argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako osasun erreforma
Landa-eremuko herritarren kaltean
  • Nafarroako landa-eremuetako mediku eta erizainak protestan ikusi ditugu egunotan. Gobernuak onartutako erreformak haien lan baldintzak kaltetzen dituela diote, eta herritarrek jasango dituztela ondorioak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko apirilaren 29a
Landa-eremuetako osasun arretaren berdintasun eskubidea arriskuan dagoela salatu dute medikuek. Irudian, Zangozan egindako elkarretaratzea.
Landa-eremuetako osasun arretaren berdintasun eskubidea arriskuan dagoela salatu dute medikuek. Irudian, Zangozan egindako elkarretaratzea.

Nafarroako Gobernuak maiatzaren 5etik aurrera abiatuko duen osasun erreformak landa-eremuetako lehen arreta (EAP) eta larrialdi zerbitzuan izango duen eraginaz kexu agertu dira Agoitz, Izaba, Valtierra, Allo, Erronkari, Gares, Etxarri Aranatz eta apirilaren 15ean Zangozan elkarretaratzea egin zuten beste hainbat herritako mediku eta erizainak. Berdin hamar egun geroago Corellako osasun zentroaren atarian bildu ziren Erriberako profesionalak. “Mobilizazioei eutsiko diegu, Gobernuak gure eskaerak aintzat hartzen ez dituen bitartean”, adierazi du Nafarroako Medikuen Sindikatuak.

Osasunbideren proposamena SATSE, UGT, CCOO eta Afapna sindikatuek babestu dute; ez, ordea, sektoreko Mahaiaren %55 osatzen duten Medikuen Sindikatuak, LABek eta ELAk. Bigarren horien hitzetan, profesionalen lan baldintzak kaltetzeaz gain, herritarrak ere zigortuko ditu erreformak.

Desadostasun handienetakoak guardia-sistema berriak eragin ditu, “mikroguardia” deiturikoak, lehen arretako profesionalek (familia medikuek eta erizainek) bete beharko dituzten horiek. Astelehenetik ostegunera arteko guardiak izango dira, 15:20etatik 20:00etara, eta ez dute biharamuna libre hartzeko aukerarik emango. Alegia, medikuak lan egiten badu 8:00etatik 15:20etara, eta guardia 15:20etatik 20:00etara bada (ordu horretan SUR larrialdi zerbitzuetako kideak sartuko dira), hurrengo egunean ere lanera joan beharko du 8:00etarako. Gehienera ere, osasun zentroetako langileek hilean 34 guardia-ordu beteko dituzte, txandaka.

“Medikuak uxatuko ditu”

“Prekarietateari bide ematen dio sistema berriak”, salatu du Medikuen Sindikatuak, lan jardunaldia 12 ordura luzatzen duelako; “ez gara aparteko orduez hitz egiten ari”. Ez dute uste, bestalde, erreformak lanpostu berriak sortuko dituenik, Gobernuak kontrakoa dioen arren, libre hartutako orduak beteko lituzketen ordezkorik ez delako kontratatuko.

Lan baldintzen kaskartzea medio, profesionalek herritik hirirako bidea egingo dutela dio sindikatuak. “Nork etorri nahi izango du lanaldi erdirako ordezkapena egitera, gainera autoan joan beharko duenean herri txikiagoetako abisuak artatzera?”. Medikuen hitzetan, landa-eremuetako osasun arretaren berdintasun eskubidea arriskuan dago.

Hiru zentrotan, guardia lokalizatuak

Landa-eremuko 45 Etengabeko Arreta Guneetan (PAC) guardia presentziala mantenduko da, salbu eta Hego Villatuerta, Antzin II (Zudairi, Eulate) eta Elizondo II (Oronoz-Mugairi) zentroetan. Hiruotan, lantokiz kanpoko guardia ez presentziala egingo dute 20:00etatik 8:00etara. Lantokiz kanpoko guardiek kezka sortzen dute, osasun zentroetan mediku edo erizainik egon beharrik ez dagoenez, zenbait larrialdi artatzera iritsi ahal izateko denbora areagotu egiten delako, gutxienekoak bermatzea eta bitartekoak haien errealitatera egokitzea maiz eskatu duten zonaldeetan hain justu. (Ikusi Argiaren 2.411. zenbakiko Herriei bizirik eusteko, elkarlana erreportajea).