Osakidetzan aritzeko zerrendan egoteak bizitza baldintzatzen dizu

Osakidetzan aritzeko zerrendan egoteak bizitza baldintzatzen dizu

Ainhoa Rekalde dut izena, 22 urte ditut eta erizaintza ikasketak bukatu nituen pasa den ikasturtean. Lan egiteko noiz deituko zain nagoen bitartean, espezializatzeko ikastaroak egiten ari naiz, noizbait lanpostu finkoa izateko itxaropenez.

Iruñeko Unibertsitate Publikoan bukatu nuen Erizaintzako Gradua, pasa den uztailean. Osakidetza eta Osasunbideko zerrenda publikoetan izena eman eta tarteka lan apur bat egiteko aukera izan dut. Udan eta Gabonetan badago lanposturen bat lortzeko aukera, baina urtean zehar oso zaila da; eta lortzekotan, oso kontratu laburrak izaten dira, egun gutxi batzuetakoak. Gainera, noiz hasi behar dugun esaten digute, ez ordea noiz arte izango garen bertan.

Edozein unetan dei gaitzaketenez, ezinbestekoa da mugikorra beti soinean izatea. Ni ez nago horretara batere ohituta, eta kosta egin zait egokitzea. Ezezkoa emateko ere, beharrezkoa da justifikatu dezakegun arrazoiren bat izatea. Hortaz, zaila da, esaterako, beste lan batean hastea. Aurretik abisatuz gero bolada batez ez deitzeko eska dezakegu, baina epe luzera osasungintza publikoan lan egin nahi badugu, lehenago edo beranduago uko egin behar diegu beste lan horiei. Eta noski, deiak oso noizbehinkakoak direnez, ia ezinezkoa da Osakidetzan egindako lan apurrarekin gure bizitza antolatzeko adina diru irabaztea.

Gainera, ez da erraza zerrenden logika ulertzea. Bost omen dira guztira, eta hamaika ate jo ditudan arren, oraindik ez dakit zehaztasunez zein irizpideren arabera egiten duten sailkapen hori. Irregulartasunak ere egon badaude: uda honetan bertan zerrendetan nire aurretik zegoen beste bati baino lehenago deitu zidaten, eta ziur asko, kontrakoa ere gertatuko zitzaidan inoiz, ni konturatu gabe.

Horri guztiari, erizain-gaion arteko lehiakortasuna gehitzen zaio. Lanpostuak mugatuak direnez, ikastaro, eskaintza eta abarren inguruko informazioa norberarentzat gordetzen dute askok, horrela lana lortzeko aukera gehiago izateko. Batere gustatzen ez zaidan beste kontu bat ikastaroena da. Espezializatu eta zerrendetan gora egin ahal izateko, ordainpekoak diren formazio kurtsoak egiten ditugu. Azken finean, puntuak erosteko sistema bihurtzen dira ikastaro horiek, eta ia denok ematen dugu izena, bestela, gainontzekoek aurre hartzen digute.    Murrizketen eragina ere nabaritzen dela diote lanean gu baino gehiago daramaten erizainek. Orain, ezinbestekoa ez bada ez dute inor kontratatzen, eta egoera larritu arte itxaroten dute. Dena dela, ni Italian izan nintzen Erasmus programaren baitan, eta Euskal Herrian han baino askoz ere osasungintza duinagoa dugula aitortu beharra dago.

Bitartean, badira beste alternatiba batzuk. Esaterako, osasungintza pribatuan lanpostu bat eskuratzen ahalegintzea. Diotenez, ez omen da zaila lana aurkitzea, baina kasu horretan ere osasungintza publikotik urruntzeko arriskua dago. Atzerrira joateak ere ideia ona dirudi. Badira joan aurretik lana lortzen laguntzen duten agentziak, eta lan baldintzak duinak dira oro har Europa iparraldeko herrialdeetan. Kasurik onenean, bertako osasungintza publikoan sartuz gero, esperientzia horrek balio du Osakidetzako balizko oposaketetarako ere. Baina beste herrialde batera bakarrik joateko prest egon behar duzu. Hurrengo urtean, lasaiago, erabakiko dut komeni zaidana zer den.