argia.eus
INPRIMATU
Nomenclator, Antzinaroko giza Googlea

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko urriaren 08a
Augusto enperadorea (K.a. 63-K.o. 14) bere nomenclatorraren memoria eskasaz kexatu ohi zen, Makrobioren arabera. Nomenclatorrak Erromako goi gizarteko hiritarren izenak, aurpegiak eta datuak gogoratu behar zituzten esklaboak ziren.
Augusto enperadorea (K.a. 63-K.o. 14) bere nomenclatorraren memoria eskasaz kexatu ohi zen, Makrobioren arabera. Nomenclatorrak Erromako goi gizarteko hiritarren izenak, aurpegiak eta datuak gogoratu behar zituzten esklaboak ziren.Vatikanoko Museoa

Erroma, K.a. i. mendea. Makrobiok Saturnalia lanean jaso zuenez, Augusto enperadorea oso kontentagaitza zen bere nomenclatorrari zegokionez, eta sarritan kexu zen hark memoria nahikorik ez zuelako.

Gaur egun nomenclator hitzak “izenen katalogoa” esan nahi du, baina jatorrian nomenclatorrak hezur-haragizkoak ziren. Erromatar politikari edo goi gizarteko kide orok behar zuen nomenclatorra alboan, giza entziklopediarenak egiteko. Oroimen izugarriko esklaboak eragin handiko pertsonen izenak ikasi behar zituzten, haien familien historia, edozein datu aipagarri, zer gertakari sozialetan nabarmentzen ziren,  zer negoziotan aritzen ziren, zenbaterainoko arrakasta zuten jarduera haietan, zenbat mesede zituzten eginak, zenbat jasoak... Festetan nahiz bestelako topaketetan, esklaboak datu horiek guztiak zuzenean eman behar zizkion nagusiari, hark behar ahala. Erromako eliteen artean, maila berekoak ezagutzea eta ezagutza hori jakinaraztea funtsezkoa baitzen. Hala, nomenclatorraren rola erromatarren ustelkeria sare korapilatsuari eusteko sortu zen, eta patrizioei memoria perfektuaren ilusioa atxikitzen laguntzeko. Horregatik nomenclator bikainenek milaka patrizioren izenak gorde behar zituzten beren markatze bizkor mnemoteknikoan.

Baina horien berri baino, nomenclator kaskarrenen berri iritsi zaigu gehiago. Esan bezala, Augusto ez zegoen batere gustura berearekin. Beti ere Makrobioren arabera, behin esklaboa Forora bidali zuen eta alde egin baino lehen zera esan omen zion: “Har ezazu gomendiozko gutun hau, han ez duzu inor ezagutzen eta”.

Seneka (K.a. 4-K.o. 65), aldiz, adineko nomenclatorrez trufatzen zen, aurpegiez ahanzten zirelako eta gezurrezko izenak asmatzen zituztelako.

Adriano enperadorea nomenclatorren hutsak etengabe zuzentzen aritzen omen zen. Beste zereginik ez zutela esaten zien eta berak, orotariko kezkak izanda ere, izen bat behin entzun eta bizi osoan ahanzten ez zuela aurpegiratzen zien. Orduan zertarako behar zituen nomenclatorrak? Horixe pentsatuko zuen Katon Gazteak (K.a. 95-46). Mirarizko memoria omen zuen eta, hortaz, oroimen esklaboak kontsultatu beharrik gabe lortu zuen elite nagien errespetua.