ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a
Javier Etxebeste

"Hizkuntza txiki bateko hiztuna izateak abantaila asko ematen du enpresa munduan"

  • “Mister Yahoo!” izandako enpresari eta ekintzaile euskaldun eta kementsu ezagunak igerian darrai Interneteko negozioen itsaso zabalean. Orain “Mister Nestoria” dena negozioez, Interneten erronkez eta nazioarteko enpresa munduan euskalduna izatearen abantailez mintzatu zaigu.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2013ko maiatzaren 12a
Dani Blanco

Urte gutxian gauzak asko aldatu dira Internet bidezko negozioetan?

Funtsean ez dut uste horrenbeste aldatu direnik oraindik. Egia da garatu dela eta egunerokoan jarduera normalagoa dela, baina ez da horren desberdina. Negozioaren ikuspuntutik, adibidez, gauza bera gertatzen da behin eta berriz: hiru-lau urtero jokalari berri bat sartzen da, dena birdefinitzen duena. Yahoo, Google, Myspace, Facebook, Twitter… edo duela pare bat urtetik hona, Foursquare. Egia da, bestalde, gaur egun enpresa berriak egiteko aukera murriztu egin dela arlo askotan. Badira lau jokalari handi ekosistemari oxigenoa kentzen diotenak: Apple, Google, Amazon eta Facebook. Horiek markatzen dituzte, neurri handi batean, sareko arauak.

Google guztiz ahalduna?

Orain jada ez da, nire ustez, duela sei edo zazpi urte izan zen konpainia arrakastatsua. Ez dauka lehen zeukan talentu berriak erakartzeko gaitasuna. Ingeniari onek Googletik alde egiten dute.

Eta nora doaz?

Enpresa berriak sortzera, Facebookera, negozioa garapen fase desberdinetan dagoen konpainietara… Hori da interesgarriena Interneten, bi-hiru urtero dena birdefinitzen dela.

Aldaketak maite dituzu zuk.

Bai. Zalantzarik gabe. Nik uste dut lanari ekiterakoan bi ardatz nagusi daudela: lehena da norberak bilatu behar duela bere karreraren garapena. Geu gara gure bizitzako gerenteak eta horrela hartzen ez badugu gaizki goaz. Bigarren ardatza da egun dagoen egonkortasun falta. Gaur egun iraultza industrialean izandako putzu antzeko batean gaude. Uste dut munduak aurrera egingo duela, baina hori bai, XIX. mendean bezala,  jende pila joango dela langabeziara, industrializazio eredu berri bat ezarri arte. Aldaketa fase hori pasa egin behar da. Horretan baikor naiz baina ez horrenbeste gizartearen kultura eta baloreei doakienez. Uste dut arlo askotan ahuldu egin garela eta konformistak egin garela. Bi adibide oso esanguratsu: jende gazte askok izan nahi du funtzionario. Eredu hori nahi du bere bizitza eraikitzeko, arriskurik hartu gabe. Eta okerrena da gizartea bat datorrela horrekin.

Besteek asma dezaten…

Euskal Herrian betidanik izan dugu bai hemen, baita kanpoan ere, asmatzaile eta abenturazale asko mundua garatzen eta bere mezuak zabaltzen. Baina gazteei begira ez naiz oso baikor. Mundu digitalean normala da gazteak ibiltzea, baina gaur egun enpresak sortzen eta ideiak garatzen ez daude logikoa litzakeena bezainbeste. Hemen gure inguruan dauden gehienak 35 urtetik gorakoak dira, salbuespenak salbuespen. Hori hemendik kanpo desberdina da. Londres horren adibidea da. Kanpoko ekintzaile asko biltzen dira hiri horretako merkatura eta finantzazio bideak eskaintzen ditu. Eta nahiz eta profesional onak kontratatzeko lehia handia egon oso soldata handiak ordaindu behar direlako, egoera hemengoa baina hobea da, biziagoa. Hemen demokrazia hasi zenetik, soziologikoki eta politikoki, ematen du aurrera egiteko erantzukizuna gobernuarengan uzten dela. Joera nagusi horretatik kanpo gelditzen dira hamaika traba izan dituzten zorioneko ekimen batzuk, euskaldunen komunitatearena Nafarroan, adibidez. Eta horrek indartsu egin du. Haizearen kontra joaten ohitua dagoenak gero errazagoa du bizitzan eta munduan ibiltzea. Horretarako norberaren buruarekiko konfiantza, gogoa eta grina behar dira eta, tamalez, gaur egungo gazteek prestakuntza handia badute, baina jarrera hori falta zaie.

