Kirola egitea ez dago edonoren esku

Kirola egitea ez dago edonoren esku

Iker Fernandez dut izena eta 22 urteko donostiarra naiz. Lau urte dira ostalaritzan lanean hasi nintzela, eta horretan dihardut oraindik, ikasketekin eta nire zaletasun nagusia den triatloiarekin jarraitu ahal izateko.

Badakit asko direla langabezian daudenak edota ez dutenak etxebizitzarik;  nire kasua ez dago eurenarekin alderatzerik. Baina horren egoera larrian ez gaudenontzat ere zaila da gure bizi proiektua gutxieneko egonkortasunez eraikitzea. Gazteon artean oso normalizatuta dagoen arren, prekarietatea da hori ere. Nirea adibide bat gehiago da, ez besterik.

Kirola zaletasun izan dut beti, eta ikasketak ere horretara bideratu nituen. 16 urterekin hasi nuen kirolarekin lotutako erdi mailako zikloa, eta amaitzean goi mailakoa ere egin nahi nuen. Tamalez, izen-ematean egindako akatsa medio, ezin izan nuen sarrera proba egin, eta 18 urte nituela, ikasketak eten behar izan nituen.

Handik gutxira, urtebetez ikasterik izango ez nuela ikusita eta nire gastuak nik neuk ordaindu ahal izateko, taberna batean hasi nintzen lanean. Geroztik, azken urteetan ostalaritzan aritu naiz beharrean, hainbat lekutan, etenaldiren bat edo beste tartean.

Hala ere, etorkizunean ez nuke ostalaritzan lan egin nahi: helduentzako batxilergoa ari naiz egiten orain, amaitzen dudanean Kirolen Zientzietako Gradua  ikasteko. Gasteizen baino ez dago gradu hori ikasteko aukera ordea, eta hara joateko ere dirua aurreztu beharko nuke. Horrenbestez, ikasten jarraitu eta urte batzuk barru entrenatzaile edo kirol hezitzaile gisa lan egin ahal izateko, egungo lanarekin jarraitu behar dut; baina aldi berean, lan egin behar izateak zailago egiten du ikasketak aurrera eramatea.

Ekuazio aldrebes xamar horri nire zaletasun nagusia gehitu behar zaio: triatloia. Hiru bat urte dira entrenatzen eta lehiatzen ari naizela, eta prestaketa lan handiaz gain, dirua ere eskatzen du. Inoiz gutxitan aipatzen da, baina kirola ere ez dago edonoren esku. Material duina eta izen-emateak tarteko mila eurotik gora behar dira denboraldi bakoitzeko. Hortaz, triatloiak ere lanean jarraitzera behartzen nau.

Orain udara dator eta errazagoa izango da, baina normala denez, zaila da hori guztia uztartzea, denbora aldetik batez ere. Gainera, oraindik ez dut aipatu denetan garrantzitsuena: giza harremanak. Familia, lagun, bikote eta abarrentzat nahi beste denbora izatea ez da erraza izaten, eta maiz haien lanaldiekin zerikusirik ez duten ordutegiak izaten ditut.

Esan bezala, ez da erraza elementu horien guztien artean oreka lortzea, eta etorkizuna beti kolokan izatea ere ez da atsegina, baina egun daukadan lana nik nahi dudan bidea jarraitzeko tresnatzat ulertzen dut, eta hori bada nahikoa motibazio. Espero dut hemendik urte batzuetara kirolarekin loturiko lanetan aritu ahal izango dudala, bidean triatloiaz eta ingurukoez gozatuta; eta horrela ez bada, ez dadila izan saiatu ez naizelako.