zeukan finantzako erakundeen gardentasuna eta zor bidegabeen auditorian aspalditik ari den Eric Toussaint belgikarrak:  arazoa ez da HSBC bezalako banku lapur batek ez duela aski ostu, alderantzizkoa da, sobera gizendu dira: HSBC bezalako erakundeak ezin dira zigortu “Too Big To Fail” direlako, porrot egiten uzteko handiegiak.

Toussaintek Hirugarren Munduari Zorra Desegiteko Batzordearen (CADTM frantsesez) webgunean duela urte bete idatzitako analisiari honako titulua ipini zion: “Les barons de la banque et de la drogue” (Bankuen eta drogaren ugazabak). Inork ez du auzitara eraman ekonomialari belgikarra, inork ez du auzitara eraman orain artean HSBC ere. Isiltasuna nagusi.

Gakoa, Toussaintentzako, aginte politikoekiko loturetan datza. Ez da lotura teoriko bat, protesta ekintzetan demagogia kutsuz oihukatu daitekeen salaketatik harago doa. Izen-abizenak jarri dizkio Toussaintek: “Stephen Green, patron de HSBC (2003-2010) devenu ministre britannique du Commerce (2011-2013), une figure emblématique”.

Stephen Keith Green (1948) bankari eta politikariak irudikatzen du finantzen eta politikaren artean dagoen sinbiosia. Hori gutxi balitz, gobernuko ministro izan baino lehenagotik da Ingalaterrako eliza anglikanoko apez ere. Bi liburutan eskaini ditu ikasgaiak negozioen eta etikaren arteko loturez. On da jakitea nola zerbitzatu berdin Jainkoa eta Zesar erreprotxu moralik gabe.

Gaztetan diplomazian egin zuen lan Greenek, kolonietarako ministerioan. Gero McKinsey kontsultoran jardun zuen. 1982an fitxatu zuen HSBCk eta laster irabazi zituen graduak bertan. 2003an bankuaren zuzendari exekutibo izendatu zuten, 2006tik 2010era bitartean lehendakari egiteko. Urte horretan egin zuten bizi osorako senatari Lorden ganbaran Baron Green of Hurstpierpoint izendaturik. 2011tik 2013ra Londresko gobernuan egon da David Cameronen Merkataritza eta Berrikuntza ministro.                      

Drogak eta inperioa

Baina ministro izatera iritsi baino  lehenagotik zegoen Stephen Green –bera buru zuen bankua– narkotrafikoaren dirua zuritzeaz akusatua. 2005ean New Yorketik Bloomberg agentziak salatu zuen HSBC horretan ziharduela. 2008an AEBetako gobernuak jakinarazi zion Greeni Mexikok salatu ziela HSBCren bertako ordezkaritza sartuta zegoela krimenaren dirua legezkotzen. Behin eta berriro ohartarazi ostean, azkenean 2012an 1.900 milioi dolarreko isuna jarri zioten Washingtoneko agintariek.

Toussaintek dioenez, “Stephen Green ondo kokatuta zegoen jakiteko zer gertatzen zen Mexikon, paradisu fiskaletan, Ekialde Hurbilean eta AEBetan, zeren eta HSBCren agintari nagusia izan aurretik aritua baitzen HSBCren Bermuda (paradisu fiskal ezaguna), Mexiko eta Ekialde Hurbileko egoitzetan”.

AEBetako agintarien mugimenduei usaina harturik, banku kortsariotik garaiz egin zuen jauzi lehorrera... Londresko gobernuaren portuan aurkiturik babesa. 2010ean izendatu zuten lord eta 2012an David Cameronen gobernuan harrapatu zuen HSBCri AEBetan jarritako isunak. “Hau irakurri polizien nobela beltz batean eta esango zenuke idazleari eskua urrutitxo joan zaiola”, dio Toussaintek.

