Elkarrizketa luzea izan genuen Errenteriako (Orereta ere erabiltzen du berak) alkate Julen Mendozarekin. Legealdiko plan estrategikoan idatzi zituen hitz batzuekin amaitu genuen solasaldia, hau da, Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren hitzak hizpide hartuta: “Al fin y al cabo, somos lo que hacemos para cambiar lo que somos”. (Azken funtsean, egiten duguna gara, garena aldatzeko).
“Errenteria/Orereta asko sufritu duen herria da, indarkeriarekin lotu den herria. Horretan kokatu nahi izan dugu Eduardo Galeanoren 'Somos lo que hacemos para cambiar lo que somos' aipua. Legealdi hasieran bi lan ildo nagusi jarri genuen abian: arlo ekonomikoa eta bizikidetza. Bigarrena hizpide, gure herria famatua izan da biolentziarengatik, eta bakegintzan famatua bihurtzen ari da orain”.
“Era berean, herria gai ekonomiko sozialaren egoeraren isla da. Gure herritarrek sinetsi behar dute eraldaketaren protagonista izan daitezkeela, askotan gizartean abandonu moduko bat izaten baita: 'Gauzak horrela dira, nik ezin dut aldatu, aldatuko dira berez…', pentsatzen dugu. Oso inportantea da herritarrari erakustea bera dela aldaketaren protagonista, asko egin dezakegu. Eta hala ere, herria ez da aldatuko udaletik, aldatuko da tokiko pertsonek aldatu nahi dutelako: langileek, merkatariek edota enpresariek herriaren plan estrategikora beren ekarpena egiten dutelako. Udalak bitartekoak jarri behar ditu, baina herritarrek beren nahiak azaldu eta baliabideak landu behar dituzte”.