Langileari presioa sartzea da enpresaren filosofia

Langileari presioa sartzea da enpresaren filosofia

Ane Etxegarai Aizpurua naiz, hernaniarra eta 24 urte ditut. Azken urteetan hainbeste zabaldu diren arropa denda kate handietako batean aritu naiz lanean, baina ez diot inori gomendatzen.

Sei hilabete inguruz egin dut lan Inditex taldeko denda batean. Lehen ere banekien baldintza kaskarretan zeuzkatela langileak lanean, baina nik neronek ezagutu ditut orain. Lehen egunetik hasten da presioa. Badirudi lehen minututik kontrolatu beharra daukazula dendako martxa. Almazenera joan eta hau eta beste ekartzeko, eta ez esateko lehen eguna duzula, joan eta egiteko. Oso enpresa bertikala da eta saltokiek ere modu horretan funtzionatzen dute. Maila baxuenetik hasi nintzen, normalean hasiberri guztiak bezala. Ondoren enkargatuak daude, bigarren enkargatuak gero, eta horrela pixkanaka gora eta gora. Presioak ere maila batetik bestera funtzionatzen du; guri enkargatuak agintzen zigun gauzak nola egin, baina hauek ere beren gainekoek presionatuko zituzten, salmenta kopuru altuagoak eskatuz. Beti azkarrago eta azkarrago egiteko esanez, beti gehiago nahian. Inspekzioa tokatzen zitzaigun batzuetan: arropak banaka aztertzen joateko eskatzen ziguten; desegin, poltsikoren batean alarmaren edo objekturen bat ote zegoen begiratu eta berriro ere bere lekuan jarri. Eta hori guztia haserre antzera eskatuta beti. Tentsioa egoten da sarri, lehia handia langileen artean, batak besteari postua lapurtuko dion beldurrez.

Hilabeteko kontratuak egiten dituzte hasieran eta hilero berritu, niri hala egiten zizkidaten behintzat. Orduko 6 euro inguru kobratzen nuen. Ordutegia, berriz, astekoa jartzen ziguten; eta ez pentsa asterokoa ere goizez edo arratsaldez izaten zenik! Bi egunetan goizez, hurrengoa eguerdi-arratsalde partean, eta beste pare bat egunetan ixteko orduan. Beste lanen batekin edo ikasketekin moldatu ezinezko ordutegiak izaten dira.

Dendan denbora bat daramazunean komisioa kobratzen hasten zara, baina ni ez nintzen fase horretaraino iritsi. Badakit (lankide batek esanda) zenbait dendatan saltokiko arlo guztietan saldutakoaren araberakoa ematen zaiola langileari, salmenta sailka kontuan hartu gabe, baina beste leku batzuetan sailari lotuta joaten da, hau da, sail bakoitzeko langileari bere arloan saldutakoaren araberakoa ematen zaio. Enkargatuek diote enpresaren filosofia dela eta langileak motibatuta mantentzeko balio duela. Langileek baldin badakite gehiago salduz gero gehiago poltsikoratuko dutela eurek… Baina hori ez da helburu horretarako egindakoa, langileari presioa sartzeko baizik.

Ez da kasualitatea astero langile berriren bat egotea. Izugarria da egoten den jende trafikoa, eta espero dut berriro horrelako denda batera lanera itzuli behar ez izatea; baina nork daki, ezer ateratzen ez baldin bada… Ikaragarriena, ordea, hauek guztiak jakinda ere merkataritza-kate hauetako kontsumo maila da. Beldurtzekoa.