argia.eus
INPRIMATU
Gogoratu eta eskatu
Kattalin Miner @MKattalin 2014ko abenduaren 29a

Aurrekoan elkarrizketa batean galdetu zidaten zer azpimarratuko nuen, jada bukatutzat eman dugun 2014az. Automatikoki, ondo akordatu gabe ere, zerrendatu nizkion aurtengo mugarri politikoak.  

Baina amaitzeaz bat ohartu nintzen ez niola hori erantzun nahi. Esan nahi niola aurten negar asko egin dudala. Beste edozein urtetan baino gehiago. Ez dela dena izan tristeziaz ez, izugarrizko hauspotzeak ere izan ditudala, eta bai, barre ere inoiz ez bezala egin dudala. Nahiko hippya izan naizela eta besozabal hartu dudala maitatzeko prest ezagutu dudan jende izugarri hori guztia. Sartu zaizkidala zainetaraino uste ez nituen ideiak eta aldarriak, eta beste batzuk, esperoan, kajoian utzi ditudala.

Erronka berriak izan ditudala eta gustura burutu ditudala. Jada nahikoa ez banintzen, are praktikoago bilakatu naizela emozionalki, eta agian gehitxo, baina landu ditudala mila korapilo.  

Baina sentibera positibista emozionalak izateko tarterik ez dugu kasik, beraz, hurrengo urteari krisiaren amaiera, aktibazio soziala, mugimendu feministaren goratzea eta epaiketa politikoen amaiera eskatuko diot; edonork ezer esan aurretik.