argia.eus
INPRIMATU
Artea zer den
  • Aritz Gorrotxategi: Zer da artea?

    Meettok, 2013

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko apirilaren 24a
Meettok argitaletxeak Lev Tolstoi idazlea eta hark arteaz idatziriko Zer da artea? saiakera hartu ditu abiapuntutzat, kulturaz solas egiteko. Saiakeraren gaineko hautaketa lanak osatzen du liburuaren lehen zatia eta Aritz Gorrotxategik egina da. Baita itzulpena eta hitzaurrea ere. Liburuaren bigarren zatian Tolstoiren testuez, gogoetez eta arteaz dihardute Gorrotxategirekin, Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok eta Andoni Egañak.
Tolstoik bere obrarik entzutetsuenak –Gerra eta bakea eta Ana Karenina eleberriak– gaitzetsi egin zituen saiakera honetan, arte faltsua direlakoan. Halaber, Dante, Shakespeare, Goethe, Beethoven edo Baudelaire egile klasikoen lanez ere beste horrenbeste esan zuen. Tolstoiren ustez, artea sentimendu baten transmisioa da, eta gizakien senidetasuna behar luke helburu.
1898. urtean eman zuen argitara Zer da Artea?, baina hura baino lehentxeago dagoeneko aurreratuak zituen zenbait ideia. Tolstoiren ustez, zientzia eta artea herriaren gehiengo langileak bizi zuen miseriaren errudun ziren, eta garai bateko kasta menderatzaileen lekuan (Eliza, Estatu, Armada) eroso jartzen hasiak ziren berekoikeriaren apologia egiteko.
Artea subjektibotasunaren eremutik ateratzea zen Tolstoiren helburu nagusia.