Ekonomia feministak gizakiaren bizitza erdigunean kokatu beharko litzatekeela dio. Bizitza babesteak, besteak beste, zaintza lanak ikusgarri egitea eta baloratzea esan nahi du. Hausnarketa hori ez al dago kontraesanean feminismoak kritikatzen duen ideologia hegemonikoarekin, hau da, amatasun tradizionalaren ereduarekin?
Irati Fernández Pujana: Ekonomia feministak dio, parametro patriarkal eta kapitalistak bertan behera utzi ahal izateko, bizitza erdigunean jarriz gero mekanismo instituzional, sozial eta pertsonal guztiak zaintzaren inguruan mugituko direla. Baina jakina, abiapuntutzat sexu bereizketa baldin baduzu, hau da, amari lan hauek dagozkio eta aitari beste hauek, ekonomia feministaren mezutik ondorioztatuko duzuna da zaintzari aurre egin behar diona emakumea dela, ama. Abiapuntuak ez luke horrela behar. Sexu bereizketa alboratzen baduzu, zaintzari eta etxeko lanei, jendarte parekide hipotetiko batean, denok erantzun beharko genieke.
Feministekin egin nuen ikerketan bikote heterosexual batek honela jokatu zuen bi semeen zaintzaren aurrean: umeen zaintza lehentasuna izango zen eta horren arabera amaren eta aitaren agenda, denbora, espazioak, harremanak, militantzia, lana, moldatuko zituzten.
Umeak jarri zituzten erdigunean. Emakumeak kontzientzia feminista handia zuen, eta haren ustez umearekiko eta bikotekidearekiko harremana ez zen ari gauzatzen modu naturalizatzailean.