«Gazteek ez dute euskararen gaian arduratzeko beharrik ikusi»

Azkoitia euskararen arnasgune izanda ere, pitzadurak daudela diozue. Zein da zuentzako garrantzitsuena?

Karmen Irizar: Oso herri euskalduna izanda ere, hizkuntzari etekin handiena aterako dion taldea, hiztun osoena, txikia da. Horrek esan nahi du ezkutuan geratu daitekeela beste komunitatearen aurrean, edo bere lanak nolabaiteko eragina izateko ikaragarrizko lana egin behar duela, eta hor erraza dela nekatzea edo bakarrik sentitzea. Talde hori trinkotu beharko genuke eta elkarrekin gauzak egiteko bideak hasi.

Eskolako euskalduntzearekin egoera hobetzen joan daiteke?

Naroa Olalde: Pentsatu dugu hori nahikoa izango dela, baina ez da. Nahiz eta ikasketa prozesu guztia euskaraz egin, lanean askok ez dute aukera izaten, eta konturatu orduko erdaraz dabiltza. Ikasketak euskaraz egiteak ez du esan nahi dena eginda dagoenik.
K. I.: Pentsatu dezakegu D ereduan ikasi duen pertsona batek Berria irakurriko lukeela, baina ez da horrela. Gainera, gaztelaniazko eta ingelesezko erreferenteak dira nagusi, nolabait beraien elikagai kultural nagusia ez dator euskaratik. Etorkizunean erdaratik eta ingelesetik edan duen jendeak zer planteamendu egin dezake hizkuntzaren bueltan?

Euskal Herrian irla bat da Azkoitia. Hala ere ezkor zaudete?

N. O.: Askotan esaten da, hemen euskaldun asko garela baina euskaltzale gutxi. Beste herri batzuetan euskaldun gutxiago egon arren euskaltzaletasuna badago. Hemen ez dugu ikusten kezka bezala.
K. I.: Pentsa daiteke: “Egia da hobetzeko gauzak daudela, baina beno, ez gaude Gasteizen bezala, ez gaude Balmasedan bezala”. Pixka bat lasaitu egin gara, eta erraza izaten da pitzadurak zabaltzen joatea. Horren aurrean hurrengo belaunaldia formatzeko aukera daukagu, eta eragin dezakegu eurengan, orain badakigu zer landu.

Alde handia ikusi duzue belaunaldien artean?

Mailu Irizar: Kontzientziaren kontua, esaterako, talde denetan aipatzen da, baina bereziki 60 urtetik gorakoen taldeetan. Seguru asko bizi izan zuten egoeragatik. Gazteei ez zaie hori transmititu. Natural bizi dute gaia.
K. I.: ETB dago, Euskadi Gaztea... Gainera, gai honen inguruan ez dute arduratzeko beharrik ikusi. Kultur sorkuntzaren arloan ere badago aldea. Nagusienek Laboa, Benito Lertxundi... aipatu dituzte, eta gazteek ez; euren garaira mugatu dira. Lanketa egin beharko litzateke, kultura ez delako momentuan momentuko sorkuntza bakarrik; hona heltzeko orain arte egon dena ezagutu behar da.

Ondorioak esku artean, zer pauso eman behar dira orain?

K. I.: Bi puntuk eduki beharko lukete lehentasuna: Hiztun osoen kopurua haztea eta hizkuntzaren inguruko diskurtsoa osatzea eta zabaltzea. Horretarako ikastetxeen, euskalgintzaren eta erakunde publikoen elkarlana behar da.
M. I.: Irakasleon artean formazioa zabaltzea beharrezkoa da. Herriko bi ikastetxeetako irakasleak ezagutzen ditut eta esango nuke ehuneko ehun beste diskurtso batekin ari direla. Erakutsi beharrekoa da soziolinguistika.
N. O.: Eztabaida taldeetan argi ikusi da euskararen aldeko jarrera oso ona dutela denek, baina portaeran hori aldatu egiten da. Zergatik? Nahiko diskurtso ez dagoelako horri erantzuteko. Euskaraz hitz egiten erosoago sentitzeko tresnak behar ditugu.

Badira lau urte aldizkaria eten zenutela. Baduzue komunikazio proiekturik esku artean?

K. I.: Paperezko aldizkaririk ez dago, eta ez da egongo, diru kontuengatik eten zen. Orain badago mugimendua Euskal Herrian; Hekimen, Tokikom... Hortik planteamendu interesgarriak etorri daitezke. Guk bakarrik sortzea zaila dago, baina iruditzen zait epe ertain baten Euskal Herri mailako komunikabideen sare indartsua egon litekeela.
N. O.: Maxixatzenek aldizkaria egiteari utzi zionetik beste era bateko prozesua bizi izan du. Ikerketan, ondorio bat izan da etxe denetara sartuko den euskarazko hedabide batek lekua eduki behar duela. Azterketaren bidez, euskara elkarteak zein eginkizun izan behar dituen eta herrian zein hutsune dauden ikusi nahi izan dugu.
K. I.: Lehen aldizkaria helburua zen, eta orain tresna izango litzateke. Orain argiago daukagu zertarako beharko genukeen.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude