Itziar Lopez de Lacalle Añarbe (Gasteiz, 1959), Gasteizko lehen ikastola hartara, Izaskun Arrue andereñoaren etxean hasi zen haurretan zaharrena. Arantza Aranzabal, Iñaki Arriola, Pedro Elosegi, Rafael Pikatoste… izan zituen kide, Olabide Ikastolaren hazia erein zuten gelatxoan. Irakasle ikasketak egin zituen Gasteizen: 1979ko ekainean bukatu eta Duranako Ikastola ireki berrian zen irailean, lanean. 33 urte egin zituen han, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Salburuako Lehen Hezkuntza Ikastetxean ari da iaztik, gustura. Mordoxka ditu garai bateko bizipenak, eta ezpainetan irribarrea duela kontatu ohi ditu duela 50 urteko gorabeherak. Inondik ere, ez zen sasoi txarra izan.