argia.eus
INPRIMATU
Eibar

Amets Arzallus 2014ko maiatzaren 14a

Eibar ertzetik pasatzean, Ermua ikustean, edo inoiz Soraluzera iritsitakoan, begiratu ito bat bota izan diet beti herriei, eta pentsatu eguzkiak okerka sartu beharko duela han, argitzekotan. Ez dakit bi irribarre herrenka kabitzen diren kalean. Baina bi errezildar ba omen zihoazen Pariserako trenean, paisaiaren zabalari begira, okotzak leihoan, harriturik, eta batek besteari esan: “Hi, Plaentxi egin zianak ez zian jakingo hau hemen zegoanik!”.

Aitari umetan entzun nion errezildarrak ostikoketan onak zirela, futbolean eta bestean. Ez dakit eibartarrak beste horretan zer moduzkoak diren, baina futbolean ari dira zerbait erakusten.

Xoxak ongi kontaturik, eta paisaiaren itoa joko estilo bihurturik, balentriaren zorian dira. Jekerik eta txekerik gabe. Estadio faraonikorik gabe. Bestela. Armak bizikleta bihurtu zituen herriak bere berdegune apurrean lanari ohore egiten segitzen du. Denak errezildarrak ez baldin badira ere hartuko nuke poz ederra lortuko balute.