argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
HB ETA bezain kriminala denean

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko martxoaren 12a

ETA-KO kide izatea edo harekin kolaboratu izana leporatuta, 12, 10 eta 8 urteko zigor eskaerak egin zituen fiskalak Herriko tabernen auzia –35/2002 sumarioa– deitu den honetan auzipetutako 34 pertsonentzat. Gehienak HB, Batasuna eta EHko kargu politikoak izandakoak dira. Auzipetutako 110 herriko tabernei dagokienez, beren jarduerarekin ETA finantzatzea leporatzen zaie eta zigor gisa haien konfiskatzea eskatzen da.

Auzipetuek, astea joan astea etorri bidaia luzeak egin behar izan dituzte eta sesio luzeak jasan Madrilgo San Fernando de Henareseko Auzitegi Nazionalaren aretoan. Jasandako espetxealdiak edo berau saihesteko fidantza gogorrak ordaindu behar izana ere hori dira.

Joan den asteko bi sesioetan eta honetan hiruetan biziko dituzte egunik erabakigarrienetakoak. Martxoaren 6 eta 7an fiskaltzak behin-betiko eskaerak egin zituen, zigor eskaerak nabarmen murriztuz: 12, 10 eta 8 urteko eskaeretatik, 4 urte eta sei hilabete, 2 urte eta sei hilabete eta 2 urte eta 2 hilabetera iragan dira. Bederatziko talde batentzat askatasuna. Beste bi pertsona iragan martxoaren 6an utzi zituzten libre ahozko saioan bertan, fiskalak karguak erretiratu ondoren.

Eskaeretan argi da multzo handi bat espetxean ikusi nahi duela fiskalak, bi urte eta hilabete batzuetako zigorra eskatzen duelako. Bi urtetik beherako zigorrarekin ez dago espetxera joan beharrik, zigortuak indarrean dagoen beste zigorrik ez badu bederen.
Akusazioen ikuspegitik epaiketa oso ahula izan da, aurretik “dena da ETA” guardasolpean epaitu izan direnak moduan. Egunkaria auzia eta Udalbiltzakoan, oso argi geratu zen hori eta auzipetuak absolbitu egin zituzten. Ez zen berdin gertatu, adibidez, 18/98 edo Jarrai-Haika-Segirenean, eta dozenaka pertsona espetxera bidali zituzten, adibidez Egin-eko Administrazio Kontseiluko kidea izateagatik. ETA jardunean zen garaietan egin ziren epaiketok eta badirudi “dena da ETA” hori errazago irensten zela, horretarako delitu penala finkatzen duen gertakizunaren frogarik egon ez arren.

Orain ere ahozko saioan argi ikusi da sumarioan sumatzen zena: akusatuei leporatzen zaie ETAko kidea izatea, baina fiskalak eta akusazioak ez dira gai erakusteko zein gertakizun zehatzaren bidez gauzatzen den kidetza –edo kolaborazio– hori. Ustezko froga horiek bi oinarri dituzte: bat, azken 30 urteetan ETAri edo beste erakunde politiko batzuei atzemandako agiriak; eta bi, hauei buruz poliziek edo guardia zibilek egindako iruzkinak, beti ere modu ahul eta erabat partzialean egindakoak, hainbatetan abokatuen galderek agerian utzi duten moduan: “Baltasar Garzonek agindu zizkigun txostenak eta gure lana hipotesietan oinarritua zegoen”, zioen poliziaren informazio buruak abokatuaren galderei erantzunez. Joserramon Bengoetxea, Nazario Oleaga, Iñaki Lasagabaster eta Txema Montero moduko jurista ezagunek behin baino gehiago salatu dituzte jokamolde hauek.

Kazetari hau martxoaren 6 eta 7ko ahozko saioetan egon zen, bi fiskalek beren azken eskaera eta hitzak egin zituztenean, eta ez zuen etakide izatearen akusazioa sostengatzeko gertakizun bakarra entzun: atentatu hau egin edo lagundu zuen, honetan kolaboratu, hau gorde, bestea idatzi ETAri... ezertxo ere ez. Dena zen, HBko Mahai Nazionaleko kide da, KASeko kidea, HASIko kongresuan parte hartu zuen... Beraz, akusatuak ustez ETAkoak dira, paper batzuetan esaten delako HB ETAren masa frontea eta fronte instituzionala dela. Edo larriagoa, fiskaltzaren jarduera urrutiago ere joan zen eta HB bera kriminalizatzen saiatu zen. Ez zen HBkoa denez ETAkoa da, baizik eta HBkoa denez, hori nahikoa da penalki zigortzeko, HB berez delako talde kriminala: ETAkoa dela esateko gertakizun zehatzik ez badago, esan dezagun HBkoa dela eta listo, baina, jakina, horretarako HB erakunde kriminala dela esatea ezinbestekoa da.

Fiskalak, halaber, indar berezia jarri du herriko tabernak HB direla erakusten, HBko herriko taldeak agintzen zuela herriko tabernetan. Behin eta berriro aritu zen horrekin. Helburua? Taberna edo elkarte horiek talde kriminalaren tresna zirela eta haren zerbitzura zeudela. Eta epaimahaiak tesi hori onartzen badu, ondorioa larria izango da: estatuak 110 herriko taberna edo hauetako askoren hondasun guztiak konfiskatuko dituelako.