argia.eus
INPRIMATU
Barealdian

Joanes Etxebarria 2014ko urriaren 01

Joan den asteburuan, Israel boikotatzera deitzen duen BDS elkarteak gaualdi polita antolatu zuen Maulen. Afaria, filma eta mahai-ingurua filma egilearekin. Ez nintzen joan, egunerokoaren alde soporifikoak gogoa kendu zidalako: lana, bazkaria, siesta, erosketak, afaria, ohea... Alta, hitzordu berbera uda bete-betean izan balitz, han nengokeen; erasoaren bortitzenean, palestinarren anaia sentitzen nintzen. Iragan udan ez zen aitzakiarik BDSk egin deialdi bakarra ere huts egiteko.

Iragan egun hauetan erran didatenez, filmak Palestinako futbolarien egunerokoa erakusten du, entrenamenduetara joateko check pointetan zenbat denbora galtzen duten eta beste. Horrek ene egunerokoaz pentsakor utzi nau: Afganistan, Irak, Chiapas... Momentuko inarrosaldiek haiei begira jartzen naute, eta barealdiek begirada desbideratzen didate. Emanen diet erantzukizun parte bat hedabideei, eta kazetaria naizenez, beste parte bat eguneroko erritmoari. Ene eskuetan da egunari eman nahi diodan zentzua. Hurbileko norbait hiltzen denean bezala, alta, barealdian omen da gehien eskertzen elkartasuna.