argia.eus
INPRIMATU
Klase borroka ez da hil

Juan Mari Arregi 2014ko apirilaren 30

Hainbat frontetatik –instituzionala, mediatikoa eta ideologikoa, denak kapitalismoaren zerbitzura– sinetsarazi nahi digute klase borroka hil dela, iraganeko zerbait dela, XIX. mendekoa edo, obreroak euren nagusien esklabo zirenekoa. Bada ez. Klase borroka ez da hil. Bizirik eta indartsuago dago. Aste honetan Maiatzaren Lehena ospatuko da mundu osoan. Hain justu, egun horretan gogoratzen da 1886an hainbat langile hil zituztela zortzi orduak defendatzeagatik, Amerikako Estatu Batuetako ugazabek lan egun luze eta nekagarriak inposatzen zituzten garaian.

128 urte geroago, egoera aldatu da, baina zenbait gauzatan okerrera. Orain, lan egin ahal izatea aldarrikatzen da. Sei milioi lagun inguru daude langabezian Espainiako Estatuan; 225.000 baino gehiago Euskal Herrian. Gazteen artean langabezia tasa %50etik gorakoa da. Emakumeek berdintasun faltaren ondorioak jasaten dituzte. Sortzen den enplegua prekarioa da, soldatak gero eta baxuagoak dira eta eskubide laboralak galdu dira. Behin-behinekotasuna eta azpikontratatzea ohikoak dira. Ondorioz, lan baldintzak eta segurtasuna gero eta kaskarragoak dira. Apirilaren 28an Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izan da; langile klasearen osasuna eta bizitza lehenetsiko duen eredu soziala aldarrikatu da.

Egoera hori sistema kapitalistak sortu du, bere gobernuen laguntza ordainezinari esker, politika antisozialen kudeatzaile soil baitira. Eta errealitate horrek kokatzen gaitu klase borrokaren erdian. Ez, ez da hil. Sindikatuek, alderdi politikoek eta gizarte erakundeek ez lukete ikuspegi hori galdu behar.