"Makrobiotikan dagoen muga bakarra zuk jartzen duzuna da"

  • Yin eta yang indarrei buruz aritzen dira Euskal Eskola Makrobiotikoan. Gune berezi honetan ere Baratza Kafea. Hara jin eta jan. Egoitz Garrori entzunda, bere XXI. mendeko makrobiotikak ez du beldurrik ematen, hurbiltzeko gogoa baizik.

"Nik egin dut nire makrobiotika propioa. XXI. mendeko makrobiotika deitzen diot".Dani Blanco
Nola iritsi zinen makrobiotikara?

25 urterekin inflexio puntu handi bat izan nuen nire bizitzan. Irakasle funtzionarioa nintzen. Postu finkoa nuen eta haurrekin egiten nuen lana oso gustukoa nuen, baina hiru urtetan hiru krisi sakon izan nituen: arraunean aritzen nintzen eta lesio garrantzitsua izan nuen eta horrez gain krisi sentimentala eta existentziala. Oso gaizki nengoen eta arrebak aholkatu zidan makrobiotika ikastaro bat egitea. Hori egin eta gero ikusi nuen oso gustura nengoela eta gehiago ikastea erabaki nuen. Hasi nintzen nire kabuz irakurtzen eta sakontzen eta ondoren Madril, Lisboa, Bretainia, Bartzelona, Amsterdamera… Leku askotara joan nintzen ikastera. Horrela hainbat karrera egiten joan naiz urte hauetan: Ekialdeko medikuntza, makrobiotika eta nutrizioa. Hori dena da orain naizena. Sentitu nuen hau zela nire bidea eta jendeari lagundu nahi niola. Bidean gauza asko gertatu dira. Aita galdu nuen, adibidez. Hori niretzat beste inflexio puntu handi bat izan da. Bestalde, duela hamar hilabete aita izan naiz eta, egia esan, oso kontent eta harro nago bizitzan egindako ibilbideaz. Orain ongi nago baina ongi egoteak ez du esan nahi dena perfekto dagoenik eta ez daukazunik ezer aldatzeko. Dagoena onartu behar da, baina gustatzen ez zaizuna saia zaitez aldatzen.

Zer da makrobiotika?

Bizitza interpretatzeko erreminta bat da. Niri laguntzen dit nire inguruan zer gertatzen den ulertzen eta nire nahi eta ametsei bide ematen. Beste hizkuntza bat ikastea bezala da. Makrobiotika ez da filosofia bat, ez da zerbait intelektuala, esperientziala baizik. Eta ez da bizi estilo bat. Bere esentzia bost puntutan laburbildu daiteke: 1) Makrobiotikan ez dago eskola motarik edo korronterik. Makrobiotikak fundamentu teoriko-praktiko batzuk ditu eta bakoitzak bere errealitatera aplikatu eta egokitu behar ditu. 2) Makrobiotika askatasun eta garapen pertsonalerako tresna da. 3) Elikadura makrobiotikoa makrobiotikaren parte bat besterik ez da. 4) Makrobiotikak ez du inor aske edo preso egiten, jendeak egiten du makrobiotika aske edo preso. 5) Makrobiotika elkartzeko tresna da eta ez banantzekoa.

Jateko modu bat baino askoz gehiago, beraz.

Hala da. Ez da derrigorrezkoa dieta makrobiotikoa segitzea makrobiotikoa izateko. Elikadura bide bat da hori guztia ulertzeko eta lortzeko, baina ez da bide bakarra eta ez da absolutua ere. Nik gomendatzen diot jendeari askatasunetik egiteko aldaketa, ez behartuta. Gauzak kontzienteki egin behar dira.

Hala ere elikadurari garrantzi handia ematen zaio makrobiotikan.

Elikadura osasuntsua oso garrantzitsua da hau dena egiteko, ongi zaudenean energia gehiago duzulako zure ametsak lortzeko. Eta era berean, elikagai ekologikoak kontsumitzea eta baita modu ekologikoan kontsumitzea ere, oso garrantzitsua da. Zer esan nahi du horrek? Garaian garaiko jakiak, lekuan lekukoak, komertzio txikietan erostea, ez kontsumitzea fast food delakoa. Zure elikatzeko moduak, zure aukera pertsonal horrek, baldintzatu dezake zer nolako ekonomia eta harremanak sortzen diren zure inguru hurbilean. Aldatu nahi badugu sistema, mundua, dena… barrutik kanpora egin beharko dugu.

Zer da ikasi duzun garrantzitsuena?

Unibertsoan aldaketa etengabea dela. Badira hiru lege unibertsal makrobiotikan, filosofian, ideien munduan edo biologian: bizirik dauden izaki guztiak aldatzen dira; izaki bizidun guztiak aldaketei egokitzen aldatzen dira eta, hirugarrena, aldaketei egokitzen ez dena hil edo desagertzen da. Aldaketa da konstante bakarra. Makrobiotikan lehen printzipioa da unibertsoan fedea izatea. Bizitzak badauka erritmo bat, naturala, guk inoiz hautsiko ez duguna. Guk egin dezakeguna da hori interpretatu, irakurri eta hori ulertuz bizi, medizina txinatar tradizionalak, aiur-vedak, alkimistek, greziarrek edo gure arbasoek egiten zuten moduan. Niretzako oso garrantzitsua izan da hori ulertzea. Guk ezin ditugu aldatu guri gertatzen zaizkigun gauzak. Alda dezakegun gauza bakarra da hori dena bizitzeko modua. Estres gehiagorekin edo gutxiagorekin bizitzea. Orainaldian bizitzen ari garenarekin berdin: gustuko badugu, ehuneko ehunean bizi, hori ere aldatuko dela jakinda, eta kontrakoa bada, apal-apal bizi, hori ere aldatuko dela sinetsiz. Pertsona batzuk erabat blokeatuta geratzen dira zerbait mingarria gertatzen zaienean. Giltzaperatuak bezala. Beren gorputzak aurrera egiten du, baina bere espiritua hor atzean gelditzen da eta horrek arazoak ekartzen ditu. Hori asko ikusten dut nik kontsultetan.

Eta askotan oinazea ezkutatu egiten dugu hori erakustea ez delako polita.

Etxetik, gizartetik eta eskolatik datozkigu estereotipo eta balore horiek guztiak. Eskola batzuetan esaten dute adimen emozionala landuko dutela eta bai, fitxa asko, metodologia eta ez dakit zer, baina gero ez dute ongi aurrera eramaten, garrantzi handiagoa duelako matematika-liburua bukatzeak edo etxerako lanak egiteak. Eskolak ez du erru guztia, halere. Egon beharko ginateke prest gauzak aldatzeko eta askotan ez dugu hori egiten. Aldaketak kostatzen dira eta beti ekartzen dute estresa, gehiago edo gutxiago baina zerbait bai, beti. Beste gizarte eredu baten ametsa izan dut beti eta makrobiotikaren bidez hori ere gauzatzeko aukera ezagutu nuen. Kirola, natura, pertsonak, kulturak, ideia berriak ezagutzea… oso atsegin ditut. Familia ere bai eta pertsonekin hitz egitea, baina gauza sakonei buruz. Barrukoak, sentipenekin zerikusia duten gaiak, ez soilik kontu intelektualak. Gauza asko ditut gustuko, gehiegi agian. Historia ezagutzea ere interesatzen zait. Pertsonengan bada inkontziente indibiduala eta inkontziente kolektiboa eta horrek badu isla gure bizitzan. Euskaldunok asko dugu horretatik. Herri txikia gara eta askotan onak izan gara eta bestetan ez horrenbeste. Gure aurrekoek egindakoak dira gure sustraiak. Gu mami horretatik gatoz, hori dena garrantzitsua da eta askotan ez dugu ezagutzen. Nik gogoratzen dut, adibidez, gaztetan ezker abertzaleko ideologia genuenok beti pentsatzen genuela euskaldunok onenak garela, indartsuak… Estereotipo asko dago. Euskaldunok beste guztiok bezalakoak gara, anitzak, eta nork bere gorabeherak ditu bizitzan zehar. Nik nire makrobiotika garatu dut eta hori da jendeari transmititzen diodana. Hori da orain dudana eta aurrerantzean zer gertatuko den ez dit gehiegi axola.

Nondik dator makrobiotika?

Dena Egiptotik dator. Arte kemikoak guda, astrologia, matematika, medizina eta abar ziren. Txinatarrek, greziarrek eta denek handik edan zuten. Al-kimia, alkimia hortik dator, adibidez. Bizitzan badira bi paradigma edo errealitatea ulertzeko bi modu: holistikoa eta mendebaldarra. Lehenbizikoan zu zara zure bizitzaren arduraduna eta barruak garrantzi handia du. Bigarrenean kanpokoa lehenesten da. Paradigma inperialista da. Horren arabera gauzak lortzeko sufritu ahal duzu, baina gainerakoan ez duzu zertan sufritu behar. Bi bide orokor horiek ditugu aukeran eta norberak erabakitzen du nondik joan. Zoritxarrez sistema, hezkuntza, eskola eta dena paradigma inperialistak gidatua dago gure gizartean. Beti dugu gauzak geureganatzeko joera eta askotan barrukoa ez ikusteko, ez onartzeko, ez lantzeko, kanpoko estimuluetara jotzen dugu. Mintzen gaituenetik ihes egiteko jan, telebista piztu, dirua gastatzera joan edo alkohola eta drogak kontsumitzen ditugu. Horregatik eskola honetan  [Euskal Eskola Makrobiotikoa] gure asmoa da beste paradigma bat dagoela erakustea.

Eskola honetan zer aurkituko dugu?

Garapen pertsonalerako eta makrobiotika ikasketak egiteko gunea gara. Sukaldaritza, tai chi, chi kung, sendabelarren ikastaroak ematen ditugu, baina espazio dinamiko eta irekia izatea nahi dugu. Kontsumitzeko eta bizitzeko beste filosofia bat duen jende guztiarentzako irekia. Urtean zehar makrobiotika formakuntza kurtsoak ematen ditugu eta orain uztailaren 15etik 28ra, Euskal Herrian lehenengo aldiz, 1. mailako Makrobiotika eta Ekialdeko Medikuntza ikastaro trinkoa eginen dugu.

Eta Baratza Kafean?

Naturarekin eta osasunarekin errespetutsuak diren produktuak dastatu ahal dira. Janari eskaintza zabala plater konbinatuekin, pintxoekin, azken burukoekin eta edariekin bai bertan jateko bai etxera eramateko, beti gure zeinuarekin, azukrerik gabe, esnekirik gabe eta haragirik gabe.

Zeren bila etortzen da jendea eskolara?

Mota guztietako jendea etortzen da: gaixotasun larriak dituztenak, argaldu nahi dutenak, haien bizitzan aldaketa nahi dutenak... Berdin dio. Kontua da pertsonari laguntzea bilatzen zer den, zer nahi duen, kalte egiten dioten edo mintzen duten gauza edo tokietatik aldentzen, eta hori dena onartzen laguntzea da gure zeregina. Aldaketa prozesu horretan pertsonak gidatzea ahal den estres maila baxuenarekin, aholkulari makrobiotiko bezala. Aldaketa prozesuetan edo sendabidean beti daude gorabeherak eta gida lana behar da. Bide horretan elikadura osasuntsua, sendabelarrak… primeran datoz. Horrek errazten du bidea, azkartzen du prozesua eta maila energetikoan ere oso gomendagarria da, baina ez dago ezer debekatua. Makrobiotikan dagoen muga bakarra zuk jartzen duzuna da.

