Juan Inazio Hartsuaga Uranga, 1957ko urriaren 27an Tolosako Berdura plazan jaioa. Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean Donostian, Euskal Filologiaren lehen bi urteak eta Linguistika eta Antropologia Parisko Ecole des Hautes Etudes zentroan, Joxemiel Barandiaranen aholkua jarraituz. Euskararen orainaz eta geroaz kezkatuta, bere gradu tesina egin zuen: “Euskara zabaltzeko marketin plangintza”, enpresaren ikuspuntutik. Mitologiaren inguruan hamaika liburu eta dozenaka artikulu idatzi ditu, haien artean Euskal Mitologia Konparatua: Jentilen akabera (Gaiak, 2004). Alor honetan doktoretza tesia egin zuen mitologiaren ahozko transmisioa aztertuz.