ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 25a
Grezia

Zein izango dira Syrizaren lehenbiziko neurri ekonomikoak?

  • Syrizaren lehen gobernuan ekonomia ministro izango den Yanis Varoufakisen hitzetan, Europak ez dio Greziari iturria itxiko “dauzkagun proposamen arrazionalak azaltzen badizkiegu”.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2015eko otsailaren 01a
Yannis Varoufakis ekonomia ministroa.
Yannis Varoufakis ekonomia ministroa.

Yanis Varoufakis (1961) izan daiteke Syrizaren lehen gobernuan Alexis Tsiprasek ekonomia ministro izendatuko duena. The Global Minotaur liburuaren idazle, George Papandreou lehen ministroaren (PASOK) aholkulari aritu zen, haren kritiko zorrotz bilakatu aurretik.

1929ko krisitzarretik berpizteko AEBek ezarri zuten estrategia keynestarra aldarrikatzen du Europarako. Andy Robinson kazetari nekaezinak azken elkarrizketan eskatu dio laburbiltzea Syrizak ondoko hilabeteetan ezarri nahiko duen politika, “Yanis Varoufakis: "Vamos a desmantelar la cleptocracia griega’” artikuluan jaso duena La Vanguardiarako. Hona pasarte labur batzuk:

Europako Banku Zentralak (EBZ) Greziari likideziaren iturria ixteko arriskurik ikusten duzu, Troikaren murrizketak ez onartzekotan?

Beti daude arriskuak, baina ez dut uste EBZk likidezia kenduko digunik zuzenean joan eta Frankfurt, Paris, Berlin eta Bruselako gure bazkide europarrei azaltzen baldin badizkiegu dauzkagun proposamen arrazionalak. Aste batzuetako tregua eskatuko dugu, politika berri horiek haiei azaldu ahal izateko.

Zein izango dira proposamenok?

Lau fase dauzkate. Lehenbizi, oso landutako plana daukagu zorrarekin egin beharrekoaz, orain ez naiz xehetasunetan sartuko. Gero, egongo da programa bart erreforma sakonez osatua, guk, eta azpimarratzen dizut guk hori, ezarri nahi ditugun erreformez eta ez Nazioarteko Diru Funtsak edo ELGAk edo dena delakoak inposatutakoez. Alegia, erreforma horiek garbi utziko dute ez gaudela prest berriro 2010ean geunden egoerara itzultzeko.

Nolakoa izanen da erreforma?

Elitearen zergekiko immunitatea borrokatuko dugu. Kontua ez da soilik zergetatik ihes egiten dutela, kontua da haien errentaren zati handi batek zergarik eduki ere ez daukala. Kleptokrazia bat dago Grezian, bekatuzko triangelu bat hauez osatua: estatuaren hornitzaileak, bankeroak eta hedabideak. Triangelu hori eraisteko erreformak proposatuko ditugu. Eta beste aldetik, emergentziazko neurriak proposatuko ditugu Greziak bizi duen krisi humanitarioari erantzuteko. Europar guztiei interesatuko zaie neurri horiek aztertzea, bai behintzat Egunsenti Urrekararen sutea zabaltzen utzi nahi ez dutenek.

Europako liderrek uko egin diote zorrozki Troikaren programa ezertan aldatzea, ez da hala?

Guk proposatu behar dugun memorandum alternatiboa zuhurra da eta arrazionala. Horregatik ezin dut sinetsi Europako Banku Zentralak esango digunik “Aski da, jaun-andreok, zanpatu egingo zaituztegu”. Zor publikoa jaulkiko dugu Greziako estatuaren hurrengo sei hilabeteotako jarduera bermatzeko. Banku greziarrek erosiko dute eta EBZk eskaintzen duen likideziarentzako bermetzat erabaliko da. EBZk eman dezakeen likideziarentzako muga finkorik ez da. Irlandaren kasuan 70.000 milioitaraino igo zuten. Euroa zatitzea saihestu nahi baldin badute, behar den mailaraino handituko dute likidezia.

Soluziorik egon liteke Grezia soilik harturik?

Ez. Eurogunean inbertsio bidez ekonomiaren biziberritzea sustatzeko neurriak proposatuko ditugu. Ez bakarrik Greziarentzako, baita ere Espainiarentzako, Irlandarentzako. Syrizak defenditzen du Stuart Holland eta biok prestatu dugun proposamen apala, zeinetan proposatzen dugun Europarako New Deal bat oinarritua inbertsio publikoan, enpleguen sortzean eta zorraren berrantolaketan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Syrizaren erronka

Syrizaren erronka kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko otsailaren 01a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude