Lan eskaintza faltsuak egiten dituzte ikastaroak saltzeko

Lan eskaintza faltsuak egiten dituzte ikastaroak saltzeko

Iraitz Madariaga Ituarte dut izena, 1989ko apirilean jaio nintzen eta ez dut sekula lan-kontraturik izan. Kazetaritza ikasi nuen eta nire alorrean zein beste hamaika eginkizunetan lan bila ari naiz etengabe.

Kazetaritzan lizentziatua izateaz gain, Social Median espezializatu naiz, hala egitea gomendatu ziguten irakasleek. Hala ere, 26 urte beteko ditut eta ez dut sekula lan kontraturik izan, ez dut sekula kotizatu, eta ez dut inoiz 600 eurotik gorako bekarik jaso. Inoiz ez. Ez naiz geldirik egon ordea. Unibertsitatean nintzela bekadun gisa aritu nintzen Europa Press-en, eta irabazten nuen gutxia garraioan eta otorduetan xahutu arren, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Pasa den apirilera arte ikastetxe batean Social Media arduraduna izateko urtebeteko beka ere jaso dut. Atsegina izan da, baina nire alorrekoak ez ziren lanak egin behar izan ditut. Dena dela, bekaldia amaitzean ez dut bertan jarraitzeko aukerarik izan: kontratatu egingo nindutela iradoki zidaten, baina ezezkoa eman didate azkenean.

Komunikazioarekin zerikusirik ez duten hamaika lan eskaintzatan ere ematen dut izena, eta oraingoz, bitan bakarrik lortu dut elkarrizketara ailegatzea. Baliteke ikasketa maila baxuagoa eskatzen duten lanpostuetarako pertsona kualifikatuegia izatea. Komunikazio alorrean aldiz, ni baino pertsona kualifikatuagoak bilatzen dituztela iruditzen zait. Hortaz, ez batean, ez bestean, ez dut niretzako moduko lanik aurkitzen. Bide horretan, gainera, nire kontura etekina atera nahi duten iruzurgileekin egin dut topo. Entzuna nuen zer edo zer eskaintza faltsuen inguruan, baina ez nuen uste egia izan zitekeenik. Pasa den astera arte. Eraikin publikoetan harreragile izateko lan eskaintza batean eman nuen izena, eta handik gutxira deitu zidaten. Itxaropentsu joan nintzen elkarrizketara, baina lana beharrean, harreragile izateko formakuntza eskaini zidaten. Geroago Infojobsen irakurrita jakin nuenez,  ikastaroak saltzeko eskaintza faltsuak egiten dituen enpresa dago horren atzean. Iraingarria da.

Nire bidea egiten ere ahalegindu naiz. Informazioa biltzen hasi nintzen enpresa bat sortzeko asmotan, baina zoritxarrez, dirua behar da denerako. Laguntzak gutxi dira eta asko gara jaso nahi ditugunak. Nire kabuz, social media zerbitzuak eskaintzen ditut han eta hemen, baina doako aholkuak eskatzen dizkidate iristen zaizkidan e-posta apurretan.

Lapur batzuek eragindako krisia dela-eta ni kanpora joan behar izatea zentzugabea dela iruditu zait beti. Amorru handia ematen dit horrek. Orain ordea, ez diot muzin egiten kanpora joateko aukerari. Soldata eta baldintza duinak eskainiko balizkidate, pentsatuko nuke.

Egunerokoan, zorionez, gurasoen sostenguak eta nire alaitasunak asko laguntzen didate: etxean geratu beharrean hara eta hona ibiltzen naiz egun osoan, etengabe lan bila edo kirola egiten eta web orriak diseinatzen ere ari naiz ikasten. Esaera zaharrak dioen moduan: mugitzen den harriak goroldiorik ez. Baina itxaropena galtzen hasita nago, gurea etorkizunik gabeko etorkizuna baita.