argia.eus
INPRIMATU
Balkanetatik dator udaberri politikoa

Asier Blas Mendoza @AxiBM 2013ko uztailaren 03a

Politikoki udaberria izan ohi da mobilizazio eta protesta garai aproposenena. Aurten ere ez du huts egin, eguraldia bezala berandu, baina iritsi da. Oraingoan txinparta Balkanetatik datorkigu, Istanbuletik. Gezi parkea defendatzeko protestak Turkiako Estatuak ohituta gauzkan errepresio lazgarriarekin erantzun zituen. Ondorioz, espero gabeko occupy (espazio publikoen okupazio) estiloko protesta mugimendu bat jaio da.

Turkiako mobilizazioa konplexua da, halere, ez da salbuespena. Occupy mugimendu guztien atzetik askotariko diskurtsoek bat egin dute sistema politikoaren edota ongizate krisiaren kontra. Turkian Erdogan lehen ministroa dago begitan hartuta. Bere lidergopean jarri zen martxan islamdar-demokraten proiektu erreformista: demokratizazioa, neurri neoliberalen ugalketa eta nazioartean eragin esparru otomandarra berreskuratzea.

2003an Erdoganek kargua hartu zuenetik, Turkiak hazkunde ekonomiko nabarmena izan du eta nazioartean aktore garrantzitsuagoa bilakatu da. Arrakasta horien ondorio da Erdoganen alderdiak (AKP) hauteskundeetan izan duen gorakada: 2002an botoen %34,28, 2007an %46,66 eta 2011n %49,83. Baina, bere indarra zabaldu ahala, Erdogan lotsa galduz doa. Politika kontserbadore eta erlijiosoei bultzada emanez sektore laizistak haserretu ditu, eta orain, autoritarismo salaketek lur zorua topatu dute 2014an indarrean sartuko den Konstituzio berriari esker. Turkia sistema presidentzialista izatera pasatuko da, beraz, Erdoganek postua lortuko balu boterea gehiago zabaldu ahal izango luke.

Bestalde, nazioarteko politikan Erdogani kontraesanak azaleratu zaizkio Israelekin eta Siriarekin. Halere, bere eragina zabaldu duenik ezin uka daiteke. Albanian hauteskundeak egon dira eta kanpainan Erdoganen aldeko eta kontrako manifestaldiak egin dira. Bulgaria eta Bosnia-Herzegovinako kolonia ohietan mobilizazioak ere izan dira. Baina, kasu horietan, barne gaiak izan dira protestak bultzatu dituztenak. Bulgarian hilabeteak daramatzate ustelkeria politikoa eta txirotasuna salatzen, Bosnian, aldiz, berria da fenomenoa.

1977tik Jugoslavian jaiotako ume guztiei hamahiru zenbakiko identifikazio pertsonalerako kode zenbaki bat (JMBG) esleitzen zaie. Honekin tramite administratiboak egin eta pasaportea eska daiteke. Egun Jugoslavia ohiko herrialde guztietan dago indarrean, Kroazian izan ezik, horretan 2009an aldatu egin zuten. Kontua da parlamentariek (gehiengoa bosniar musulman nazionalisten eta bere aliatuen esku), kroaziar jokaldi nazionalistari jarraiki, JMBG kodea baztertu eta berria onartu zutela. Baina, erantzun gisa, bosniar-serbiar nazionalistek legearen aurkako helegitea jarri zuten Bosniako Errepublika Serbiarrarentzat berezko kode berezitua nahi zutelako. Auzitegi Konstituzionalak kode berriaren aplikazioa suspenditu egin zuen. Ondorioz, jaiotako umeek ez dute inolako zenbakiren esleipenik jasotzen erakunde desberdinen artean adostasun batera iritsi arte. Hutsune horrengatik, oso larri zegoen hiru hilabeteko ume batek ezin izan zuen Alemaniara bidaiatu sendatzeko. Azkenean, protestak tarteko, lortu zuen pasaportea baina antza beranduegi, hil da eta. Bitartean, protesta mugimendua zabalduz doa Bosnian. Nazionalismoen arteko borroken aitzakiapean, bizi duen ustelkeria eta paralisi politikoa salatu ditu mugimenduak. Udaberri politiko berantiar baina beroa da Balkanetan.