Krisi garaia, aukera garaia dela esaten digute hamaika aldiz.

Eta hori esaten duten hamarretik bederatzik ez dute ezer arriskatzen. Hori esaten dute soldata segurua poltsikoan dutela. Nik uste mundu berri bat datorrela. Zaila izango da, normalean botereak ez dituelako aldaketak baketsuki onartzen. Bistan da gaur egun edozein instituzioren ordezkaritza oso eskasa dela. Berdin zait alderdi politikoak, sindikatuak edo Eliza izan. Eskema berri batzuk sortzen ari dira pertsonak beren buruaren ordezkari izateko. Baliabide berriekin jendeak uneoro bere iritzia emateko gaitasuna du. Horrek parte-hartze zuzena ahalbidetzen du. Egunero ikusten dugu alderdi politikoak, esate baterako, jendearen interesen gainetik beren interesen alde ari direla, eta hori aldatu egin behar da eta aldatuko da.

Ziklo berri batean gaude eta horregatik, oraingoz, ia ondorio txarrak besterik ez dugu ikusten. Ingelesezko esaera batek dio “etorkizuna hemen dago” eta egia da, gertatzen dena da ez dagoela berdin sakabanatua munduan. Alde horretatik enpresa txikiek abantaila dute. Argia aldizkari hau edo Iruñeko Euskalerria Irratia izan daitezke horren adibide onak: barne kohesio handia dute eta aurrerapauso handiak egiten ari dira, besteak beste, mundu digitalean. Komunikazio enpresa handietan hori dena askoz motelago mugitzen da, jende gehiago dagoelako eta denek haien eskubide historikoak mantendu nahi dituztelako.

Teknologia berriek mesede egiten diote euskarari?

Noski. Internetek eragiten duen elementu handiena desintermediazioa da. Hau da, bitartekaritza ezabatzen du. Sortzen dutenen eta kontsumitzen dutenen arteko zerbitzuen zubia izugarri murrizten du. Zerbait kontsumitzeko borondatea badago, Internetek bidea ematen dizu hori lortzeko. Aukeren kopurua ere izugarri handitzen da, beraz, errazagoa da zure zerbitzua eskaintzea baina zailagoa kontsumitzailea aurkitzea. Nik uste dut euskarak bi erronka horien artean jokatu behar duela eta, zentzu horretan, dinamizazio soziala oso garrantzitsua da Internetetik kanpo. Konfiantza eta ohitura errazago eraikitzen dira mundu fisikoan, eta mantendu edo hazi aldiz, mundu digitalean.

Bezeroenganako eta lankideenganako konfiantza eta ohitura landu egin behar dira. Yahoo!k duela gutxi iragarri zuen telelana murriztu duela harreman hori areagotzeko.

Hala da, bai. Nik uste dut konpromisoaren bila doazela. Zuk konfiantza duzu pertsona horiek beren lana beteko dutela, baina enpresarekiko konpromiso ahalik eta handiena eraiki nahi izanez gero, presentzia fisikoa ezinbestekoa da. Dena den modeloak ez dira erraz definitzen eta egoera bakoitzean pertsona bakoitzarekin nola lan egin erabaki behar da. Frikzio gehiegi txarra da eta frikzio ezak ez du mugimendurik sortzen.

Zuk zerorrek ere lankideenganako harreman zuzen hori bermatzen duzu. Bilbo eta Londres artean bizi zara. Astea nola antolatzen duzu?
Astelehenetik asteazkenera Londresen egoten naiz. Orain arte ostegunera arte izaten nintzen han, baina orain nire emazteak bi egun Bilbotik kanpo ematen dituenez nik etxean egon behar dut hiru seme-alabekin.

Iruindarra sortzez, familia gipuzkoarra eta sakandarra jatorriz, munduko hamaika herrialdetan bizi izan zara… Zergatik Bilbo bizileku?