Euskaldunok errazago hurbiltzen gara?

Denetarik dago. Euskaldunok hobeak garela dioten sinesmen horiek burutik kentzen saiatzen naiz ni. Euskaldunok duguna da gure inkontziente kolektiboan daukagun joera ideologikoa. Erraztasuna dugu ideiak barneratzeko eta aurrera eramateko. Onak gara obeditzen. Ez gara horren independenteak. Makrobiotikaren mugimendu hau naturarekin oso harreman estuan dago eta euskaldunok bai, herri bezala oraindik ere naturarekin harreman hori mantentzen dugu eta agian horregatik errazago dute gerturatzea. Sendabelarrak ezagutzea eta erabiltzea, adibidez, oso bide ona da sustraiekin berriro kontaktua hartzeko. Hor informazio asko dago. Gure benetako ohiturak dira horiek. Gauza bat da euskal tradizioa eta beste bat, oso bestelakoa, euskal kultura. Sagardotegiak gaur egun, adibidez, kontu kulturala dira, baina ez tradiziozkoa.

Nortasun Agiria

Egoitz Garro, aholkulari makrobiotikoa, Altzan (Donostia) jaio zen 1976ko otsailaren 14an eta gaur egun Lekunberrin bizi da. Arraunlari eta irakasle zebilelarik, 25 urterekin krisi existentzial latza izan eta makrobiotikan bilatu zuen laguntza. Harez geroztik gero eta gehiago joan da sakontzen eta ikasten.

Elikadura makrobiotikoan espezializatu da, baina baita masajean, akupunturan, erreflexologian, chi kung-ean, meditazioan eta arnasketa terapian ere. Duela hiru urte, bazkidearekin batera, Euskal Eskola Makrobiotikoa sortu zuen. Urte horretan Denontzako makrobiotika liburua plazaratu zuen, euskaraz egin den lehena eta, oraingoz, bakarra. Orain berriki hurrengo pausoa eman eta Iruñeko Arrotxapea auzoan Euskal Eskola Makrobiotikoaren egoitza berria zabaldu dute eta, horrekin batera, Baratza Kafea.

Ariketa

“Ariketa bat nor eta nolakoa zaren ezagutzeko eta onartzeko: jar zaitez ispiluaren aurrean biluzik eta ukitu, laztandu zaitez eta hori egiten duzun bitartean kontziente izan eta onar ezazu hori zarela, horrelakoa zarela orain arte egindako guztiarengatik. Ukitu, kontakturik gabe ez baitago espresio sakonik”.
 

Espiritualitatea

Espiritualitatea
“Espirituala izateak ez du esan nahi erlijiosoa izatea. Erlijioaren bitartez bere espiritualitatea lantzea lortzen duena, primeran. Hori errespetatu egin behar da, bakoitzak bere sinesmenak dituelako. Niretzako espirituala izatea da onartzea badaukagula gorputz fisiko-energetikoa, psikikoa eta espirituala, eta hirurak landu behar direla”.

Pertsona askeak
Off the record

Elkarrizketan zehar ez dakit nork egin duen galdera gehien: nik Egoitzi edo Egoitzek niri. Pentsarazle ona, ezbairik gabe: “Norbait ezagutu al duzu zuk, hilzorian dagoela, kezkaturik Interneterako konexiorik dagoen ala ez? Nor kezkatzen da halako gauzengatik une horretan? Normalean pertsonak arduratzen dira dauzkaten arazoak konpontzeaz eta gauza guztiak lotuta uzteaz. Zergatik ez dugu gauza horietaz gehiago hitz egiten bizirik gaudenean? Zergatik ez digute erakusten hori gehiago lantzen? Oso erraza: heziko bagenitu pertsona askeak, autokritikoak, indartsuak, independenteak… goian daudenek jai izango luketelako. Onena da beldurra duten ardiak haztea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


Eguneraketa berriak daude