argia.eus
INPRIMATU
Memoriaren kapsulak

Kattalin Miner @MKattalin 2014ko ekainaren 18a

Nostalgiatik eraikitzen den herri bat, edo bizitza oso bat kasu, ez da eraikitzen den zerbait. Nostalgian bizi garenok, 80ko hamarkada bizi nahi izan genuen belaunaldi frustratuak ez du topatzen usu, gaurkoan egin nahi duena. Bihar ordea, nostalgiaz begiratuko dugu atzera.

Memoria kapsulak behar ditugu baina, igarotakoa, gogoratzeko baino, gogoratzen dugunaren ustea egikaritzeko. Armarriak batzuetan, kaleen izenak, historia propioa dioten liburuak, argazki gogoangarriak, une historiko-epikoak. Giza kateak, bozak irabaztea, diskurtso hura, Erret Etxeari bizkarra ematea, plazerez abortatzea.

Apeta nostalgikoekin eraikitzen dugu oraina agian, baina badakigu jakin, memoria kapsulak behar ditugula geroan gaurkoa nahi dugun bezala gogoratzeko. Solik “Dakienak badaki/nora dijoan jakiteko/behar duela/nondik datorren jakin”. Eta orain, basoak eraitsi dizkigute, sortu berri ditugun memoria kapsulak eraitsi nahi dizkigute, hala usteko baitute, behin gauden lekuan gaudela ahaztua izango dugula nondik gatozen.

Ez dakitena da, aspaldian ikasi genuela memoria gorpuzten. Eta hori ezin diotela eraitsi herri bati, bizitza oso bati, gorputz bati.