Emazteak aukeratu zuen. Madrildarra da, Madrilen gustura bizi ginen baina nik nahi nuen gure seme-alabak euskaldunak izatea. Alaba nagusia txikia zenean saiatu nintzen Madrilen haur eskola euskalduna antolatzen baina ez nuen arrakastarik izan eta hona etorri ginen bizitzera. Harremanak ditugu hiri guztiekin, Iruñea, Gasteiz, Donostia… baina emazteak Bilbo aukeratu zuen oso ongi komunikatua dagoelako eta momentu horretan berpizten ari zen hiria zelako. Egia esan oso kontent gaude. Nire itzal bakarra Bilboko euskararen egoera da. Seme-alabak euskaldunduko zirela uste nuen, baina ikusten dut euskaldun giroan bizitzea hemen Iruñean bezain zaila edo are zailagoa dela. Hori da nire frustrazio bakarra. Euskaldunok euskaraz bizitzeko benetako gogoa eta grina izatea da gure erronkarik handiena. Guk egin behar dugu gurea. Ez dut uste inork etorri behar duenik horretan laguntzeko. Ez dut hori sinesten enpresa munduan ezta euskarari dagokionez ere. Nire gazte garaian zegoen euskaldun izatearen harrotasuna falta da gaur egun.

Txapela buruan eta ibili munduan?

Atsegin zait Bilbon bizi eta Bilbotik kanpo lan egitea. Azkenean askoz askeago naiz pentsatzen dudana esateko eta gobernua, alderdi politikoak, enpresariak edo sindikatuak kritikatzeko. Etorkizuna munduan zehar eraikitzen dut, baina zoritxarrez, gure gizartean, zure negozioa eraiki nahi baduzu, esklabo egiten zara. Burujabetasunaren kontzeptu estatikoaz harago, niretzat burujabetzea zerbait dinamikoa da. Gure burujabetzea izango zen gure gizartea eta gure negozioak hemen sortzea, mundu osoan saltzeko. Hori da, hain zuzen ere, orain nire erronka: Euskal Herrian negozio bat sortzea. Ez da erraza. Porrot batzuk izan ditut, baina ikasi egin behar da. Porrota izateko eskubidea badugu, baina ez ikasteko ez.

Euskaldunak, tratulari onak?

Euskalduna izateak honetan  laguntzen dizu, zure ingurukoengandik desberdina izatera ohituta zaudelako. Besteei entzutera ohituta zaudelako. Herrialde berri batera zoazenean ere, entzutera zoaz. Hizkuntza handiko herrialdekoak, aldiz, hitz egitera doaz. Jarrera eta negozioak eraikitzeko aukera ikusten diot nik honi. Ez da batere erraza ingeles batentzat Indian negozioa irekitzea herriko jende arruntarekin, eta niretzat erraza izan da. Indiar batek ez du inoiz ezetz esaten seguru aski urtetan eta urtetan gizon zuriarekiko bere harremana mendekoa izan delako. Baina zu entzutera bazoaz, galderak egitera eta pazientzia pixka bat edukita, gauza asko egin dezakezu.

Hinkuntza txiki bateko hiztuna izateak abantaila asko ematen du mundu mailako enpresa munduan. Ni Yahoo!n nengoenean telefonoz edonora deitu eta mundu guztiak gogo biziz hartzen ninduen gure proposamenak aditzeko. Orain Indiara Lokkutik deitzen dudanean ez naiz inor eta horrek beste jarrera eta gaitasuna ematen dizkizu. Harrotasuna eta umiltasuna eduki behar dituzu aldi berean. Euskarak, ondo kudeatuta, zentzu askotan jarrera egokiak izaten laguntzen dizu.

Lehen Yahoo!n, Pepsin eta beste enpresa askotan aritu zara. Orain Nestorian. Zertan datza zure lana zehazki?

Aukera teknologikoak negozio bihurtzea da nire erronka. Egin nahi duzun negozioaren bisioa zure lankideei eta inbertsoreei jakinaraztea da lehen urratsa. Eta gero helburu horiek betetzen saiatu behar duzu edo gerturatu, behintzat. Gauza bat da hitz egitea eta bestea egitea. Interneten audientzia handiagoa da negozioa baino. Erronka da audientzia horri nola atera dirua. Nola bihurtu audientzia hori diru.

Nestoria etxebizitzen alorreko bilatzaile bertikala da. Zer da hori?

