Habiak: Maite Gurrutxaga / Dejabu panpin laborategia.
Txalaparta, 2013
Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den erizain bosniarra da Selma, Habiak komikiko protagonistetako bat. Abiadura Handiko Trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharra zaintzera etorri da.
Maite Gurrutxaga Otamendi amezketarrak sortu du Habiak, Dejabu panpin laborategiaren Gizona ez da txoria antzezlana abiapuntu hartuta. Txalapartak argitaratu du Amaiur bildumaren baitan, euskal komikigintzaren –nobela grafikoaren– aldeko apustuari segida emanez, Komikeri blogeko lagunek nabarmendu duten moduan: “Jose Carlos Fernandes.en Munduko bandarik txarrena argitaratuz ireki zuen 2013a Txalapartak, eta Habiak-ekin itxi. Liburu honetan Europako komikigintza berrienaren zantzuak sumatzen ditugu; Manuele Fior eta Camille Jourdy bezalako egileen estiloa du Gurrutxagak”.
Selma erizain bosniarra, hirira behartu duten Simon zaharra eta txoriak, hegalak, hegan egin nahia. Deserria, lurra, sustraiak, giza harremanak, laguntasuna. Hitzez baino, marrazkien, koloreen bitartez adierazten diren sentimenduak. Antzerkia, komikia, poesia. Pauso sosegatuz –baina etenik gabe– egiten du aurrera istorioak, eta horrek parada ematen du Maite Gurrutxagaren akuarela eta arkatzez marraztutako ilustrazioez sakonago disfrutatzeko: kapituluen tonua markatzen duten koloreak, ikuspegi aldaketak… eta azal gogordun edizio zaindua. Irakurtzea merezi duen margolana da Habiak.