Gobernuko karguaz gain Green azken urteotan aritu da industriako patronalaren zuzendaritzan, Londresek Joko Olinpikoen antolaketa lortzeko negoziaketan ere bai. David Cameronek ez du sekula baimendu Greeni Lorden ganbaran HSBCz galderarik egin dakion: Lord Greenek izugarri lan ona egin du gobernuaren barruan Britainia Handiaren esportazioak indartzeko eta nabarmenki Europar Batasunaren eta AEBen arteko itun berria (TTIP famatua) aurrera atera dadin. Berdin sustatzeko britainiarrek ekoiztutako armen esportazioa.

Stepehn Greenek bere buruan pertsonifikatu du HSBC izan dena inperio britainiarrarentzako. Gaur mundu osoko 75 herrialdetan 260.000 langile eta 54 milioi bezero dauzkan Hong Kong and Shanghai Banking Corporation (HSBC) sortu zenez geroztik dago drogen nazioarteko salerosketari lotua.

Bi gerra irabazi zizkioten britainiarrek –Washingtonek lagunduta– Txinari, bigarrena 1856-1860 artekoa, biak opioa zeukatenak sustraian. Ingelesek zanpatuz geroztik Txinak bazterketa handia nozitu du ondorengo mende eta erdiz.

Bakearen truke Txina galtzaile umiliatuak onartu behar izan zuen orduan britainiarren inperioa zen Indiatik nahi adina opio libre sartu ahal izatea. Hong Kongeko kolonia gotortu zuen Londresek eta han 1865ean opioaren salerosketan berezitutako merkatari eskoziar batek sortu zuen gaur HSBC dena.

Hong Kong Txinari itzultzerakoan, Londresera eroan zuten HSBCren egoitza nagusia 1993an. Baina bere historiari fidel, agintariek berriro aurkitu dute droga trafikoak sortutako dirutzak zuritzen, truke tasen manipulazioan, interes tasen gaineko deribatuen iruzurrean,  enpresa txikientzako sasi-aseguruen iruzurretan, urrearen eta zilarraren prezioak manipulatzen... eta asteotan munduko espektakulu nagusi bihurtu den eskandaluan: zergak saihesteko iruzur masiboan.

Toussaint: “HSBC britainiarrarenak hezur-mamitzen du ‘espetxean erortzeko handiegia’ dotrina”. Orain arte hala izan da. Berdin 2015ean?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Falciani zerrenda
2018-04-05 | ARGIA
Falciani aske utzi du Espainiako Justiziak, zaintzapean

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Diego de Egea epaileak libre utzi du Herve Falciani, poliziak Madrilen atxilotu eta hurrengo egunean.


2018-04-05 | Miren Osa Galdona
Falcianiren atxiloketa, politikari katalanak estraditatzeko presio neurria?

Asko izan dira atxiloketa Kataluniako egoerarekin lotu dutenak, Anna Gabrielen eta Marta Roviraren estradizioetan presio egin nahi duelakoan.


2015-03-17 | ARGIA
Bizi-HSBC afera: poliziak boluntarioei ADN arrastoak hartu nahi dizkie

Poliziaren etxean behin azaltzea ez dute aski izanen Bizi!ko kideek: agenteek eskuratu nahi zituzten ADN frogak emateari uko egin diotenez, berriro galdezkatuko dituzte hilabete honetan bertan. Horrela doa luzatzen dirudun handiei iruzur fiskala egiten aritu den HSBC bankuaren... [+]


2015-02-22 | Juan Mari Arregi
Hemengo beste Falcianiak

Egunotan HSBC bankuko 203 herrialdetako 106.000 bezeroen –iruzurgileak eta iheslari fiskalak–; zenbait izen filtratu dituzte hedabideek; 200.000 milioi dolar zituzten euren kontuetan. 9.187 Frantziako Estatuko bezeroak dira, 2.694 Espainiako Estatukoak, eta 169... [+]


2015-02-18 | ARGIA
Bizi!-ren egoitzara sartu da Frantziako polizia HSBC bankuko aulkien bila

Frantziako Polizia Bizi!-ren egoitzan sartu da, HSBC bankuaren Baionako bulegotik hartutako aulkien bila. ehKz-k egindako bideoan ikus daiteke polizia bulegoan sartu den unea.


Eguneraketa berriak daude