Bilatzaile batzuk orokorrak dira. Edozein gauza bilatzeko balio dute. Bilaketa gehienak bost kategoriatan sartzen dira, sexua alde batera utzita: bidaiak, produktuak, berriak, finantzak eta bilaketa lokalak. Bilatzaile bertikal batek soilik arlo bateko bilaketak egiten ditu. Gu ez gara inmobiliaria bat. Gure bezeroak atari inmobiliarioak dira eta guk eskaintzen dieguna da datu base batean haien datuak jarri ahal izatea. Era honetara kontsulta egin nahi duenak toki bakar batean aurkituko du dena: erosteko edo alokatzeko etxebizitzak eta baita bakoitzaren inguruan zer zerbitzu dauden (eskolak, garraioak, aisialdirako eskaintzak eta abar). Alemanian, Erresuma Batuan, Espainiako Estatuan, Frantzian, Brasilen, Indian eta Australian ari gara lanean. Negozioa ondo doa, nahiz eta egonkorra ez izan. Inmobiliarien mundua ez dago une onean. Une honetan burbuila handi bat dago Brasilen eta Indian. Estatuan ere oraindik eraikin berriekin egiten da lanik handiena. Transakzioen erdia etxebizitza berriak izan ziren iaz, eta aldiz, Alemanian edo Ingalaterran ehuneko 10 baino gutxiago.

Gazte askok hemendik ateratzea dute buruan. Zer esanen zenieke?

Nik ere emigratu nuela. Madrilen, Estatu Batuetan, Holandan, Ipar eta Hego Ameriketan, Asian… Hamaika tokitan bizi izan naiz. Bidaiatzea ondo dago. Ikasten duzu eta konfiantza ematen dizu. 28 urte banitu Brasilera edo Txinara joango nintzateke, han gauza asko egiten ari direlako. Mugimendua ekialderantz doa. Ikusi nahi ala ez, horrela da. Horrek ez du esan nahi bizitza osorako zoazenik. Gainera bizimoduak eta mugitzeko aukerak izugarri aldatu dira. Gaztetxo nintzenean aita bizpahiru urtez Madrilen egon zen lanean. Autoz egiten zuen bidaia eta horregatik hamabostean behin etortzen zen etxera. Yahoo!n nengoenean nire nagusi bat Madrilen bizi zen, familia Kanadan zuen eta astero joaten zen. Munduaren distantzia eta denboraren kontzeptuak asko aldatzen ari dira. Nik seme-alabak munduan zehar lehiakor izateko hezten ditut. Horretarako tresnak eman behar dizkiet: sustraiak, hizkuntzak, heziketa eta horretan euskara oso garrantzitsua da beren ikuspuntu propioa izateko. Beraz, ingelesean trebatu eta mundura. Atera zaitez, ikusi, ikasi eta gozatu. Ez egon etxean zure arazoak konpontzera kanpoko inor etorriko den esperoan. Gaztea zarenean egin behar duzuna ate kopuru ahalik eta handiena zabalik mantentzea da.

Nortasun agiria

Javier Etxebeste Otegi, Iruñean, 1961eko abenduaren 3an sortua. San Fermin ikastolako lehenbiziko promozioko kidea da. Bere gurasoak lehen ikastolen aldeko sustatzaile taldean aritu ziren sutsuki. Batxilergoa jesuitetan egin ondoren Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Euskadiko Kutxaren Ikasbide programan parte hartu zuen lau urtez Lizarrako enpresa bateko zuzendari moduan. Master bat Estatu Batuetan egin eta gero, Madrilera joan eta hainbat arlotan aholkularitza lanak egin ostean Interneten mundura egin zuen jauzi 1999an. Yahoo! Iberia-ko zuzendari aritu zen lehenbizi, ondoren Europako Bilaketa, Direktorioak eta Merkatuetarako arduradun, harik eta 2005ean enpresa utzi zuen arte, negozio propioa abiarazteko: 2006an Lokku LTD sortu zuen beste ekintzaile batekin. Egun hamabost kide dira eta Nestoria etxebizitzen alorreko bilatzailea kudeatzen dute Europako hainbat herrialdetan, Australian, Brasilen eta Indian.

Azken hitza
Enpresaria

“Ekintzaile eta enpresaria naiz. Eta enpresariaren defendatzaile handia, gainera. Komunikabideetan ematen duten enpresariaren irudia ez dut onartzen. Enpresari horietako askok ez dute ezer sortu, herederoak dira edo kudeatzaile hutsak. Horregatik ez dute batere zilegitasunik enpresarien izenean hitz egiteko. Eta sindikatuez ere gauza bera esan daiteke. Gaur egun, oro har, fluxu finantzarioen inguruan irekitzen da negozioa. Nik ez dut halako eredu enpresariala defendatzen”.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Internet

Internet kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude