Atlantropa: Afrika eta Europa josita

Alemania, 1920ko hamarkadaren amaiera. Herman Sörgel (1885-1952) arkitekto alemaniarrak Europa eta Afrika fisikoki batzeko proiektu handizalea prestatu zuen, Gerra Handiaren ondorengo krisi orokorrari aurre egitea xede. Sörgelek uste zuen Afrikari ez zitzaiola inolaz ere behar bezalako etekinik ateratzen, eta Mediterraneo itsasoak hiri eta estatu berriak sortzeko erabil zitekeen lur-eremu aproposa betetzen zuela.

Proiektutzarrari Atlantropa esan zion eta, besteak beste, Gibraltar itsasartean presa bat aurreikusi zuen, ozeano Atlantikoari bidea itxiko ziona eta energia elektrikoa sortzeko erabiliko zena. Dardanelos itsasartean beste presa bat eraikiko zuten. Bi ertz horiek itxita itsasoko ura pixkanaka lurrunduko zen eta, hala, urpeko eremu asko berreskuratuko ziren. Ondoren, baliabideak eskuratzeko aukera egongo zen lur eremu lortu berrietan. Sörgelen kalkuluen arabera, mende erdi pasatxoan 600.000 kilometro koadro inguru berreskuratuko ziren.

Baina ur hura guztia ez zen lurrunketa mantsoaren menpe egongo; lehentasunezko helburuetako bat Mediterraneo itsasoaren zati bat Afrika erdialderaino kanalizatzea eta han itsaso artifizial bat sortzea zen; Saharako basamortua ureztatu eta laborantzan ustiatzeko lurrak lortuko omen ziren Mediterraneoko lur afrikaratuari esker.

Zentzurik eta etorkizunik gabeko proiektua badirudi ere, arkitekto eta ingeniari ezagunen babesa lortu zuen Sörgelek; Peter Behrensena, esaterako. Baina proiektua gauzatu zezaketenek, agintari politikoek, ez zioten jaramonik egin. Adolf Hitlerren igoera gogo onez eta itxaropentsu hartu zuen Atlantroparen aitak. Kontinente berri bat sortzeko ideia buruzagi naziaren megalomaniarekin bat etor zitekeela pentsatu zuen, baina Hitlerrek hasieratik baztertu zuen.

Alemaniar nazien babesik gabe, Sörgel antipodetara joan zen laguntza bila: juduengana. Erich Mendelsohn arkitektoarekin batera, Sörgelek uste zuen Atlantropan kolono juduentzat nahikoa toki egongo zela eta, hala, juduek ez zutela palestinarrei lurrak kentzeko beharrik izango. Baina Bigarren Mundu Gerrak Sörgelen itxaropen urriak uxatu zituen; gobernuak arduratuago zeuden suntsitzeaz eraikitzeaz baino.  

1952an, Municheko Unibertsitatean hitzaldi bat ematera bizikletan zihoala, auto batek jota hil zen arkitekto ameslaria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Eguneraketa berriak daude