argia.eus
INPRIMATU
Normaltasun testa
Kattalin Miner @MKattalin 2014ko abenduaren 02a

Irudika ezazu murru bat. Irudika ezazu bertan idatzirik NORMALA hitza eta jar zaitez ahalik eta gertuen. Eta orain pentsatu ondorengo baieztapenetan, eta zure burua baieztapenean sartzen bada, geratu geldi, sartzen ez bada, eman pauso bat edo bi, atzera:

Nire sexua nire generoarekin bat dator. Nire aukera sexualak “gehiengoarekin” bat datoz. Nire itxura, estetika, gorpuzkera, gizon/emakume multzoetan sartu daitezke. Nire arraza edo azalaren kolorea, ingurura begiratzen dudanean ikusten dudanaren antzekoa da. Bikotea dut. Nire hizkuntza gehiengoak darabilena da. Nire egoera legala, ba hori, legala da. Ni, nire generokoak ez diren horientzat desiragarria naiz. Ligatu egiten dut. Nire gorputza “funtzionala” da, hau da, dibertsitaterik gabekoa. Nire adinarekin bat datorren bizimodua daramat. Ez naiz lodia, ez lodiegia behintzat. Neska banaiz, ile luzea dut, mutila banaiz, motza. Ez didate inoiz uzkitik eman. Nire ikasketa maila altua da. Aita eta ama batera bizi (izan) dira. Beti izan dugu diru iturririk etxean.

Jarrai dezakegu. Baina geldi gaitezen. Eta zuk, nondik begiratzen diozu orain normaltasunari?