argia.eus
INPRIMATU
Maitatzea ez da erraza Palestinan

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko apirilaren 16a
Giza Eskubideen Zinemaldia

Pelikula: Omar.
Zuzendaria eta gidoilaria: Hany Abu-Assad.
Aktoreak: Adam Bakri, Leem Lubany, Waleed F. Zuaiter, Samer Bisharat, Eyad Hourani.
Palestina, 2013. 98 min

 

Maitatzea ez da erraza Palestinan. Ez, behintzat, Omar gaztearentzat. Egunero, okindegian lan egin eta gero, 8 metroko garaiera duen horma zeharkatu behar du Zisjordaniako lurralde okupatuetan, Nadia ikusi ahal izateko (sarri, tiro artean). Bizitza, oro har, ez da erraza Palestinan, batez ere Israelen aurkako ekintzaile bihurtzea erabakitzen duzularik.

Soldadu israeldarren kontrako atentatu baten ostean, kartzelan bukatuko du Omar-ek, eta –tortura tarteko– aterabiderik gabeko bidegurutzean kateatuko dute: bizitza salbatzeko –eta Nadiarekin egoteko– lagunak traizionatu eta hauek poliziari saldu, ala armada israeldarra engainatzen saiatu? Horiek, kartzelatik atera ostean protagonistak dituen aukera bakarrak. Biak ala biak, joko arriskutsu eta ilun baten abiapuntu.

Gatazka politikoa oinarri badu ere, ez da pelikula politikoa, eta ez da inongo unetan diskurtso manikeo eta panfletarioetan jausten. Alderantziz. Maitasunaz, gorrotoaz, traizioaz, konfiantzaz, sekretuez, etikaz mintzo den filma da Omar, erritmo bizia eta suspentsea mantentzen dituen thriller indartsua, amaierara arte –bereziki amaieran– ikuslea harritzeko gai den istorio korapilatsua.

Nabarmentzekoa da Adam Bakri aktorearen lana, ideiak garbi dituen Omar protagonistaren rolean. Aktore gehienak ez dira profesionalak, lantaldea osotasunean palestinarra izatea nahi baitzuen Hany Abu-Assad zuzendariak. Abu-Assad ezagun egin zen Paradise Now (2005) pelikulari esker, eta arabieraz eta hebreeraz filmaturiko azken lan honek 2013ko Un Certain Regard saria irabazi du Canneseko zinemaldi prestigiotsuan. Ikusteke dago Euskal Herriko zine-aretoetan estreinatuko duten. Bestela, internetez ikusteko aukera izanez gero, zinez gomendagarria da Omar.

Okupak, meatzariak eta euskal gatazka, Giza Eskubideen Zinemaldian

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi dugu Omar, klausura ekitaldian, baina beste hainbat lan interesgarri ekarri ditu XII. edizioak Victoria Eugenia antzokira, tartean Euskal Herriko lau ekoizpen: Echevarriatik Etxeberriara dokumentalean (2014), euskal gatazka dela-eta indarkeriak “bere izaera eta izate guztietan” Oiartzun herrian izandako eragina aztertu du Ander Iriartek; Juanmi Gutiérrezen Ateak zabalduz (2014) ere aurkeztu dute, okupazio mugimenduaz; Kongoko miliziano talde baten birgizarteratzea kontatu du Unai Aranzadi zuzendariak Jambo amani? laburrean (2013); eta publiko gaztearen saria lortu du Raúl de la Fuenteren Minerita lanak (2013), Boliviako meatzarien lan baldintza gogorrez.

Zaintza, duintasunez hiltzeko eskubidea, iraultza sandinista, Irakeko gerraren kontraesanak, patriarkatua eta genero rolak, sexu-abusuak, patente farmazeutikoak, transgenikoak… jorratu dituzte beste hainbat pelikulek. Nerabeentzako harrera-zentro bat ardatz duen Short term 12 filmak (Destin Daniel Cretton, 2013) jaso du ikusleen saria, eta gorputzeko organoen merkatu beltza salatzen duen Tales from the organ trades lanak (Ric Esther Bienstock, 2013) berriz, Amnesty International erakundearena.