argia.eus
INPRIMATU
Hausnarra galdu gabe
2013ko apirilaren 25a
Pasmobelarraren (Anagallis arvensis) lorea
Pasmobelarraren (Anagallis arvensis) loreaTeun Spaans-CC By 2.5

Lau landare behar ditut euskaldunok gurgai genituzkeen hamahiruen zerrenda osatzeko. Batzuek irauten lagundu digute: jaki, materialetarako... Eta beste batzuek bizitzen: espiritualitatea osatzen... Denetatik behar izan dugu. Baita gorputza osatzeko ere. Facebookekoaz gain ere laguna dudan Edortak berbena (Verbena officinalis) proposatzen dit sendabelarren ordezkari. Enborra laukia duen belar zoragarri horren zale amorratua banaiz ere, sendabelarren artean baditut kuttunagoak, adiskidea.
Pasmobelarra bat, Anagallis arvensis. Inguruan harrapatzen dudan guztia bildu, lehortu eta jasotzen dut, urtea joan eta urtea etorri; eta urtero bukatzen zait pila, eske izugarria du. Gure inguruan sendabelar miretsiena da. Bere izena esateak soilik sendatuko zaituela dirudien horietakoa da. Sorginkeria. Eta halaxe da: infekzioa baduzu, hiru egunez baraurik bere ura hartu. Laster igarriko dituzu zorneak eta pasmoak ihesi.
Malba, Malva sylvestris, ere kuttunen artean dut. Gure amonak atari aldamenean bazuen beti bateren bat, sendabelar. Jaki goxo ere bada, hosto berriak entsaladatarako eta loreak nolanahi. Hausnarra galdu duen aziendak, beharrezkoa duen jatenaren atzera-aurrerako hori berreskuratu dezan malba ematen zaio. Landare honen eta gure kulturaren arteko antzeko makina bat traturen lekuko, kolonizatzailearen latinezkoaz gain ditugun izenak dira: ziga, zigi, ziguin...
Arto guztien ordezkari bat ere aukeratu behar eta neuretzat garia, Triticum spp. Artoa hitza grekoa da, eta oinarrizko ogi edo jaki esan nahi du. Euskaldunok oinarrizko jaki ugari izan dugu (hur, ezkur, gurbe, sagarmin...) baina irindu eta orantzaz hartzitu ondoren ogi bihurtu ditugunen artean garia izango da seinalatuena. Artatxikia, Panicum miliaceum, eta artoa, Zea mays, mitikoen baimenarekin, edo gabe.
Eta euskaldunok Asiako kultura aurreratuekin dugun zorra azalduko duen landareren bat jarri gabe ezin bukatuko dut, ezta? Gure baratze, soro, ganbara zabal eta sabel bete dituzten landare gehienak eta horiek lantzeko erak haiengandik jasoak ditugu. Eta bakarra aukeratze aldera baratxuria, Allium sativum; edo hobe esanda baratxuritarrak, Allium spp. Gure amonaren baratxuri-zopa zailetik, Mugaritzeko edozein jaki sinpleenera; edo neronen sagardozko legatza sonatuaren saltsa loditzaile. Baratxuria, jauretsia.