argia.eus
INPRIMATU
Gurutzatua alemaniar erara

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko ekainaren 27a
Gurutzatuak turkiarren aurka borrokan. Miniaturan biktima guztiak turkiarrak dira eta haien gorpuak txikituta ageri dira. Gudua amaitzean, teutoiek gauza bera egiten zuten beren hildakoekin, baina arreta eta maina handia jarrita.
Gurutzatuak turkiarren aurka borrokan. Miniaturan biktima guztiak turkiarrak dira eta haien gorpuak txikituta ageri dira. Gudua amaitzean, teutoiek gauza bera egiten zuten beren hildakoekin, baina arreta eta maina handia jarrita.www.middle-ages.org.uk

Clermont (Frantzia), 1095. Eliza katolikoaren kontzilioan, Urbano II.a aita santuak sinesgabeen aurkako borrokan bat egiteko deia egin zien kristau guztiei. Lehen Gurutzadara deitu zituen, alegia.

Hilabete batzuk lehenago, Alexo I.a Komneno bizantziar enperadoreak enbaxadore bat bidali zuen aita santuarengana, turkiar seliuzidak mendean hartzeko laguntza eske. Urbano II.ak gurutzearen zutoihalaren babesean kristaudi osoa batzeko aukera bikaina ikusi zuen, bizantziarrek galdutako lurraldeak errekuperatzeaz gain, kristau ejertzitoak Lur Santura eraman eta Jerusalem berreskuratuz.

Frantziaren eta Germaniar Inperio Santuaren gidaritzapean, zaldunek, soldaduek eta herritar xehe askok bat egin zuten “Jainkoak hala nahi du” lelopeko kanpaina itzelarekin; batzuk kristau fanatikoak ziren, beste batzuek ez zuten nora joan eta Gurutzada harrapakina lortzeko aukeratzat zuten. Azkenean, migrazio masibo eta arrakastatsua bihurtu zen. 1099an, aita santua hil zen urte berean, Jerusalem konkistatu zuten. Baina gudu-zelaian hildakoen kopurua izugarria izan zen, eta ez zen erraza guztien –edo, behintzat, pribilegiodunen– azken nahia betetzea.

Familia nobleko zaldun gehienek, hilez gero, beren gorpua sorterrira eraman zezaten eskatzen zuten. Baina  garai hartako azpiegiturak eta osasun eta higiene baldintzak kontuan  hartuta, dozenaka gorpu milaka kilometrotan garraiatzeak ez zirudien oso komenigarria.

Germaniar Inperio Santuko zaldunek arazoa konpontzeko errezeta topatu zuten. Horrela deskribatu zuen Buoncompagno   da Signa XIII. mendeko historialari italiarrak Mos Teutonicus (hileta alemaniarra) delakoa: “Atzerrian hiltzen badira, alemaniarrek goi mailako zaldunen gorpuei erraiak erauzten dizkiete, eta gainerako gorpuzkinak, laurdenkatuta, pertzetan irakiten uzten dituzte luzaroan. Haragia, tendoiak eta kartilagoak hezurretatik bereizten dituzte. Ondoren, hezurrak ardo lurrindutan bustitzen dituzte eta espeziatan hautseztatzen. Eta, azkenik, etxera eramaten dituzte”. Hala, infekzio gune astunak zirenak, bidaia-lagun atsegin bihurtzen zituzten: garraiatzen errazak ziren, eta usain goxoa zuten, gainera.

1300ean, sukaldaritza jarduera bitxiaren praktikotasunari muzin eginez, Bonifazio VIII.a aita santuak De Sepulturis bulda promulgatu zuen: eskumikuaren azpian, debekatua zegoen gorpuak laurdenkatzea eta egostea, hezurrak eta haragia bereizteko. Baina, ordurako azken gurutzada amaitua zen ordea, eta zaldun teutoien hezur garbiak, aspaldiko atsedenean.